18 MAI 2020 JOPUNTUA Hitzen ondoeza Oihane Zabaleta Tokiko garapeneko teknikaria Alain Touraine soziologoak aspaldi frogatu zuen Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren ere, gerra-baldintzek legitimatu egin zutela estatuek pertsonen bizitzak erregulatzen jarraitzea. Horretara ohiturik, zigor-praktika horizontalak ere gertatzen dira (hau da, gizarteko kide berdinen artean, funtsean delazioaren kulturan oinarritzen direnak), eta bertikalak edo estatukoak ere bai, zigor, abusu eta jazarpeneko praktiketan oinarritutakoak. Birusa harrapatzeko beldurraz gain, zigortua izateko beldurra hezurretaraino sartzea ere ekarri digu honek: arauak ez betetzeagatik baino, arduragabekeriagatik etiketatua izateko izua, esaterako. Osasun datuak emateko prentsaurrekoetan, berriz, abian jarritako test-kopuruak adinako espazioa hartu ohi dute fase berri bakoitzeko arautegia hautsi duten delitugileen polizia-datuek. Gerra lengoaia binarioa gure bizitzen parte da. Horri buelta eman nahiez-edo, modako lengoaian, «kogobernantza» terminoa edozertarako erabiltzea, berriz, erredundantea ere izan daiteke. Ezer baino lehen, «gobernantzak», berez, gobernatzeko moduaren eraldaketa hori dakarrelako, hierarkia-formetatik modalitate kooperatiboagoetarako trantsizioa islatzen du. Gizarteak akordioak eta konfiantza transmititzea eskatzen duen agertoki honetan, konfrontaziozko eszenario elektoralista hankapean dugu. «Normaltasun berriak» eta hauteskundeek zer ekarriko ote diguten zain egon gabe, kolektiboki, diskurtso eta praktika eraikitzaileak sortzeko tresnak ere behar ditugu. Erantzukidetasuna eta autogestioa, gure gizarteko arlo askotako harreman sozioekonomikoen erabateko alternatiba gisa eraikitzeko gai izan bagara, orain, inoiz baino gehiago, gizakion bizitza sostengatzen duten elementuen inguruan ere gai izan beharko genuke. «Zeozer diogunean, zer diogun gogoan hartu eta berpentsatuz bakarrik gaindi dezakegu hitzen, mintzairen eta lengoaiaren higadura eta akidura, eta lengoaia hobetuz bakarrik itxaron dezakegu, komunikazio onuragarriaren bidez, gizarte erlazioen hobekuntza» (“Hitzen ondoeza”, Joseba Sarrionandia). Gizarteak akordioak eta konfiantza transmititzea eskatzen duen agertoki honetan, konfrontaziozko eszenario elektoralista hankapean dugu