12 AOûT 2020 JOPUNTUA Mandataria Mikel Aramendi Kazetaria Joan den ostegunean, M. Esper, Estatu Batuetako Defentsa idazkariak, solasaldia egin omen zuen telefonoz Wei Fenghe Txinako Defentsa ministroarekin. Izan zitekeen munduko gauzarik normalena –azken finean, bi lankide lirateke, lan kontuez hitz egiten–; baina ez, ez da horren normala. Ezta bereziki lasaigarria ere. Batetik, solaskideetako batek, Txinak, soil-soilik, eman duelako elkarrizketaren berri; edukiaz ia ezer argitu gabe: Esperrek eskatuta egin zela, eta alde biek hitz egin zutela «bi armaden arteko loturez, eta datorren faseko harremanez». Pentagonoak, hori ere ez. Ahapeka, apur bat gehiago jakinarazi dute geroztik txinatarrek: luzea izan zela elkarrizketa, ordubete baino gehiagokoa; eta ia ezertan ez zirela bat etorri, ez bada hitz egitea ona dela esaten. Bejondeigula… datorren fasean. Aurretiaz zalantzarik bazuten –ez dut uste–, egun hartan bertan argituko zitzaien, hein handi batean, Pekineko agintariei zertara zetorren Esperren deia. Merkatu librearen fededunak sinesgabetu eta fedegabeok geurean dezente berretsi gaituen aurrerapausoa eman zuen Trumpek ostegun horretan bertan TikTok aplikazio txinatarra debekatzeko agindu exekutiboa sinatuz. Ahaztua bazuten –ez dut uste–, berehala bururatuko zitzaien Sun Tzu zaharrarena: «Etsaiaren mandatariek apal hitz egiten badute gerrarako prestamenak areagotzen ari diren bitartean, aurrera egingo dutela esan nahi du. Harro hitz egiten badute eta arrandiaz aurrera egiten badute, erretiratu egingo direla esan nahi du. Haserre agertzen badira, nekatuta daudela esan nahi du. Mandatariak bake-plantan etortzen badira, menia nahi dutela esan nahi du». Beraiek jakingo dute nola hitz egin zion Esper mandatariak Wei jeneralari. «Datorren fasea» zein den jakitea komeniko litzaiguke guri. Ahal dugun neurrian bederen, prest izateko. Argigarria izan daiteke Kevin Rudd Australiako lehen ministro ohi eta «sinologo» ezagunak arestian idatzi duena: «Pentsaezina zenak, Estatu Batuen eta Txinaren arteko gatazka armatu errealak, posible dirudi orain, Koreako Gerra amaitu zenez geroztik lehen aldiz». Merkatu librearen fededunak sinesgabetu eta fedegabeok geurean dezente berretsi gaituen aurrerapausoa eman zuen Trumpek ostegun horretan bertan TikTok aplikazio txinatarra debekatzeko agindu exekutiboa sinatuz