07 SEPT. 2020 Surf Duke Kahanamoku: Zurien morroi edo biziraupenerako estratega? Abuztuan «Hawaiiko enbaxadorearen» jaiotzaren 130. urteurrena bete ostean, surflari ezagunaren inguruko erreportaje anitz kaleratu dira. AEBetan pil-pilean den arrazakeriaren auziak isla izan du, eta «surfaren aitaren» ibilbidea arraza ikuspegi batetik aztertua izan da. Haritz LARRAÑAGA DONOSTIA Abuztuaren 24an 130 urte bete ziren Duke Kahanamoku jaio zela. Horrela, “surfaren aita” goratu eta Hawaiiko historian izan zuen garrantzia azpimarratzeko hainbat artikulu argitaratu dira azken asteotan. Ordea, aurtengo argitalpenek berezitasun bat izan dute: ohi baino sakontasun handiagoko erreportajeak kaleratu dira, eta, gainera, AEBetan pil-pilean dagoen arrazakeriaren auziak isla izan du lan horietan, “Hawaiiko enbaxadoreak” zuen azal ilunagatik jasan behar izan zituen umiliazioen berri eman baitute. Kelly Slater da Interneten leku gehien eskaini zaion surflaria, milioika bisitari izan dituzte Floridako surflariaren bideo eta artikuluek. Aitzitik, Duke Kahanamokuren irudi eta artikuluak oso urriak dira. Hori bai, hawaiiarrak eremu akademikoetan pizten duen jakin-mina askoz ere handiagoa da. Hawaiiarrak bere bizitza pertsonala eta iritziak isiltasunarekin babesten zituen arren, azken hamar urteotan Kahanamokuri buruzko azterketa eta entsegu mardulak argitaratu dituzte zenbait unibertsitatetako ikerlari eta irakasleek. Hawaii AEBetako lurralde bilakatu zen sasoian bizi izan zen Kahanamoku. 8 urte besterik ez zituen Hawaiiko monarkia indargabetu eta uharte guztiak AEBekin batu zirenean. Ordea, 1959. urtera arte Hawaii ez zen AEBetako estatu gisa aitortua izan. Denbora horretan guztian iparramerikarren gailentasuna erabatekoa izan zen Hawaiin eta Kahanamokuk, bere herrikideek bezala, gailentasun horren ondorioak bere azalean pairatu zituen, besteak beste, bere azala beltza zelako. Etengabe umiliatutako herri bateko ordezkaria izan arren, inoiz ez zuen jendaurrean kexarik agertzen, ezta pairatzen zuen arrazakeria sistematikoa gaitzesten ere. Horregatik, ikertzaile askok bere izaera otzana kritikatzen duten bitartean, beste batzuek, baliabide eta botere askoz handiagoak zituen etsai baten aurrean bizirauteko hautatu zuen estrategia izan zela uste dute. «Haole madarikatuak» Steve Hawk kazetariak Duke Kahanamokuren gaineko pasarte bat aztertzen du “Surfer’s Journal” aldizkarian. Bere esanetan, «zuriekiko egiaz zer pentsatzen zuen azaltzen duen pasartea da», baina, artikuluaren amaieran, zera aitortzen du: «agian oker nengoen, zeren bere herriak sentitzen zuena azaleratzen zuen zerbait esan zuenean ere, bere herriaren galbidea ekarri zutenen oinordeko zen surflari gazte bat besarkatzen ari zen». Surflari hori Greg Noll kaliforniarra zen, Da Bull ezizenarekin ezaguna, olatuei zezen batek bezala egiten baitzien aurre. Olatu handietako surflari aitzindariak harreman estua izan zuen Kahanamokurekin eta elkarrizketa batean 60eko hamarkadako pasarte bat kontatu zuen. Jada kondaira zen hawaiiarraren omenez antolatu zen ekitaldi batean gertatu zen. Antolatzaileek ez zuela jendaurrean hitz egin beharko zin egin omen zioten Kahanamokuri, honek ez baitzuen jendaurrean hitz egitea maite, baina azken unean oholtzara igotzeko eskatu zioten. Kahanamokuk adeitasunez obeditu zuen, baina aulkitik altxatzeko unean, mahaian berekin eserita zegoen surflari kaliforniarrari honako esaldia esan zion isilean belarrira: «Haole madarikatuak». Pasarte hori oinarri hartuta artikulu luze bat idazten du “Surfer’s Journal”-eko kazetariak, baina Kahanamokuren ahotik atera ziren hitz itsusi bakan haien atzean ere gorroto edo kexarik ez zegoela ondorioztatzen amaitzen du erreportajea. Hawaiiarrak pairatu zituen umiliazioen berri eman ostean, zuriekiko edo kanpotar amerikarrekiko (haole-ak) arrangura izatea justifikagarria litzatekeela nabarmentzen du Hawkek. Amaieran, baina, Nollekin