28 MAI 2020 Ipar Euskal Herriko ostatu eta jatetxeak ekainaren 2tik aitzina berriz zabalik GARA BAIONA Frantziar Gobernuak, deskonfinamendu plana aurrera eramateko, ondoko asteetan indarrean jarriko dituen neurriak iragarriko ditu gaur. Turismo arloko Estatu idazkariak, Jean-Baptiste Lemoynek, ziurtzat eman du ostalariek ekainaren 2tik aitzina negozioak berrirekitzeko baimena jasoko dutela. «Turismoa berrabiatzea ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen atzo. Jean-Baptiste Lemoynek FranceBleu irratian adierazi zuenez, ekainaren 2tik aitzina aisialdi eta turismo jarduera-ekonomikoek «argi berdea dute» berriz ere martxan jartzeko. Edouard Philippe lehen ministroak gaur iragarri behar lituzke deskonfinamenduan aurrera egiteko Parisek aurreikusten dituen neurri berriak. Horien artean, Lemoynek argiki adierazi zuen «turismoa berriz abiatzea ezinbestekoa dela». Joan den astean «hondartza dinamikoak» zabaldu ondoren, denbora kontua besterik ez zen inguruko jarduera ekonomikoen abiatzea. Lemoynek atzo goizean baieztatu zuenez, duela hamabost egun abiatu ziren «prestaketa lanak» ekainaren 2tik aitzina ostatuek eta jatetxeek ateak zabaldu ahal ditzaten. «Aurreikuspen onak ditugu eta osasun protokoloak prest ditugu lokalen egokitzapenari begira», zehaztu zuen Gobernu ordezkariak. Hala, ostatu eta kafetegietako terrazek toki gehiago hartu ahal izateko erabakia udalei badagokie ere, dagoeneko hainbat herriko etxe horren alde azaldu direlako kontent azaldu zen Lemoyne. Azkenengo egunetan beste hainbat gobernukidek egin duten deiari jarraituz, Lemoynek «Frantzia barruan turismoa egiteko» gonbidapena zabaldu zuen. Covid-19ak frantziar nazionalismoa pizteko aitzakia eman duela argi utzita, «urdin, zuri eta gorriz marrazturiko udaz» gozatzearen aldeko apustua egin zuen Lemoynek. Iragan maiatzaren 14an, oporrak «Frantzia barruan» prestatzeko gomendioa eman zuen Philippe lehen ministroak. Geroztik kanpin eta nekazaritza-etxeetako erreserbak izugarri handitu direla jakinarazi du Turismo estatu-idazkariak. Ostatuak eta jatetxeak ireki ostean, turista gehien jasotzen duten azpiegituren irekiera «ahal den lasterren» gauzatzea espero du Lemoynek. Besteak beste, Larhungo trena, Sarako leizeak eta Arnaga etxea aipatu ditu. «Osasun protokoloak errespetatzen dituzten profesionalen engaiamendua nabarmenduko duen logotipo berri bat sortzeko lanean ari gara, tokiko eragileen eskutik lurraldearen balioa nabarmentzea inportantea iruditzen zaigulako», gaineratu zuen. Hegoaldean, haurrak libre Bestalde, Estatu espainoleko Osasun Ministerioak, deskonfinamendu prozesuaren 2. fasean dauden lurraldeetan, aurrerantzean haurren joan-etorrietarako mugak kentzeko eta jarduera fisiko ez-profesionala egiteko baimena eman du, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) atzo argitaratu zenez. Argitaratu den Osasun Sailaren xedapenaren arabera, atzotik 2. fasean dauden eremuetan bizi diren haurrak edozein ordutan irten ahal izango dira etxetik, denbora-mugarik gabe eta nahi dutenean. Era berean, udalerri horietan ezabatu egin dira kirol-jarduera ez-profesionalerako ordutegi-tarteak, egunean nahi beste aldiz egin ahal izango direnak. Bi baimenak maiatzaren 16ko aginduari gehitzen zaizkio. Agindu horretan, alarma-egoeratik eratorritako estatu-mailako murrizketa jakin batzuk malgutzeko baldintzak ezartzen dira, normaltasun berri baterako trantsiziorako planaren 2. fasea aplikatuz. Hondartzetako jende kopurua kontrolatuko dute Osasun Ministerio espainolak hondartzetarako sarbidearekin lotutako aginduaren zenbait alderdi ere aldatu ditu; hala, udalek mugak ezarri ahal izango dituzte, bai sarbideari dagokionez (doakoa izaten jarraituko du), bai edukierari dagokionez, bainularien artean gutxienez bi metroko distantzia errespetatzen dela ziurtatzeko. Halaber, bertan egoteko denborari dagokionez mugak ezarri ahal izango dute, bai eta aparkalekuetan ere, edukiera kontrolatzeko; hori kalkulatzeko, kontuan hartuko da bainulari bakoitzak hartu beharreko hondartza-azalera lau metro karratu ingurukoa izango dela (pertsonatik pertsonara gutxienez 2 metroko tartea egon beharko da).GARA EKAINAK 2Ondo bidean, ekainaren 2tik aitzina turismo eta aisialdiko jarduera ekonomikoak martxan jarri ahal izango dituzte Ipar Euskal Herrian.