05 JUIL. 2020 Entrevue MIREN JONE AZURZA ARISTEGIETA KAZETARIA «Idazketa nire mundua zen eta da, kazetari sena ez da inoiz itzaltzen» Donostiako Antigua auzoan jaio zen 1929an Miren Jone Azurza, lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna eta hedabide bat zuzentzen lehen emakumezkoa. Bizitza osoa emana dio idazketari, hori gabe ez du ezer ulertzen. Euskara izan du, eta du, beste zutoina. Oihane LARRETXEA DONOSTIA Lasai bizi da, zentzurik zabal eta sakonenean. Baretasun horrek, baketik asko duen estadio horrek, erraietatik hartua du. Fedeak eta sinesmenak asko lagundu diote horretan. Iragan maiatzean 91 urte bete zituen eta, dioenez, bere adina onartuta dauka. Horrek dakarren zama guztiarekin. Zain dagoela ez du ezkutatzen, «Jaunak noiz deituko zain». «Oso bizitza polita izan dut, eta horrek ez du esan nahi ez dudanik sufritu, baina oso zoriontsu bizi izan naiz. Heriotzari beldurra galdu diot. Asko aldatu naiz barrutik, eta hori erregalu bat da. Baina hori ere pasa egin behar da, e?». Azaleko zimurrek kontu asko gordetzen dituzte, konplize; batzuk irribarre gaztearekin iradokitzen ditu, besteak hitzez kontatzen ditu. Hitzak josteko jaio zelako Miren Jone Azurza Aristegieta (Donostia, 1929), lehen kazetari tituludun emakumezko euskalduna eta hedabide baten lehen zuzendari emakumezkoa. “Zeruko Argia” astekarian izan zen, 1969tik 1975era bitartean. Antigua auzoko Matia kalean jaioa, bost anai-arreben artean bigarrena da, bera zen alaba bakarra, eta kazetaritzaren ogibidean ere horrela ibili zen, gizonezkoen artean. Orduan hura ere «gizonezkoen mundua» baitzen. Aitzindaria, bideak ireki zituena. 70eko hamarkadan euskal kazetaritzak ezagutu zituen aldaketarik handienen ardatz eta zutoin nagusietako bat izan zela diote garai haiek bizi izan zituztenek. Kazetaritzarekin batera, aberria eta euskara izan ditu ardatz. Gaurdaino. Ahoan eta bihotzean izan ditu beti eta euskalgintzan egindako ekarpenak handiak dira. 2018an Ohorezko Euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta, 2011n, Ohorezko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso zuen. Orain, Lakuako Kultura eta Hezkuntza Sailak, euskararen alde aritutakoen bizitza eta lana jasotzen duen “Bidegileak” bildumaren azken zenbakietako bat eskaini dio. Asko kosta zitzaion baiezkoa ematea. «Ni aitzindaria izan banaiz, nahi gabe izan naiz, ez nintzen kontziente», dio. Donostiako etxean jaso gaitu, eta mintzatu gara bizitzaz eta, jakina, kazetaritzaz. Madrilen egin zituen kazetaritza ikasketak. «Ez nuen bertan egindako hiru urteetan ezer ikasi, baina titulua eman zidaten», kontatu du. Ordurako idatziak zituen artikulu asko erlijio-aldizkarietan, baina, behin ikasketak burutu eta Bilbon “La Gaceta del Norte” egunkarian praktikak amaituta, jaioterrira itzuli zen. Tituluaren txartela utzi zuen orduan “Zeruko Argia”-ko erredakzioan, Okendo kaleko 22. zenbakian. Urtebetera deitu zioten. 