eta beste hainbat jakitunekin hitz egin ostean, Kahanamokuk hitz haiek ere adeitasunez esan zituela adierazten du. Kahanamoku hawaiiarren ordezkaria izan zen, “Hawaiiko enbaxadorea”. Baina bere ibilbidea oparoa izan arren, eta uharteetako pertsonaia ezagunena izan arren, ez zuen aberastasun handirik izan bizi osoan, eta, “Jurfer’s Journal”-eko idazleak salatzen duenez, klase politikoa bere izaera otzanaz baliatu zen Hawaii AEBetako eremu idiliko gisa irudikatzeko. «Hawaiiko enbaxadorea» Duke Kahanamokuren irudia sarri erabiltzen zen aldizkarietan Hawaii eta bertako biztanleen izaera abegitsua sustatzeko, izan ere, horretarako irudi perfektua zen. Gizon zardaia, atsegina eta edukazio onekoa zen eta, bere misioa, bere arbasoen «aloha izpiritua» zabaltzea zen. Kahanamokuk banatzen zituen aurkezpen txarteletan honako esaldia irakur zitekeen: «Aloha hitzak unibertsalki ordezkatzen du hawaiiarren izaera abegitsua. Horrela uste dut nik ere eta hori da nire sinesbidea». James Nendel ikerlariak 2006an argitaratu zuen lanean honako gogoeta egiten zuen: «XIX. mendeko misiolari puritanoek debekatu zituzten ohitura hawaiiarrak marketin tresna bilakatu ziren Hawaiiko kultura berri bat iragartzeko, eta Kahanamoku, nahita edo nahigabe, ezinbesteko pieza izan zen». Bere iritziz, estatubatuar izatea zer zen birdefinitu zuen. Kahanamokuk 20 urte zituen 100 yardako estilo librean munduko errekorra egin zuenean. Urte bat geroago, urrezko eta zilarrezko dominak irabazi zituen Stockholmeko Olinpiar Jokoetan eta azal iluneko AEBetako kirolari famatuena bilakatu zen. Geroago, 1920ko eta 1924ko Olinpiar Jokoetan ere dominak irabazi zituen. Behin, Kalifornian zela, zortzi arrantzale erreskatatu zituen berak bakarrik, eta, batez ere, surfa Kaliforniara, Australiara eta Zeelanda Berrira eraman zituen. Hawaii ordezkatzeko pertsonaia ezin hobea zen, beraz. Ustekabeko heriotza Kahanamokuren jaiotza data aitzakia moduan hartuta argitaratu diren artikuluetan bere azken urteetan izan zituen gaixotasunen inguruan ere idatzi da. Hawaiiar mitikoaren heriotzak surflariak ezustean harrapatu omen zituen, baina gertukoek bazekiten aspalditik osasun arazoak zituela. Waikiko aparkalekuan bere Rolls Royce Silver Cloug autoko giltzak zein poltsikotan gorde zituen bilatzen ari zen 1968ko urtarrilean 22an, bat-batean bere bihotza gelditu zenean. 77 urte zituen. Aberastasuna irudikatzen zuen bere autoa hartzera zihoan unean hil zen paradoxikoki, berriki jaso zuen opari bat baino ez baitzen Rolls Royca, eta, Hawaiiko leinu aristokratiko bateko oinordeko izan arren, bizi osoan modu oso apalean bizi izan baitzen Kahanamoku. Bi hamarkada geroago bere emazte zenari egin zioten elkarrizketa batean honakoa eman zuen aditzera Nadine Kahanamokuk: «Dena barruan gordetzen zuen eta horrek urdaileko ultzera sorrarazi zion. Zoritxarrez, odola isurtzen zuen ultzera bat izan zen». Hil baino urte batzuk lehenago, ebakuntza bat egin zioten buruan eta Hawaiiko komunikabideetan agertu zen berria. “Honolulu Advertiser” egunkarian honakoa idatzi zuten: «Tunika urdina eta bermuda gorriak janzten zituen, eta galtzerdi zuriak zituen, behatzetan moztuta». Bere emazteak azaldu zuenez, «galtzerdiek oinak bero mantentzen zizkioten, baina behatzak mugitzea gustatzen zitzaion». IRITZI DESBERDINAK Ikertzaile askok bere izaera otzana kritikatu duten bitartean, beste batzuek botere askoz handiagoa zuen etsai baten aurrean hautatu zuen estrategia izan zela nabarmendu dute. « ALOHA IZPIRITUA » Kahanamokuren aurkezpen txarteletan honakoa irakur zitekeen: «‘Aloha’ hitzak unibertsalki ordezkatzen du hawaiiarren izaera abegitsua. Horrela uste dut nik ere eta hori da nire sinesbidea». BEHATZAK LIBRE Galtzerdietako puntak moztuta izaten zituen beti. «Galtzerdiek oinak bero mantentzen zizkioten, baina behatzak mugitzea gustatzen zitzaioan», azaldu zuen Nadinen Kahanamoku Dukeren emazteak.