GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUTESKUNDE AUTONOMIKOAK EAE

PNV mendian, PP-Cs Gernikako arbolan, eta Oteroren aita memorian

Kanpaina arraroenak irudi arraroak utziko zizkigula bagenekien, baina zaila zen Pablo Casado eta Ines Arrimadas Gernikako arbolaren gerizpean imajinatzea. EAJ mendira igo zen atzo, Pedro Sanchez nazionalismo hutsala saltzera etorri zen Bilbora, eta Mikel Oterok Euskal Herrira iritsitako migranteak ekarri zituen gogora. Lehena, bere aita.


Jakin bagenekien kanpaina arraroa zetorrela, baina gutxik imajinatuko zuten Ines Arrimadas Ciudadanoseko burua Gernikako arbolaren gerizpean ikusiko genuenik Pablo Casadorekin. Are gutxiago Iparragirreren kantuarekin non sartu edo zer egin asmatu ezinik erakutsiko zizkigutela kanpainako bideo ofizial batean. Eskerrik asko.

Urkullu eskuin hanka ezkutatu nahian dabilen kanpaina honetan, autonomiak birrindu nahi zituen alderdi laranjak Gernikan bukatu du. Auskalo, batzuek nahi eta beste batzuek uste baino herri ezkertiarragoa eta abertzaleagoa da hau, agian.

EAJko lehendakarigaiak, ordea, bi hankak behar izan zituen atzo Zaldiaranera igo ahal izateko. Hori eta buruko zinta. Makil bat eskuan, baina bideo ofizialean erabili gabe, PSEko makulua bailitzan. Eta goian txistu saioa, ardo botarik gabe, jakina. Ez dago erraza irudi desberdinak ematea kanpaina honetan, eta bere erara, atzo lortu zuten jeltzaleek. Hori bai, politikan badira atzo Urkulluk Araban zerrendatu zituen baino anbizio handiagoko gailurrak: «lana, kohesio soziala eta autogobernua». Igo beharreko tontor duinak, jakina, baina Everestik ez ortzimugan.

Politikatik atera gabe, beste garai batean beste gauza bat zen mendira joatea. Antzeko asmorik ez jeltzaleen artean, baina obsesioak zer diren, Urkulluk azaltzeko beharra ikusi zuen: «No nos hemos echado, hemos subido al monte».

Lehendakariak nahiago ditu bide zabal eta lauak, PSErekin batera ibili daitezkeenak. Atzo, Espainiako presidente Pedro Sanchez egon zen Bilbon Idoia Mendiarekin, bide horretan ez aurrera eta ez atzera. Entziklopedia saltzaile planta hartzen du Sanchezek kanpainetan. Atzo «berdintasuna identitateari gailendu» behar zaiola saltzera etorri zen Euskal Herrira, identitate horien arteko berdintasuna nazionalismo hutsalaren itsutasunean ahaztuta.

PSE bide eroso horretatik ateratzeko esfortzuan, Elkarrekin Podemosek ordezkari madrildarra ekarri zuen atzo Gasteizera. Alderdiko antolakuntza idazkari Pablo Echeniquek errepikatu zuen berriz gaur orriotan–eta eguerdian Bilbon– Pablo Iglesias presidenteordeak etengabe plazaratzen duen leloa: PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos batu behar dira EAJ Ajuriaenetik ateratzeko. Madrilen bidaide dituzten sozialistek, ordea, hamaika aldiz errepikatu dute ez dutela orain arteko bide zabala utziko bidezidor ezezagunen bila. Benetan zaila dauka hauteskunde hauetan Gorrotxategik gidatzen duen hautagaitzak.

Zubi eusko-galegoa

EH Bilduk Gipuzkoan egin zuen atzo ekitaldi nagusia, Eibarren. Baina arabar batek jarri zuen mahai gainean hitzaldi deigarriena. Tira, arabarra, eta erdi galegoa, atzo azaldu zuenez. Mikel Otero hautagaiak BNGko lagunen presentzia baliatu zuen galegoz hitz egin eta 60ko hamarkadetatik gaur arte Galiziatik eta beste leku askotatik Euskal Herrira etorri eta Euskal Herria egin duten migranteak omentzeko.

Horitariko bat izan zen bere aita, Galiziatik iritsi, eta Alkizako baserri bateko alabaren eskutik Euskal Herria ezagutu eta borrokatu zuena. Azaroan hil zen, eta Oterok aitaren bitartez egin nahi izan zien bera bezalako migrante guztiei omenaldi xumea.