16 JUIN 2020 ANTZERKIA Parisetik ilargirainoko artistak Arantzazu FERNANDEZ Xentimorik Gabe konpainiaren azkena ikusteko itzuli gara antzokira estreinakoz. “Gu primer” izenburua egoerari ezin hobeto egokitzen zaiola otu zaigu. Izan ere, aforo erdia baino ez, eta hala ere, tokia izan dugu Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorritiren lanaz gozatzeko. Hau zortea! “Gu primer” txikitan erabiltzen genuen espresioa da, bai, baina hirukote komikoak zer esan nahi duen jakiteko kontakizunari heldu beharko diogu. Kontua da urteetan uste izan dugula amerikarrak ilargira heldu ziren lehenbizikoak izan zirela. Egia historiko hori ez da, ordea, ez hain egia, ez hain zuzena, zeren Parisetik etorritako bi artista euskaldun hor izan baitziren aurrenak. Istorioa oso ondo garatuta dago hasierako abestitik amaierako kantaraino. Fabula, musika harmoniatsuz blai eskaini digute, gitarra, piano elektriko eta klarinetez lagunduta. Primeran pasatzen ari gara baita dramaturgia nahiz exekuzioaren kalitateagatik ere. Argiek aipamen berezia merezi duten heinean, soinu efektuei errekonozimendu bera aitortu behar diegula esan beharra dago. Bi elementu horiek haurtzaroko irudimena piztu digute antzezlanean guztiz murgiltzen gaituztela. Orduan konturatu gara: sentsazio atsegin hori, oihartzun eztitsu hori, txikitan irakurritako komikietatik datorkigula, entzundako “espioi”, “agentzia sekretu” eta “misio” bezalako hitzek Mortadelo eta Filemonen antzeko mundu batera eramateko gaitasuna dutela. Baina helduak garenez, tarteka-marteka hainbat aldarrikapen adituko ditugu antzezleen ahotan. Horrelakoetan, eskertzen da ondo pasa dezagun egindako ahalegina, baina non gauden eta zer gertatzen ari den ahaztu gabe. Eta eskertzen da umore adimentsua lantzearekin batera, komizitateak sor dezakeen errazkeriatik alde egitea, publikoa ez maneiatzea konplize tuntun legez; finean, umore fin-fina antzeztea.