06 SEPT. 2020 KIROL ESKALADA Megos: «Nire ustez, ‘Bibliographie’9c mailako bide bat da» Iragan abuztuaren 5ean, aleman eskalatzaileak Ceus-en (Frantzia) dagoen marra horren lehen igoera sinatu zuen. 60 egun behar izan zituen, guztira. Adam Ondraren «Silence» bidearen ostean, «Bibiliographie» 9c zailtasuneko munduko bigarren proposamena da. Andoni ARABAOLAZA Azken bolada honetan, emakume zein gizon eskalatzaileak urrats garrantzitsuak egiten ari dira. Batzuk historikoak dira. Eta horien artean, joan den abuztuaren 5ean Alex Megosek egin zuena zaku horretan sar genezake. Aleman eskalatzaileak Ceus-en (Frantzia) dagoen “Bibliographie” bideari puntu gorria jarri zion. Hori lortzeko, 60 egun behar izan zituen. Denbora luzea eta ahalegin berezia marra bati mugimendu eta sekuentzia guztiak lotu eta askatu ahal izateko. Lasai asko esan dezakegu ez dela batere ohikoa Megos “saltsa” horietan ikustea. Eskuarki, proiektu ia gehienak nahiko azkar menderatzen ditu. Eta dagoeneko, 9a mailatik gorako 80 bide baino gehiago kateatu ditu. Baina azken hau berezia izan da oso. Eta lehen igoera egin eta gero, zailtasunaren proposamena iritsi zen. «Nire ustez, 9c da», horixe esan du alemanak. Era horretan, kirol eskaladak zailtasun horretako bigarren proposamena ezagutu du. Lehena, Adam Ondrak egin zuen duela hiru urte: “Silence” (Norvegia). Ondra eta Megos, Megos eta Ondra. Kirol eskaladan egungo espezialistarik indartsuenak. Haien artean, jakina ez dago lehiarik, baina kirol honen ingurumariak nolabaiteko “lainoa” sortu du. Ondra askoz ere mediatikoagoa da; besteak beste, bere jardunak sare sozialetan zein hedabide espezializatuetan maiz azaltzen direlako. Megos, berriz, “isilagoa” da. Horrek ez du esan nahi egiten dituen eskaladak lehen lerro informatiboetara ez direnik heltzen. Baina, hein handi batean, hedabideak zein sare sozialak ez ditu asko atsegin. Horren isla da “Bibliographie” bidearen puntu gorria nola iritsi zitzaigun. Kateatu zuen egunean ez zuen berria zabaldu, eta, bitxia bada ere, notizia pizzeria baten jabeak eman zuen. Ceus-eko hormatik jaitsi bezain laster, alemanak lagunak pizza bat jatera gonbidatu zituen: «Nik hara lagunak eraman nituen, eskertu nahi bainien emaniko laguntza guztia. Pizzeriaren jabeak berri hori eman zuen. Ez ninduen molestatu, baina argitaratu baino lehen komentatzea egokiena zen. Uste dut jendeak nire erabakia errespetatu behar duela; hots, nik aukeratu nahi dut non eta noiz publikatu. Alabaina, pizzeriaren jabeak prezio berezia egin zidan». Bitxikeriak alde batera utzita, “Bibliographie” bidearen ezaugarriak aipatuko ditugu. Arestian esan dugu sona handia duen Ceuseko horman dagoela. Haren DNA, berriz, Megosek berak aurkeztuko digu: «Bide honek, orotara, hiru sekzio ezberdin ditu. Marrak duen giltzaren aurretik lehen zatia 8b+ inguruan ibiliko da. Mugimendu ederrak ditu, eta heldulekuak nahiko handiak dira. Ondoren, blokeko sekzioa, giltza dena. Lau mugimendu dira, eta 8a+ zailtasuna izan dezake. Eta amaieran, bidearen goi aldean, ondo baino hobeto estutu behar da; izan ere, 9a mailako tarte luze bat (25 mugimendu) gainditu behar da. Sekzio horretan zuloak eta erregeletak nagusi dira». Saio erabakigarria Nahiz eta Megos “Bibiographie” bidearen protagonista izan, aurreratu behar dugu Ethan Pringle izan zela marra hori sortu eta ekipatu zuena. 