1967an sartu zen erredaktore gisa, eta bi urte geroago hartu zuen zuzendari izateko ardura. Ez du oroitzen noiztik zuen idazteko trebezia eta zaletasuna. «Txikitatik ondo idazten nuen, amak eta aitak erakutsi zizkiguten bai letrak eta bai numeroak, dena. Amak ondo egiten zuen euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Aita ere oso argia zen. Gure etxean ondo idaztea eta kultura gauza normalak ziren. Nire anaiek ere oso ondo idazten zuten», oroitu du. Erbestearen arrastoa Bere anaia zaharrenak ere, Joxe Joakinek, sentitu zuen kazetaritzaren arra. Berak sortu zuen, Venezuelara ihes egin zuenean, Euzkadi Irratia. «Fenomeno bat zen –gogoratu du–. Oso argia zen eta politikan sartu zen. Ikurrina jarri behar zela ez dakit zein menditan? Pronto! Behin, Aberri Egunez, irratiaren emisioa eten zuen, bazekien zein alanbre moztu behar zen-eta. ‘Euskaldunok, gaur Aberri Eguna da. Gora Euskadi Askatuta!’ oihukatu zuen. Lehendabizi euskaraz eta gero erdaraz. Aita eta ni etxean ginen, bazkaltzear, eta elkarri begiratu genion, bere ahotsa errekonozitu genuen! Harrapatu izan balute… ene!». Garai nahasi haietan aitaren bi lagun fusilatu egin zituzten gau batean, eta hanka egitea erabaki zuen. Aitaren martxak markatu egin zuen Miren Jone. «Ziburu inguruan bizi zen, eta, maisua zenez, lan horietan ibiltzen zen ohea eta janaren truke. Noizean behin amari eskutitzen bat idazten zion, baina Louis Bonlieu bezala sinatzen zuen. Nik ia 9 urte nituela, bisitan joan ginen ama eta biok. Frantsesa ikasi nezan ikastetxe batean sartu behar ninduela-eta, gezur hura sinistuta eman ziguten muga pasatzeko baimena. Aita gure zain zegoen, zita preparatuta zegon. Izan zen ikaragarrizko emozioa… Nik aita asko maite nuen, asko, eta berak ni. Han kontatu genion bere ama, gure Igeldoko amona, hil egin zela. Trago gogorra izan zen. Gero pentsatzen jarrita… ze trantzeak, ezta? Ze arriskuak hartu genituen. Horrelako arrastoak ez dira sekula ahazten, betirako gelditzen dira bihotzean. Orduan, abertzale ez nintzen izango, ba?», galdetu du. Aita etxera itzuli zenean, ez zuen sekula Biteriko eskoletan maisu bezala zuen plaza berreskuratu. Ama telefonista lanetara itzuli zen. Han eta hemen, beti lanean Antolaketa berriari ekin zion “Zeruko Argia” astekarian zuzendari lanetan jarri zenean. «Banekien egunkari bat antolatzen, ez nuen behin ere bat egin, baina asko ikusiak nituen. Zein zen haien funtzionamendua, hizkuntza eta sailak, editorial bat behar zuela ere... Oso gustura ibili nintzen, baina ez nintzen ni bakarrik, lantalde bat zegoen. Jendeari interesatzen zitzaizkion elementu eta edukiak jorratu genituen. Horretarako jendea behar zen, eta laguntzaileak bilatu genituen herrietan, beren herrien inguruan idazteko. Batere sosik jaso gabe egiten zuten». Euskarazko kazetaritza egiteak militantziatik bazuen garai hartan; «bekatua» zen, Azurzaren hitzetan. Emakume bakarra zen, gizonezkoz inguratuta. «Bai, beti, eta bost axola zitzaidan! Etxean ere lau anaia hezi nituen. Niretzat hori ez zen inoiz problema izan», dio, eta ez zuela gehiago demostratu behar izan, nahiz eta uste duen bere irteera «inbidiak» eraginda izan zela. «Batzuek inbidia pixka bat bazuten, baziren pare bat, eta indarra zuten… Bilera batean kartilla leitu zidaten. Seko gelditu nintzen, eta hurrengo asteko bileran erantzun egin nien. Gehiegi agintzen nuela ere esan zidaten, baina… zuzendaria izanda ez nuen aginduko ba? Bestela ez dira egiten gauzak, ezta lanak aurrera ateratzen! Akatsak izango nituen, eta aterako ziren, ados; akatsik gabekoa ez naiz, baina uste dut niri kontuak eskatzea