GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Tinta ikusezinean idatzita


Espioitzarekin estu baino estuago lotuta egon ohi da tinta ikusezinaren erabilpena. Badakizu, limoi zukuarekin-edo idazten duzu idazki arrunt-arrunt baten lerroen artean zeure mezu sekretua, gero, jakinaren gainean dagoen hartzaileak, plantxa beroarekin edo, agerrarazi eta irakur dezan… Antigoalekoa da hori; baina gaur egungo transmisio digitaletarako erabiltzen den esteganografiak printzipio berberari heltzen dio. Kamuflajea.

Horregatik agian, entzun nuenean «espioitza zentro bat» zelako ixten zuela Trump administrazioak Txinak Houstonen zuen kontsuletxea, arrunkeria horrek tinta ikusezinean idatzita eraman behar zuen mezuaren bila hasi nintzen. Espiatu, zer espiatu handirik ez bainuen ikusten ez Houstonen ez ingurumarietan, petrolio-industriaren inguruko zerbait ez bada… egunkarietan datorrena.

Izan ere, Houstonek espazio-industriarekin eduki zuen harremana beste leku batzuetara joanda dago aspaldi (Estatu Batuetako Espazio Indar sortu berriaren egoitza bakarra ere ez da egongo Texasen, adibidez). Horretara jarrita, zergatik ez itxi, esate baterako San Frantziskoko kontsuletxea, txinatar diasporarekin, eta Silicon Valleyrekin, askoz lotura estuagoa duena?

Sinesgarria egin zitzaidan, bidenabar, Estatu Batuetan bertan batzuek egiten duten irakurketa: kili-kolo legokeen estatu «errepublikanoa» da oraintxe bertan Texas. Azaroan han galduz gero, akabo Trump. Sinofobiaren karta politiko hutsa, beraz. Oso litekeena.

Aldiz, Txinak ordainetan Chengduko kontsuletxe estatubatuarra itxi izanaren mezu ezkutua irakurtzeko ez dago plantxa berotu beharrik ere. Bere garaian, 1985ean, Sichuango hiriburua ere ez zenean, Chengdun kontsuletxea irekitzeko Estatu Batuek zuten arrazoi bakarra: Txinako defentsa-industria aurreratuenaren egoitza nagusietakoa zen jada, eta da orain askoz gehiago, ingurumari hura. Esan gabe doa Txinak bazekiela zertarako eta nori ematen zion baimena.

Orain, borondate oneko keinuak amaitu dira, bistan denez.