GARA Euskal Herriko egunkaria

Borroka molde berriak, datozen garai ezezagunetarako

Metodo tradizionalak agortuta, performance edo protesta metodo bisualagoak erabili ditu Sortuk azkenaldian. Orain, normaltasun berriaren eta osasun neurrien testuinguruan, kalea berrartzeko molde egokiak izan litezke, alderdiko kideen esanetan.


Performancea, agitazio politikoarekin lotutako praktika gisa, ez da gauza berria, ezta gutxiago ere. Munduan eta Euskal Herrian azken hamarkadetan sortu diren aldarrikapen askok adierazteko modu desberdinak izan dituzte performancearen bidez. Artea eta politika lotzeko moduak bilatzen dituen praktika hau protesta egiteko eta ikusarazteko tresna baliagarria izan da Sorturentzat, eta ez dira gutxi azken hiruzpalau urteetan egin dituen ekitaldiak. Azkenak, aurreko asteburuan Iberdrola Dorrearen aurrean egindakoa –enpresa horrek lortutako etekinen «dirutza» gogoratuz eta krisi hau nork ordaindu badagoela azpimarratuz– eta Iruñeko Arrotxapea auzoan burututakoa –Elhadji Ndiayeren memoria gogoratzeko eta arrazakeriaren aurka protesta egiteko–.

Ekimen horien sustatzaile Gotzon Elizburuk eta Iker Morenok azaldu dutenez, duela lau urte piztu zen mobilizazio mota berriei ekiteko beharrari buruzko hausnarketa, Sorturen birfundazio-kongresuan, hain zuzen. Tradizioz narrazio politikoak bideratzeko erabili izan diren adierazpen-erak agortuak zirela edo, behintzat, Elizbururen ustez, eragiteko gaitasuna eta haustura ahalmena galdua zutela hautematea izan zen aldaketa horren abiapuntua. «Kontzentrazioak eta horrelako formatuak, hainbeste urtean berdinak izan direnak, gero eta jende gutxiago biltzen zuten», azaldu du Elizburuk.

Gainera, borroka moldeen inguruko eztabaida horri lotuta, iraganekoak hain eraginkorrak ere ez zirela konturatu ziren edota ekintza politiko zuzenean oinarritutako praktikak berritu behar zirela, originaltasunaren kontzeptu tradizionalak aurkaratzeko gai diren borroka molde berriekin. «Transgresio gaitasun hori izango zuen borroka molde berri bat martxan jartzeko asmoa genuen, eredu berri bat sortzen saiatzekoa. Honek emozionatzeko gaitasuna izan behar du edo zerbait eragiteko gaitasuna. Komunikazioan, oro har, askoz inportanteagoa da esaten dena baino transmititzen den hori», aipatu du Elizburuk.

Ezin da ukatu performance sortzailea arlo politikoarekiko etengabeko kezkak markatu duela eta, era berean, ezin da baieztatu erreakzio espezifikoak sortzeko emozioak erabiltzea praktika berritzailea denik. Izan ere, Elizbururen esanetan, horrelako ekintzak Euskal Herrian historikoki landu izan diren moldeak hartu zituzten eredu gisa, intsumisoen borrokak eta mugimendu feministak egin dituenak, batik bat. Baita nazioarteko hainbat eredu, GKEenak eta ezkerreko mugimenduen ereduak ere, «kontuan hartu genituenak, Euskal Herriko testuingurura egokitzeko eta horrekin zerbait berritzailea egiteko xedearekin».

Eragitea bai, baina irizpideen arabera

Ekimen horien guztien helburua eztabaida politiko eta sozialean eragitea dela kontuan hartuta, inguruan eragitekoa, hain zuzen, orain arte egindako ekimenen artean hiru mota bereiz daitezke. Ekimen batzuetan, testuingurua debate bat pizten saiatzeko baliatzen dutela azaldu du Elizburuk: «Larunbatean Bilbon egin genuen ekimenaren helburua zerga politikaren gaineko debate bat pizten saiatzea zen, krisia ordaintzeko fortuna handiei zergak ezarri behar zaizkiela aldarrikatzeko».

Beste kasu batzuetan, helburua piztuta dagoen eztabaida batean eragitea eta ertz berri bat ukitzea da. 2019ko irailean Sabin Etxearen aurrean egindako ekimena da horietako bat, klima larrialdiaren inguruan Fridays For Future-k antolatutako mundu mailako grebaren testuinguruan. «Ikustean mundu guztia ari zela apuntatzen, EAJ barne, testuingurua baliatu behar zela uste genuen, EAJren zurikeria salatu eta seinalatzeko. Horrek min handia egin zion, kristoren egurra eman zigun», gogoratu du Elizburuk.

Herri mugimenduak deitutako mobilizazioak indartzeko ekimenak hirugarren multzo batean sartuko lirateke. «Ostiralean Arrotxapean egindakoa larunbateko Black Live Matter-en mobilizazioa indartzeko izan zen», azaldu du Elizburuk. Errefuxiatuen egoera salatzeko 2019ko urtarrilean Kontxa hondartzan iltzatutako 2.000 gurutzeek ere hurrengo astean Irungo Harrera Sareak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek deituta zituzten mobilizazioak irmotzeko helburua zuten. «Kasu horietan inportantea da beti inplikatuta dauden eragile horiekin hitz eginda eta adostuta egitea; helburua ez da inoiz kontraprogramatzea. Beraiekin hitz egiten dugu beti, ongi ikusten dute eta parte hartu dute noizbait ere», dio Elizburuk.