izan zela antifeminismo bat, eta, gainera, ez ziren egiak. Gizon bat izan balitz zuzendaria, uste dut ez litzatekeela gertatuko», gogoratu du. Bi sexuen arteko berdintasunean sinisten zuen. «Behin ere ez zitzaidan okurritu diferenteak ginenik pentsatzea. Idazteko? Periodiko bat egiteko? Argazkiak egiteko?». Handik gutxira utzi zuen kargua. Gainera, egunkaria «ezkerrera eraman» nahi zutela ikusi zuen eta Azurzak dio bera ez zela «horretarako pertsona egokia». Ondoren etorri ziren beste hainbat lan: CCC institutuan testuak zuzentzen, Michelin enpresak editatzen zuen aldizkarian eta “Deia” egunkarian. Hamabi urtez izan zen erredaktore, eta maitasun bereziarekin gogoratzen du garai hura. 1990 eta 1996 artean, azkenik, Jose Maria Setien Donostiako gotzainaren prentsa arduraduna izan zen. «Oso garai zailak izan ziren, ze kartak eta ze gauzak esaten zizkioten Madrildik. ‘¡Hay que contestar enseguida!’, esaten zidan, eta edozein zela ordua idazten nituen oharrak. Fuertea izan zen bai etapa hura». Beti lanean aritu da Azurza. «Idazketa nire mundua zen, eta oraindik ere bada. Kazetaria dena, beti da kazetari. Orain ez nago lan egiteko moduan, eta ezin naiz konprometitu segun zertara… baina segun zertara bai, eta pozik», dio irribarrez. Ogibide zuzena «Kazetari gazte bati zein aholku emango zenioke, Miren Jone?». «Aurrenekoa, gaiak ondo aukeratzea. Batzuetan ondo aukeratzen da txiste bat esatea, eta beste batzuetan oso gauza inportanteak esatea. Eta konturatu beti zer ari zaren egiten: ari zara hitz egiten irakurlearekin, hari dagokiona eta zuk esan nahi diozuna esan, besteak kontuan hartu. ‘Zeinek irakurriko du artikulua?’. Hori da galdera». Gaur egun ez lukeela idatziko «tontokeria bat» dio Azurzak. «Orain idatziko nituzke gauza serioak, eta oraingo garaietarako balio dutenak. Bestela ez zait interesatzen». Egunero-egunero adi irakurtzen du prentsa, eta kazetaritza hobetu dela uste du, «asko aberastu» baita eta «kazetariari beste kategoria bat» eman zaiolako. «Kazetek jendea laguntzen dute, informatu egiten dute, pentsamendua sortzen dute. Eta hori zure eskuetan jartzen dute. Kazetaritzak funtzio soziala du, jendeak beharrezkoa du». Nostalgiak eraginda akaso, edo jakinduriak igual, papera ordezkatzea oso zaila ikusten du. Baikorra da egunkariekin. «Ikasi nahi baduzu, papera. Denbora pasa nahi baduzu, telebista. Ogibide zuzenean zaude. Horretan ari nintzenean, niri iruditzen zitzaidan zerbait ona egiten ari nintzela eta norbaiti on egiten niola», hausnartu du. Azken oharrak hartzean bakarrik onartu du «lotsatuta» sentitzen dela elkarrizketa bat emateagatik. «Badakizu zenbat kazetari dauden munduan?». Esku finak eraman ditu bularrera. Eta baietz, baina bidea behin irekitzen dela eta Miren Jone Azurza Aristegieta han zegoela. «Hori ez da ezer, kasualitatea baino ez». Baina kasualitatea izan edo ez, horiek kontatzea ere ez al da gure ardura? KRISTAUTASUNA «Mezetara galtzerdi gabe joategatik konfesatu nintzen umetan. Eliza Katolikoak ez du asmatu gaurkotzen. Kristautasuna zer den hausnartu, mamia bakarrik hartu eta bizitu» EUSKARA «Euskara familian obligazioa zen. Euskalduna eta abertzalea naiz, baina ez nengoen inon izena emanda. 3,5 kilo patata zuritu behar nituen gauero. Ez nuen denborarik»