2009. urtean izan zen, eta hango gidan proiektu ireki bezala azaltzen da. Horrekin esan nahi dugu edonork proba zezakeela, eta ez Pringlek soilik. Aukera hori alemanak ondo baino hobeto aprobetxatu zuen: «Ethanek, agian, ekipatu aurretik probatu zuen, baina nik dakidala marra horretatik ez da inor pasa». Lerrootako protagonista 2017an aurkeztu zen lehen aldiz “Bibliographie” bidearen aurrean. Mugimenduak probatu, eta bere burua gai ikusi zuen helburu horretan buru belarri jarduteko: «Jakin banekien oso zaila zela, baina ez nuen uste hain gogorra izango zela. Denera, hiru urteko joan-etorria izan da. 60 eguneko ekinaldiak! Aurreratu behar dut hiru urte horietan ez dudala jarraitutasunik izan. 2017. urteko ekainean astebete egin nuen, eta irailean hilabete bat. Baina zati zailenak gainditu gabe utzi nituen. Hurrengo urtean, ekainean, beste bi asteko egonaldia egin nuen. Udazkenean itzuli nahi nuen, baina min hartu nuen. 2019. urtean, berriz, makina bat lehiaketa izan nituen. Eta denbora librea izan nuenean berriro ere lesionatu nintzen. Aurten, azkenik, xede honetan topera ibili naiz. Joan den ekainean eginiko bidaiak ez zuen arrakastarik izan. Aldez aurretik ez nuen entrenamendu berezirik egin, eta horrek aukerarik gabe utzi ninduen. Etxera itzuli, pare bat astez entrenatu eta uztailean berriro han nintzen. Lehen astea ere ez zen batere ona izan. Baina, bat-batean, bigarrenean asko aurreratu nuen. Lehen aldiz blokeko sekzioa gainditu nuen. Ondoren, bero egiten hasi zuen, eta ezin zen eskalatu. Beste eskalada alderdi batera joan eta hoztu zuenean berriro saioak egiten hasi nintzen. Bi egun. Lehenean, ekinaldi ia perfektu bat egin nuen, baina azken mugimendu zailenean erorikoa izan nuen. Bigarrenean, aldiz, askoz ere beherago erori nintzen. Eguneko saio bat egiten nuen. Etxera itzultzeko erabakia hartu nuen, baina azken unean beste egun bat gelditu nintzen. Lehen saioan bidearen giltzan erori nintzen. Beste bat egitea otu zitzaidan. Ezusteko handia hartu nuen; izan ere, erorikorik gabe katera heldu nintzen». Jakina, hurrengo urratsa “Bibliographie”-rentzat proposamen bat egitea zen. Megosek argi dauka inoiz eskalatu duen biderik zailena izan dela. Bederen, hiru urteko prozesua eta 60 eguneko lan eskerga eskatu dio: «Jakin badakit, marra honen zailtasunaren inguruan espekulazio asko daudela. Uste dut graduazioa oso subjektiboa dela. Nik 9c bezala aurkezten dut; uste dut zailtasun hori duela. “Perfecto Mundo”-k (9b+), adibidez, 16 egun eskatu zizkidan; “Bibliographie”-k, berriz, 60. Izaera horretako proposamen bat egiteko zalantzak izan ditut, tartean alderdi asko kontuan hartu behar dituzulako: sasoia, entrenamenduak... Bide horren etorkizunari buruz ikusmin handia dut. Eman diodan zailtasun hori alde batera utzita, azpimarratu nahi nuke “Bibliographie”-n izan dudan eskarmentua aberatsa izan dela oso. Zaila da esatea bide hori nire mugarria den ala ez. Ez dakigu zein den norberaren muga». Kirol eskaladaren erakusleihoan, beraz, bi 9c ikus ditzakegu: “Silence” eta “Bibliographie”. Zailtasun bereko bi marra, baina estiloan oso ezberdinak. Protagonista hauetariko batek bestearen bidea probatuko al du? Hori da han eta hemen eskalatzaile eta hedabide gehienek egiten duten galdera. Megosek argi du ez duela presiorik nahi: «Bi bide horien estiloek ez daukate zerikusirik; oso aldenduta daude. Argi dudana da Adam oso ona eta eraginkorra dela bere estiloan, eta “Silence” bidearen ezaugarriak oso egokiak dira berarentzat. Uste dut marra hori errepikatzea kosta egingo dela. Momentuz, Adamekin ez dut “Bibliographie”-ri buruz hitz egin. Jakob Shubertekin, aldiz, bai, eta esan dit gogo handiz dagoela xede bezala hartzeko. Nik, momentuz, egin dudanarekin gozatu nahi dut». ALEX MEGOS Joan den abuztuaren 5ean, aleman eskalatzaileak Ceus-en (Frantzia) dagoen «Bibliographie» bideari puntu gorria jarri zion. Haren ustez, 9c zailtasuna du.EZAUGARRIAK Megosek adierazi du «Bibliographie» bideak hiru zati ezberdin dituela. Hasteko, 8b+ gainditu behar da; ondoren, blokeko lau pausu (8a+) eta amaitzeko, beste 25 mugimendu (9a).GOGORRENA Aleman eskalatzaileak dio inoiz eskalatu duen marrarik zailena izan dela. Denera, 60 eguneko lan eskerga eskatu dio.