20 JUIN 2020 Entrevue INMA GARRASTATXU DURANGOKO ALKATEA «Herriari entzuteak bereizten gaitu EAJren 40 urteko gobernutik» EH Bilduko Inma Garrastatxu (Trapaga, 1963) Durangoko alkatea da iazko udal hauteskundeez geroztik. EAJko Aitziber Idigorasi hartu zion lekukoa, non eta alderdi jeltzaleak berrogei urtez jarraian etenik gabe gobernatutako Bizkaiko herrian. Maddi TXINTXURRETA DURANGO Ez du gezurrik esan abisatu duenean, «bizitzak momentu on eta txarrak» dituela jakitun, «beti irribarrez» dagoela. Inma Garrastatxu Durangoko alkateak irribarretsu jaso gaitu udaletxean, berriki, ekainaren 15ean, alkatetza lortu zuenetik urtebete igaro denean. EAJren berrogei urteko agintaldiari «aldaketa» emango ziola iragarri zuen 2019ko udal hauteskundeen kanpainan, eta horretan ari da. Durangoko alkatetza EAJren esku egon da 40 urtez jarraian, iaz EH Bildu alkatetzarekin egin zen arte Herriaren Eskubidea (Elkarrekin Podemos) taldearekin koalizioan. Nola bizi zenituen hauteskundeak? Emaitzak jakin genituenean, ezin nuen sinetsi, nahiz eta kanpaina luzea izan zen. Zure burua horretarako prestatzen duzu, eta zure mezua irabaztearen aldekoa da, gainera, oso pozik nengoen geneukan proiektu berriarekin eta oso indartsu sentitu nintzen kanpaina osoan. Hala eta guztiz ere, momentua iritsi zenean, sorpresa zoragarria jaso nuen, batez ere inguruko jendea ikusi nuenean, EH Bilduren egoitzan zeudenak... Oraindik ere hunkitu egiten naiz oroitzen dudanean. Lehenengo nire alaba etorri zen, besarkada bat eman zidan eta zoragarria izan zen. Esan behar da ez dela EH Bilduk bakarrik lortu duen zerbait, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea elkarrekin gaude koalizioan. Bi taldeen artean lortu dugu gobernu hau. Lortu dugu proiektu berri hau aurrera eramatea eta EAJren 40 urteko agintaldiari buelta ematea. Bi taldeen artean lortu dugun aldaketa izan da. Desberdinen gobernua da, baina biren gobernua da. Zer oinarriren gainean adostu zenuten Herriaren Eskubidea taldearekin gobernu akordioa? Kanpainan esan genuen aldaketak hortik etorri behar zuela. Bi koalizio-molde ikusten genituen: bat zen EAJk PSErekin lortu ahal zuena, eta, bestea, EH Bildu Elkarrekin Podemosekin. Lortu genuen eta lanean hasi ginen. Segituan konturatu ginen bat egiten genuela gobernatzeko moduan. Herriari entzutea zen gure nahia, Durangori buruz genuen edozein ideiaren gainean hartutako erabakien partaide eginez herria. 40 urteko gobernutik bereizten gaituena hori dela uste dut. Jendaurrean sinatu genuen gobernu akordioa, herritarrei ekitaldi horretara etortzeko gonbita luzatu genien. Etorri ziren eta desberdinen arteko akordio hori babestu nahi izan zuten guztien sinadurak daude akordioan. Eta oraintxe bertan esan dezaket oso osasun ona duen akordioa dela, harremana oso ona dela. Asko dira 40 urte. Zer irakurketa egiten duzu EAJk Durangoko Udalean izan duen ibilbide luzearen inguruan? 40 urte gehiegi dira. Urte asko dira edozein gobernutarako. Aldaketek beti dira onak, eta, hain zuzen ere, Durangon, aldaketa hori inoiz gertatu ez zenez, kanpainan nekea nabari zitzaien 40 urtez gobernatu dutenei. Tristeena iruditu zaidana da administrazio hau zein utzikeria-egoeran dagoen ikustea izan da. Tristura handia ematen dit esatea, ez baitzait gustatzen inor kritikatzea; uste dut egin behar duguna kritikatu gabe aurrera egitea dela, baina esan behar dut utzikeria handiarekin egin dugula topo. Ikusi dugu 2017az geroztik geldirik dauden txostenak daudela eta espediente horiek aurrera ateratzen