GARA Euskal Herriko egunkaria
E

Durangoko Azokak Landako plaza birtual bilakatu du

Ohiko erakusmahaiak alboratuta, Durangoko Azokak «online» denden itxura hartuko du aurten. Pandemiak behartutako jauzi digitala etorkizuneko Azokaren iragarle ote?


Malenkonia, tristura ukitu bat eta, batez ere, norberak bere burua berrasmatzeak dakarren arduraren zantzuak igar zitezkeen atzo Durangoko Plateruena antzokian. Erakunde publikoak, babesleak eta euskal kulturako sektore ezberdinen ordezkaritza zabala ondoan izan zituen Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, covid-19ak eragindako osasun larrialdi egoeraren mende egingo den Azokaren 55. edizioaren aurkezpenean. Metafora gisa irakur zitekeen aurkezpena egiteko urte bukaeran ateak itxiko dituen Durangoko kafe antzoki beteranoa aukeratu izana. Euskal kulturaren egoera hauskorraren metafora, alegia.

Aurkezpenean, 55. edizioko kartela ezagutarazi zuten; irudi naif, eder eta baikorreko kartela. Paisaia grisaren gainean mugimenduan den kolorez betetako bihotz bat –“Da!”, bihotzaren taupadaren jokoa da Azokaren lema– marraztu du Ane Pikaza ilustratzaile eta aktoreak. Pikazak (“Ane” filmeko protagonista) Azoka osatzen duten diziplina guztiak txertatu ditu kartelean. «Bizitzen ari garen egoera grisean kultura, gure bizitza loratzen duen taupada izateaz gain, etengabeko eraikuntzan eta sorkuntzan den bihotza dela ere irudikatu nahi izan dut», azpimarratu zuen egileak.

Formula desberdinak

Datorren abenduaren 4tik 8ra ospatuko da Durangoko Azokaren 55. edizioa –abenduaren 4an ikasleen goiza egingo da, birtuala noski–, orain arteko guztien artean ezohikoena. Saiakerak egin dira azken hilabeteotan ohiko irudia eta edukiak mantendu ahal izateko, batez ere erakusmahaiak jarri eta ahal zen neurrian Azokaren izaera presentziala bermatzeko. Formula desberdinak aztertu dira, baina, azkenean, egoerak behartuta, Azoka online egiteko hautua egin behar izan dute.

Hori bai, egoerak hilabeteotan okerrera egiten ez badu, aurrez aurreko zuzeneko egitaraua mantentzen ahaleginduko dira. Datorren astean emango da jakitera Landakoko txoko batean eta Plateruenan egingo diren ekitaldien egitaraua; kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak....

Beraz, abendu hasieran urtero-urtero Durango euskal kulturaren hiriburu bihurtzen duen hitzorduaren «espirituak» sarera emango du jauzia aurten. Azokan bila ditzakegun nobedade guztiak bilduko dituen denda birtuala egongo da eskuragarri Durangoko Azokaren helbidean (www.durangokoazoka.eus): bertan erosi ahal izango dira argitaletxe zein taldeen produktu berriak, eta bertatik bideratuko dituzte bidalketa eta ordainketa guztiak. Klik egin eta, otarrean sartu ondoren, etxera helduko zaizkigu erositako altxorrak. Era berean, Durangora bertaratu beharrik gabe, webgunean streaming bidez jarraitu ahalko dira zuzeneko ekitaldi guztiak.

Euskal kulturako eragile nagusiek Azoka mantentzearen alde egindako apustu irmoa azpimarragarria da, batik bat kontuan izanik gehien-gehienek beraien web orrialde propioetan dituztela salgai kaleratzen dituzten nobedadeak eta gainontzeko produktu guztiak. Jose Mari Sors EEE Euskal Editoreen Elkarteko ordezkariak aipatu zuen bezala, guztien apustua «Azokak bere izaera mantentzea izan da». Sorsek, bere kabuz, proposamen propio bat luzatu nahi izan zion Gerediagari: «Zergatik ez Durango Euskal Herri osora zabaldu?». Azoka egiten den bitartean, irakurleek euren herrietan produktuak erosteko aukera izan beharko lukete Sorsen ustez, bai liburu dendetan bai espresuki egun horietarako presta daitezkeen guneetan.

Azokaren denda birtualari dagokionez, web orrialdearen bitartez egindako salmenten %12 jasoko ditu Azokak, kudeaketa gastuei aurre egiteko. Ez da lan makala izango; plataforma kudeatzeaz gain, berehalako bidalketak bermatu beharko dituztelako. Horretarako, Landako gunea sortuko duten «Euskal Amazon» birtualaren biltegi bihurtuko da.

Atzo bertan zabaldu zen izena emateko epea. Doakoa izango da eta parte hartu nahi duten ekoizle eta sortzaileek urriaren 22ra arte izango dute aukera.

Bertan behera, ez

Nerea Mujikak atzo azpimarratu zuenez, aurten «guztiontzako segurua den Azoka» antolatzea izan dute helburu. Azoka bertan behera uzteko erabakia hartu zezaketen –nazioarteko zenbait azokak hartu duten bidea, esaterako–, baina Mujikak gogorarazi nahi izan zuen argitaletxeen eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia duela Durangoko hitzorduak; urteko salmenten %22, batez beste. «Aurten inoiz baino garrantzitsuago da plaza hau eskaintzea. Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari».

Andoni Iturbe EAEko Kultura sailburuorde berriak, bestalde, «kulturaren ikusgarritasuna» bermatzeko zenbait ekimen egingo direla aurreratu zuen, asko zehaztu gabe. Atzo arratsaldean egindako bileraren ostean jakingo dira, agian.

Plateruena babesteko gonbita egin die Garrastatxuk erakundeei

San Fausto festak ospatzekoak ziren Durangon asteon. Osasun egoera ikusirik, bertan behera utzi dituzte, beste herri askotan egin bezala. Abenduan, berriz, «online» eta osagai presentzial txikiarekin egingo da Durangorentzat festak bezain funtsezkoa den Azoka –bai sortzen den jai girogatik bai arlo ekonomikoan duen garrantziagatik–. Inma Garrastatxu Durangoko alkatea «arduraz» jokatu beharrari buruz aritu zen atzo eta, era berean, joan den astean azaleratutako hirugarren auzi bati heldu nahi izan zion; Plateruena kafe antzokiaren itxierari, alegia. Hunkituta eta guzti agertu zen atzo, eraikina zabaldu zenean dantza taldearekin bertan taula gainean aritu zela gogoan. Auzia konpontze aldera bilerak egiten ari direla aipatu zuen, betiere Plateruenaren etorkizuna bermatzea helburu, eta eskaera bat luzatu zien Lakuako eta Bizkaiko Aldundiko arduradunei aurrean zituela aprobetxatuz: «Kultur esparrua aztertzea derrigorrezkoa iruditzen zaigu. Euskal kulturak merezi dituen laguntzak bideratu behar dira, kulturarik gabe ez baikara inor. Joan den astean Plateruenari buruzko hausnarketa fase bat iragarri genuen, eta gonbidapena egin nahi dizuegu eskuzabaltasunez gure bidelagun izan zaitezten bide honetan». Plateruena ez baita soilik Durangoren ardura.A.E.

Tout sur E