21 SEPT. 2020 JOPUNTUA Ginsburg Oihane Zabaleta Tokiko garapeneko teknikaria Ruth Bader Ginsburg AEBetako Auzitegi Goreneko epailea joan den ostiralean hil zen, 87 urte zituela. Hil aurreko egunetan Ginsburg berak gertukoei negar egiteari uzteko eskatu eta mandatu hau grabatzeko agindu zion bere bilobari: «Nire desio sutsuena da ez nazatela ordezkatu presidente berria izendatu arte». Ginsburg epaileak, Mitch McConnell Senatuko gehiengo errepublikanoaren buruak ezarritako aurrekaria zuen gogoan. Izan ere, Antonin Scalia epailea 2016ko otsailean hil zenean, McConnellek Auzitegi Goreneko eserleku bat hutsik mantentzea erabaki zuen. Horrela izan zen azaroko hauteskundeak igaro eta 2017an presidente berria izendatu arte. Oraingoan, baina, McConnellek entzungorrarena egin eta Senatuko bozen gehiengoarekin, Auzitegi Goreneko epaile berria ziztu betean izendatuko omen du. Ondorioa, Trumpek eta errepublikanoek senatua eta Etxe Zuria galduta ere, Auzitegi Gorenean duten gehiengo kontserbadorea sendotzea litzateke. Ezin uka Ginsburg AEBetako ikono feministatzat dutela bertako belaunaldi berriek, hein batean, kamera aurreko distirak eta bere jarrerek eragindako ospeari esker. Hala ere, bere lorpenik gogoangarrienak, emakumeen eskubideen aldeko borrokan lortutakoak, Auzitegi Gorenera iritsi baino dezente lehenagokoak dira. Ozeano Atlantikoaren alde batean zein bestean, arrazoi desberdinak tarteko, Ginsburgen aurrekarien, ondarearen, bizipenen eta lorpenen gainean asko hitz egingo da egunotan. Horren harira, gogoeta egin dut Urkulluri Emakunde Lehendakaritzan mantentzeko egindako eskaeran jasotakoek badituztela atzean urte luzetako lorpenak, politika egiteko moduak eta aurrekariak. Erabaki politiko horrekin, hautsi egin da administrazio publikoaren, mugimendu feministaren, emakume elkarteen eta esparru akademikoan lan egiten duten feministen arteko adostasuna. Emakunde Lehendakaritzan mantentzea funtsezkoa da gender mainstreaming estrategia eta genero zeharkakotasuna gauzatzeko. Eta, batez ere, Ginsburgek utzitako esaldi lapidarioa gizarte estamentu guztietan praktikan jartzeko: «Emakumeek erabakiak hartu behar diren leku guztietan egon behar dute». Emakunde Lehendakaritzan mantentzea funtsezkoa da «gender mainstreaming» estrategia