ari gara. Eraikinak utzi egin dira, abandonatu. Eskoratu behar izan ditugu ez erortzeko. Ospitalea bezalako eraikin eder bat, utzi egin dute eta hondatu egin da. Zuek «aldaketa» eskaini zenuten. Zein norabidetan? Gobernatzeko moduan behar genuen aldaketa. Gure ustez, jendea entzunez eta jendearekin gobernatuz jarduten bada, aurrera eramango dituzun proiektuak proiektu komunak izango dira. Bi taldeak horretan bat gentozenez, abian jarri genuen. Durangoko lehen aurrekontu parte hartzaileak egin ditugu, eta gobernu berri honekin egin ditugu, ezin baitzen bestela izan. Izan ere, aurreko 40 urteetan gobernuan egon direnek ez dute parte hartzearen alde egin. Alkate kargua hartu eta gutxira, zure soldata %40 jaitsi zenuen. Zer dela eta? Ez zen soilik alkatearen gauza izan, gobernuko talde osoak partekatzen dugun erabakia izan zen. Baina nik oso argi nuen: ez naiz hona etorri dirua egitera, ez naiz soldatagatik etorri, ezta ospeagatik ere. Ni beste era bateko politika egitera etorri naiz. Aurreko legegintzaldiko Aitziber Idigoras alkatea, Estatu espainiar osoko herriak kontuan hartuta, soldata altuena zuten hamar alkateen artean zegoen. Hain zuzen ere. Esan dezaket hori datu lotsagarria iruditzen zaidala. Gustatuko litzaidake Estatuko hamar onenen artean nabarmentzea beste gauza batzuetan. Bizitzen ari garen egoera honetan, kultur-teknikariek atzo esan ziguten Durangoren inguruan asko hitz egiten ari direla; izan ere, Durango apustu sendoa egiten ari da uda honetarako, kulturaren aldeko suspertze-planarekin. Niri horrelako gauzetan nabarmentzea gustatzen zait, baina ez soldata altuenak jasotzen ditugulako. Horrek lotsa emango lidake. Lau hamarkadaren ostean alkatetza lortu eta... koronabirusaren krisia! Nola egiten zaio aurre horri? Ausardia behar da, gogoa, indarra eta gobernu indartsu bat. Eta uste dut, hain zuzen ere, une honetan duguna hori dela. Horrek asko lagundu digu egoera honi aurre egiteko. Egoera berria da, ez geneukan gidalibururik honen aurrea jokatzeko. Lehengoan, nik baino askoz ere esperientzia gehiago duen alkate batekin hitz egiten ari nintzela, esan zidan egoera hau guztiz desberdina dela, gogorra eta estresagarria, eta, gainera, alkatetzaren lehen urtea gogorrena zela bere ustez. Esan zidan: «Ez dakit nola ari zaren hau jasaten, aurten zuen lehen urtea izanda, eta hainbeste urte gobernu hain desberdin bat izan eta gero...». Eta esan nion: «Ez da erraza, baina energia asko dugu». Durango aurrera ateratzeko gogo handia dugu, baita zulo honetatik ere. Izan ere, egunak 24 ordu izan dituela esaten dudanean, egunak 24 ordu izan dituela esan nahi dut. Ez da egon minutu bateko atsedenik. Gobernu guzti-guztia egon da lanean, oso harro nago egoera berezi honen aurrean nola erreakzionatu dugun ikusita. Osasun krisiaren eraginez herritarrek zuekiko konfiantza galduko duten beldur zara? Ala posible da alderdi bat krisi honetatik indartsu ateratzea? Nire ustez, norbait bere lanarekin gustura dagoenean, herritarren feedbacka jasotzen ari delako da. Etengabe ari zaizkigu animo mezuak bidaltzen. Ni, pandemia garaian, egunero etorri naiz bulego honetara eta batzuetan eraikinaren bakardadea sentitzen nuen, eta tristatu egiten nintzen. Baina banekien pertsona horiek guztiak, gobernuko nire kideak, etxetik lanean ari zirenak, ahal zuten guztia egiten ari zirela durangarren bizitza hobetzeko. Hasieratik esan genuen pertsonak gure politiken erdigunean egongo zirela, eta pandemian zehar plan estrategiko bat prestatu genuen atzematen ari