GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gogoratzekoa?


Gogorrak edo sakonak egin zaizkigunak biguntze aldera edo, buruak badu halako joera bizitako une edo pasarte batzuen inguruko oroimenak moldatzeko; hala, nahi edo komeni zaigun erara gordetzen ditugu garuneko zirrikituetan, bizitza lerroan nolabait kokatuta. Horregatik ez dakit hiru, lau edo bost urterekin gertatu zen, baina nik nire lehen eskola egunarekin lotu izan dut beti oroimen hura. Ama eta biok eskolara bidean, elkarri eskutik helduta, estututa eta elkar estutzen, pausu geldoan. Etengabeko hizketan, urduritasunak sortzen duen jario etengabe horretan biok. Gelara eraman nau eta eseritzea lortu du jostailuek sortutako tentazioak amaren eskuaren beroak baino indar handiago hartu eta aldendu naizenean; baina atea zabaldu eta han irten da, gainerako gurasoekin batera, atzera begiratu ere egin gabe. Albokoa negarrez hasi da eta negarraldi kutsakorrean gainerakoak. Oroimenean horraino daukat gordea.

Urte batzu-batzuk beranduago txikiari eskutik helduta eta pauso koldarrean egin dugu eskolarako bidea. Sei hilabete dira etxea ikasgela bilakatu zitzaigunetik eta, denbora horretan eskolako ateak noiz zabalduko egon garen arren, ikasturte hasiera berritasun eta urduritasun askorekin dator, eskola berria eta egoera ere halakoxea.

Ez dakit egun hau gogoratzeko gai izango den, zirrikiturik egingo dion; agian, bere erara moldatuko du; beharbada, nik kontatu beharko diot apur bat goxatuta, ikasturte hasierako ohiko irrika eta urduritasunari beldurra eta ezina gehitu zaizkiolako. Amak apenas eman dio musurik agurtzean, musukoa ezin da kendu eskolan eta haiekin ematen direnak ez duten musu kategoriarik merezi; irakaslea berria du, ahots leunez hitz egiten dio, baina ezin du irribarrez ikusi, aurpegirik ere ez dio jarri, begiak baino ez dizkio ikusten eta; helduak larri sumatzen ditu eskolaz hizketan, baina eskolez ezer esan gabe ia, arazoak eta zailtasunak haien hitzetan, eta, bitartean, oroimen aukeraketa horretan hasita jada, eskolako lagunen izenak, irakaslearen hitzak, ikasgelan dituzten jostailuak eta jolasa aipatu ditu berak etxera bueltan etengabeko jarioan.