17 JUIN 2020 JOPUNTUA Itsasontziak eta elementuak Mikel Aramendi Kazetaria Dibertigarria ere izan zitekeen…, gaia horren leherkorra ez balitz. Eta erdi-erdian ero gaiztoren bat ez balego. AEBetako Itsas Armadak, arrandiaz eta batere ohikoa ez den eran, bere hegazkin-ontzietako hiru bidali ditu, batera, Ozeano Bareko mendebaldera, zein bere gerra-ontzi taldearekin. “Theodore Roosevelt” hegazkin-ontzia, covid-19aren ukaldia agidanez menderatuta, Guamdik Txina Hegoaldeko Itsasorantz abiatua izango da; “Ronald Reagan” ontzia Filipinetako Itsasoan dabil; eta “Nimitz” ontzia Hawaii inguruan kokatzen dute azken albisteek. Operatiboki, AEBen ur gaineko ontzidi osoaren erdia baino gehiago da. Esan gabe doa indar erakustaldiaren hartzailea Txina dela. Halaxe oihukatu baita AEBetatik. «Ikus dezatela gure nagusitasuna». Harrokeria hutsa besterik ez dela erantzun dute txinatarren bozeramaileek. Eta «kontrako neurriak» hartuko dituztela ere iradoki dute; zeintzuk izan daitezkeen azaldu gabe, jakina. Hor hasten baita korapiloa, hain zuzen. Haizekeriak besterik ez diren artean, arriskuek ez lukete apartekoak izan behar. Baina ez da ahaztu behar Etxe Zurian nor dagoen, zer egiteko gai den eta nolako premian aurkitzen den oraintxe bertan, hauteskundeetarako bost hilabete falta zaizkionean. Ifrentzua: 2017an elkartu zituzten azkenekoz AEBek hiru hegazkin-ontzi Asia Ekialdean. Ordutik hona, Txinak hegazkin-ontzi bat gehiago du, eta Hegoaldeko Itsasoan eraiki dituen irla edo “gerra-ontzi erraldoi geldiak” ere jarri ditu abian. Asia Ekialdean II. Mundu Gerraz geroztik izan den indar-metaketarik handienaren aurrean gaude, ezbairik gabe. Eta ez ahaztu, noski, elementuak. Tifoien urtaroa hasita dago. Iazkoaren antzekoa izaten bada, deabrutuak izan daitezke datozen hilabeteak itsaso haietan. Ia beti, bertakoaren alde jokatu ohi dute elementuak guduetan. Agian Trumpek ez du jakingo, baina berak baino lehenago esan behar izan zuen beste harro batek: «Ez nituen neure itsasontziak elementuen aurka borroka egitera bidali». Harrokeria hutsa besterik ez dela erantzun dute txinatarren bozeramaileek. Eta «kontrako neurriak» hartuko dituztela ere iradoki dute; zeintzuk izan daitezkeen azaldu gabe, jakina.