garen behar horiei erantzuteko asmoz. Jendea oinarrizko laguntzen eske hasi zen gure atea jotzen: janaria, alokairua ordaintzeko laguntza, argia... Lanean hasi ginen, eta, dagoeneko onartuta genuen aurrekontutik, bi milioi euro baino gehiago lortu genituen, otsailean planteatu genuen plan estrategiko batetik. Horri esker 2.300.000 euroko ekonomia berraktibatzeko plan bat aurrera ateratzea lortu dugu. Planaren ardatzetako bat Merkataritza Berritzeko Plan Estrategikoa da. Izan ere, ikusten dugu irtenbidea ez dela soilik dirulaguntzak ematea, tasa edo zerga batzuen kobrantzak atzeratzea edo tasak ez kobratzea komertzioak itxita egon diren bitartean. Planak harago joan behar du. Hamar urte baino gehiago dira ez dela horrelako plan bat egin, eta ikusten genuen beharrezkoa zela. Bestalde, krisi honek, beste behin ere, emakume aurpegia zuela konturatu ginen: tabernetan, bulegoetan, etxez etxeko zerbitzuetan, zaintzarekin lotura lanetan... aritzen diren emakumeen aurpegia. Zentzu horretan, zuzeneko laguntzak ditugu elikagaiak erosteko edo alokairua ordaintzeko arazoak dituztenentzat. Horrez gain, kontziliaziorako laguntzak ere eman ditugu. Pentsatzekoa da covid-19ak aurreikusita zenituzten proiektu batzuk gelditu edo atzeratu dituela. Proiektu batzuk ezingo dira aurreikusi genituen bezala egin. Niri eta Juliani [Herriaren Eskubidea taldeko Julian Rios] asko kostatzen zaigu proiektuetan jasotako ametsei uko egitea, badakigulako herritarren ametsak eta proiektuak direla. Horregatik, ez da erraza proiektu horiei uko egitea. Egia da errealistak izan behar dugula. Ez diegu erabat uko egingo proiektuei, baina agian aurreikusita genuena baino txikiagoak izan beharko dira. Eta legegintzaldi honetan proiektu batzuk egiterik ez badugu, hurrengoan egingo ditugu. Nola baloratuko zenuke Durangoko alkate izan zaren urte hau? Oso urte emankorra izan da. Urtebete igaro ondoren, atzera begiratu eta irabazi dugula ikusten dut; nik, pertsonalki, irabazi egin dut. Lagunak irabazi ditut eta guztion artean konfiantza irabazi dugu. Uste dut horrek indartsu egiten gaituela horrelako egoeretarako. Denok indartsu, ilusioz eta gogoz geundenez, eta herritarren babesa sentitzen genuenez, etengabe aritu gara lanean. Egia da oso intentsua izan dela, batez ere azken hiru hilabete hauek. Ez da egon une bat nire bizitza politikoak ez duenik nire bizitza pertsonala baldintzatu, baina uste dut nire bizitzako une egokian iritsi dela alkatetza, eta indartsu nago, Durangorekin batera lanean jarraitzeko gogoarekin. Aurki datoz EAEko hauteskundeak. Han ere posible al da aldaketa? Gobernatzeko modu desberdinak daude, hori Durangon frogatu da, eta uste dut une hori beste administrazio batzuetara ere iritsiko dela. Agian, Durangokoa bezalako udalen bitartez, herritarrak konfiantza hartzen joango dira gure gobernatzeko moduan, jendearen interesak enpresa jakin batzuen interes partikularren aurretik lehenesten dituen gobernantzan. AURREKONTUAK «Durangoko lehen aurrekontua parte hartzaileak egin ditugu, eta gobernu berri honekin egin ditugu, ezin baitzen bestela izan» COVID-19 GAITZA «Durango aurrera ateratzeko gogo handia dugu, baita zulo honetatik ere. Izan ere, egunak 24 ordu izan dituela esaten dudanean, egunak 24 ordu izan dituela esan nahi dut. Ez da egon minutu bateko atsedenik» EMANKORRA «Urte emankorra izan da. Urtebete igaro ondoren, atzera begiratu eta irabazi dugula ikusten dut; nik, pertsonalki, irabazi egin dut. Lagunak irabazi ditut, gure artean konfiantza irabazi dugu»