Performance hauen mobilizatzeko eraginkortasuna alde batera utzita, Sorturen ekintzek, Elizburuk dioenez, aurkari politikoek kontra egiteko inolako heldulekurik ez izatea ere bilatzen dute. Sabin Etxearen aurrean egindako performancean, egungo eredu produktibista eta kontsumistaren suntsipena irudikatu zen, eta proposamen antikapitalistetan oinarritutako trantsizio ekologikoaren eskaerari forma eman zitzaion horrela. «EAJren haserrealdia nabaria izan zen, baina milimetrora zaintzen dugu egiten dugun guztia. Botatako hautsak ekologikoak ziren, eta ez genion Sabin Etxeari bota, aktore batzuei baizik», azpimarratu du.

Helburu bera lortu nahi zen, bestalde, Vox, PP eta Ciudadanos alderdiek Euskal Herritik igaro ondoren Sortuk hasitako «desinfekzio antifaxista» kanpainan. «Bagenekien probokatzeko helburuarekin zetozela, biktimarena egin nahi zuten. Desinfekzioaren ideiarekin diskurtsiboki irudikatzen duzuna oso potentea da, birus bat dela esaten diozu, baina joan direnean egiten duzu eta antzeztuz», gaineratu du Elizburuk.

 

Gazteak eta komunikazio era berriak

Performanceak Euskal Herriko kultura politikoan oso barneratuta ez dauden arren, Morenok balorazio positiboa egiten du azken ekimenen inguruan, jendearen parte hartzea oso ona izan delako. «Horren adibide da larunbatean 70 pertsona behar genituela eta barne mailan izena emateko eskuragarri jarri genuen telefono eta e-mailean 100 boluntario apuntatu zirela», nabarmendu du.

Izan ere, barnera begira, publiko ezberdinentzat Sortu erakargarri egitea da helburuetako bat eta gazteak izan dira ekimen hauetara gehien gerturatu direnak. «Sortu alderdi-mugimendu bat da, alderdi egitura bat duena baina ‘mugimendu’ filosofiarekin jokatu nahi duena; dinamika aktibista hau mugimendu izaera hori indartzeko modu bat da», adierazi du Elizburuk.

Horretarako, zaila da sare sozialen garrantzia alde batera uztea. «Ezin ditugu beste metodo batzuk kanpoan utzi, baina modu berriak pentsatu behar ditugu, jendea zerk emozionatzen duen, nondik lortzen duen informazioa, eta sare sozialek garrantzi handia dute gaur. Irudiak ere bai; gero eta bisualagoak gara, lehen asko tematzen ginen edukiarekin; eduki politikoa potentea bazen nahikoa zen, baina orain bilgarria ere zaindu beharko dugu», dio Morenok. «Edukia eta edukiontzia» garrantzitsuak direla gaineratu du Elizburuk eta, sare sozialekin lotuta, biraltasuna lortzea garrantzitsua dela dio, nahiz eta hori lortzeko sekreturik ez duela aitortu: «Askotan pentsatzen dugu honek kristoren arrakasta izango duela eta gero ez da horrela». Ekimen baten arrakasta batzuetan ustekabeko faktoreen araberakoa da, hala nola Iñaki Willliams Athleticeko jokalariak sare sozialetan Arrotxapeko ekitaldia sareetan publikatzea, «segur aski zer zabaltzen ari zen jakin gabe».

Elizburuk eta Morenok beraien «obsesioa» modu nahiko kontrolatuan egitea dela onartzen dute, eredu bat ezarri nahi zutelako: «Halako formatuetan sartzen zarenean oso modu neurtuan egin behar duzu, txapuza bat egiten baduzu kontraproduzentea izan daitekeelako». Behin eredu hori sendotu den momentuan, deialdiak publiko egin dituzte; lehenengoak, ostera, soilik barne mailan iragarri zituzten.

Normaltasun berriaren aurrean

Itxialdian zeudenean, normaltasun berri horretan «kaleak berreskuratu» beharko zituztela hausnartu zutela dio Morenok, «testuinguruak derrigortuko gaituelako halako krisi multiple batean». Ezezaguna da zein baldintzatan atera ahal izango den kalera, eta bai edukierak bai urruntze sozialerako neurriek gogoeta egitera behartzen dute. Ildo horretan, horrelako ekimenekin jarraitzeko asmoa dutela gaineratu du Morenok, eta neurri horiek aprobetxatzeko aukera ematen du performanceak. Horrela, martxan jarri dituzte ideia-zaparradak, zer nolako komunikazio politikoa eta mobilizazioak egingo dituzten lantzeko.

Datozen garai ezezagunetarako borroka molde berriak behar direla argi dute, eta Iratzar fundazioarekin batera ari dira hausnarketa hori egiten. «Eredu honen oinarria metodo baketsuetan oinarritutako borroka molde bat irekitzea da, jendearekiko atsegina izatea eta jendearen babesa izatea», nabarmendu du Elizburuk. Bestalde, ez dute baztertzen dinamika aktibista hori Euskal Herriko mugetatik harago eramatea. «Beti esan izan da Euskal Herria mobilizazio mailan eredu izan dela; horri helduz dinamika hori berreskuratu nahi dugu», gaineratu du.