23 JUIL. 2020 CRISIS DEL CORONAVIRUS Gipuzkoako erizainen %6k eman dute positibo koronobirusean GARA Donostia Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak covid-19ari buruzko inkesta egin zuen ekainean herrialdean diharduten 5.395 erizainen artean. Inkestan kolegiatuen %16k parte hartu zuen. Helburua profesionalen egoera zuzenean ezagutzea zen. Osasun Sailak datu ofizialik eman ez duenez, inkestan jaso eta estrapolatutako datuen arabera, erizainen %6k eman zuen positibo covid-19an Gipuzkoan. Alegia, 323 profesional kutsatu dira. Aurrera begira, bigarren olatuaren hipotesiaren aurrean, testez eta babesteko materialez gain, erizainek lehenik eta behin koordinazio handiagoa eskatzen dute (%69); baita prestakuntza gehiago ere (%59,10); kontratazio gehiago ere nahi dituzte (%54,2); erdiek baino gehiagok soldata osagarria nahi dute (%50,9); laguntza emozionala lautik batek (%24,4); eta ostatua ere eskatzen dute bostetik batek (%20,4). Azkenengo hilabeteetan nola sentitu diren galdetuta, hau diote: tentsioan (%83), amorratuta (%68,6), urduri (%67), indargabe (%67), beldurtuta (%57) eta triste (%48). Gainera, erantzun dutenen laurden batek diote egunero nekatuta daudela lanaldiaren amaieran, eta %42,6ri astean zenbaitetan gertatzen zaio hori. Alderdi emozionalei dagokienez, %85ek uste dute lanaren ondorioz gogortasun emozionala handitu zaiela. Gehiengo zabal batek, %89, erizaintza lanak eraginkortasun handiz egiten dituztela pentsatzen du. %83,3 motibatuta sentitzen da paziente edo erabiltzaileekin kontaktuan lan egin ondoren. Parte hartzea eta eskaerak Inkestan 853 kolegiatuk parte hartu dute (guztien %15,80). Horietatik %62,9k Donostialdean egiten dute lan, %11k Goierrin, %8k Bidasoaldean eta %7,6k Debabarrenean. Inkesta erantzun dutenen %53,10ek ospitale eremuan lan egiten dute, %17,7k Lehen Arretan, eta %8,7k adinekoen egoitzetan, beste zerbitzu batzuen artean. %80k osasun publikoan egiten dute lan eta %20k osasungintza pribatuan. Emaitzak eskutan, Elkargoko presidenteak, Pilar Lekuonak, erizainen erresilientzia ez dela mugagabea gogorarazi nahi izan du. Beldur dira, «pilatutako nekea dela-eta, ezingo luketelako jasan igarotakoaren pareko beste agerraldi bat». Ildo horretan, dei berezia egin die herritarrei zuzen jokatzeko, ezarri diren neurriak betez.