GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Arnasa


Ezin dut arnasarik hartu». Eta zortzi minutu eskasetan, akabo. Bizitzari agur esateko inork aukeratuko ez lituzkeen hitzok zapalduen errebolta hasteko berbarik onenak bihurtu dira. Egunerokotasunean arnasarik ezin hartu dabiltzan guztien garrasi amorratua. Sistema injustu baten pisu dena erori zaio lepo gainera eta itota erail dute.

Arnasestuka, korridoreetatik gora eta behera korrika ibili dira, zortzi orduko txandak egiten zituzten garaiak ahaztuta. Arnasarik ezin hartu zebiltzan horien hasperen lazgarriak entzun zitezkeen atsedenik gabeko ospitale zaratatsuetan. Kaleetan, berriz, isiltasuna nagusi.

Gu, itzuli gara, libertatea lapurtu nahi izan digun sistemarekin haserre antzean. Errebeldia keinu batez botatzen ditugu lurrera itotzen omen gaituzten maskarak, sistemarentzat oinarrizko izan diren horien esku urratuek bildu ditzaten. Zortzi aste inguru izan ditugu pribilegioen talaiatik hausnarketa egiteko. Bakardadean negar eginez, bizitzei agur esan behar izan diegu askok ere. Baina, krask egin du munduak eskuetatik irrist egin eta milioika zatitan hautsi zaigunean.

Mundua eraldatzeko aukera eskaini zaigu, baina ez gara tentuz ibili eta despistatu gara. Egun batetik bestera dena alda daiteke, baina denborari neurria hartu behar zaio, ez dadin aukerarik eskapatu. Eta horrela hasi da, ezer gutxi ikasi dugunon errebolta.