GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Finalerako bidea «aitzakia gabe» egingo du Baskoniak

«Partida bakarrera faboritorik ez» dagoela ohartarazi du Tornike Shengeliak.


ACB Ligak Valentzian antolatu duen azken fasea fisikoki itogarria izaten ari da. Kirolbet Baskoniak asteartean lortu zuen gaurko finalerdietarako txartela, baina bidean izerdi asko bota eta kolpe latzak jasota: arazo muskularrak Pierria Henryk; hatz batean, bizkarrean eta orkatilan arazoak, Tornike Shengeliak; kolpea oinean, Ilimane Diopek, eta hori gutxi balitz, aurrez operaturiko oinean kolpea Jayson Grangerrek. Eta gaitz erdi, orpazurda behar bezala badu.

Kirolbet Baskoniak 20.00etan izango duen aurkaria ere, Valentzia Basket «etxeko» taldea, ez dago nahi bezain katoliko. Alberto Abalde taldeko izarra, «zuntz haustura» txiki batek jota; Bojan Dubljevic valentziarren beste izarra, oso joko maila eskasean, eta 40 minutuz joko mailari eutsi ezinik Jaume Ponsarnauren taldea.

«Guztiak jokatzeko prest egongo dira, aitzakiarik gabe», bota zuen atzo Dusko Ivanovicek, partida jokatu aurreko prentsaurrekoan. «Partida zaila izango dela, bai, baina hori aurrez ere bagenekien», bota zuen Montenegroko entrenatzaileak.

«Valentziak talentu handia dauka. Beren kanpoko jokalariak sekulako portzentajeak lortzen ari dira hiruko jaurtiketetan eta errebotean min handia ematen dute. Horren aurrean, partida irabazteko gakoa defentsan egongo da, ez beste inon», gaineratu zuen Balkanetakoak.

Antzeko berbak izan zituen Tornike Shengelia gasteiztarren kapitainak ere. «Baikor gara finalerdietan gaudelako, baina tentuz oraindik, bi partida irabazi behar baitira ACB Ligako txapeldun izateko», esan zuen georgiarrak.

Bietatik faborito zein ote den galdetuta, zeharbide berbera hartu zuten hala entrenatzaileak nola kapitainak. «Partida bakarrera ez dago faboritorik», adierazi zuten, aho batez. «Talde bakoitzak estilo propioa eta berezia daukagu eta horri ekingo diogu irabazteko», esan zuen Ivanovicek. Bestetik, Shengeliak talde biak «borrokalariak» direla azpimarratu zuen. «Edozeinen aurrean lehiatu eta irabazteko kapaz garela erakutsi dugu biek ala biek. Kantxan gauza batzuk kontrola ditzakegu; beste zenbait, ordea, ez. Kontrola dezakegun horretan ahalik eta zorrotzenak eta onenak izaten saiatu behar dugu». Horrez gain, «defentsan gorabehera gutxiago izan behar» dituztela uste du hegal-pibotak.

Bere osasunari buruz galdetuta, Baskoniako kapitainak «jokatzeko moduan» dagoela esan zuen. Joventuten aurka hartu zuen «atsedenak mesede egin» diola adierazi zuen georgiarrak. «Topera egon beharko dugu finalera pasatzeko», amaitu zuen.

Burgos, «sorpresa erdia»

Bartzelonak eta San Pablo Burgosek jokatuko dute aurreneko finalerdia, 17.00etatik aurrera. Katalanak dira finalera pasatzeko faborito, baina San Pablo Burgosek erakutsi du bere sen borrokalaria B Multzo gogorrean bigarren amaitzeko, Real Madril bera atzean lagata.

«Ez nau harritzen Burgos finalerdietan ikusteak», adierazi zuen atzo Nikola Mirotic Bartzelonako izar eta 2019/2020ko Jokalari Baliotsuena –MVP– hautatuak. «Burgosen 80-82 irabazi genien, izerdi franko botata. Gainera, inolako presiorik gabe jokatuko dute. Presioa gurea izango da, baina ez diegu gain har diezaguten lagako», gaineratu zuen Montenegrokoak.

«Bartzelonara tituluak irabaztearren etorri naiz eta falta zaizkigun bi partida hauek jokatzeko erabat motibaturik nago», amaitu zuen Miroticek.