GARA Euskal Herriko egunkaria
#SOSPRESOAKCOVID19 EKIMENA

Nafarroako presoek bisean bisekorik gabe jarraitzen dute

Nafarroako presoek ez dituzte oraindik bisean bisekoak berreskuratu. Koronabirusarengatik kendu zizkieten eta ez dituzte berreskuratu. Horrela salatu zuten atzo Iruñean #SosPresoakCovid19 ekimeneko kideek. Egoera bai Iruñeko espetxean bai Nafarroatik kanpo dauden kartzeletan ematen dela ohartarazi zuten komunikabideen aurrean.


Pandemiaren eraginez kartzeletako egoerak okerrera egin du eta “normaltasun berria” iristearekin ez da hobetu. Horrela nabarmendu zuten atzo Iruñean #SOSPresoakCovid19 ekimeneko kideek komunikabideekin izandako topaketan. Salhaketa Nafarroako arduradun Libertad Francesek nabarmendu zuenez, Iruñeko espetxean bisean biseko komunikazioak etenda daude abuztutik eta ez ez dira berreskuratu, neurria eragin zuen egoera gainditu bada ere.

Neurria konpentsatzeko bideo deiak egiteko aukera baliatuko zela zabaldu zuen Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak, baina Iruñeko espetxean ez da horrela izaten ari. «Bideo deiak egiteari utzi zioten kristala tarteko komunikazioak berrezartzean, eta egoera oso zehatzetan soilik baimentzen dira, epailearekin komunikatzeko edo familiakoekin urgentziako gaietarako», azaldu zuen Francesek. Salhaketa Nafarroako ordezkariarekin batera, Antxon Ramirez de Alda (Altsasuko Gurasoak), Gorka Garcia (Etxerat) eta Mikel Mundiñano (Sare Herritarra) izan ziren agerraldian.

Bisean bisekoekin gertatu dena Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak covid-19arekin egin duen «kudeaketa oso eskasaren» adibide bat baino ez da. «Kasu guztietan neurri murriztaileenak eta eskubideak urratzen dituztenak aukeratu dituzte», nabarmendu zuen Francesek. Beste adibide bat: “normaltasun berriak” hori eskatzen ez badu ere, Iruñeko espetxetik baimenarekin ateratzen diren presoei isolamendua ezartzen zaie kartzelara itzultzean. Batzuetan bi egunekoa izaten da, beste batzuetan hamar egunekoa, edo hamabi... «Ez dago irizpide zehatzik», salatu zuen.

Presoek isolamendua ez dute gune sanitarioetan egiten, ziegetan baizik. Hala, ziegan ematen dute egun osoa: ziegan bertan bazkaltzen dute eta ezin dute bisitarik jaso. Eta espetxe barruan egiten ziren jarduerak ez dituzte berreskuratu. «Iruñeko kartzelan ez dira oraindik lehengo jarduera guztiak berrezarri. Multikirola, prestakuntza ikastaroak eta eskola jarduerak ez dira berriz hasi, eta, gainera, ez da datarik zehaztu horiei berriz heltzeko. Kartzelatik kanpo irakaskuntza jarduera maila guztietan abian jarri bada ere, kartzelan ez da horrela gertatu».

Iruñeko kartzelan funtzionarioek ez dituztela osasun segurtasuneko neurriak betetzen ere salatu zuen Francesek, nahiz eta kanpora ateratzen direnez espetxera koronabirusa sar dezaketen. «Are gehiago, alarma egoera deklaratu zenetik gaur arte presoei ez zaie inolako gel hidroalkoholikorik eman, ezta beste ezein prebentzio baliabide ere. Maskarak bisean biseko komunikazioak egin dituztenei bakarrik eman zaizkie, komunikazioa izan ondotik hamar egunez maskara erabiltzera behartuta zeudelako. Maskara bakar bat ematen zieten hamar egunerako», azaldu zuen.

«Eskubide urraketa nabaria»

Agerraldian Iruñeko espetxeko egoeraren berri eman bazuten ere, Nafarroatik kanpoko espetxeetan 184 preso nafar daudela ere gogoratu zuten. «Covid-19aren osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du presoek bizi duten egoera ahulagoa dela, are gehiago zigorra erroturik dauden tokitik urrun betetzen ari direnentzat. Eskubide urraketa nabaria izan zen konfinamenduan eta orain ere hala da».

Alarma egoeran, ezin zen probintzia batetik beste batera pasa bisitak eta baimenak baliatzeko. #SosPresoakCovid19 ekimenak egoera hori konpontzeko eskatu zuen, «baina ez zen lortu». «Orain, ordea, komunikazioak murrizten ari dira berriro. Eta ezin dugu ahaztu Iruñean daudenez gain, Nafarroako edo Nafarroan erroturiko 184 preso ari direla uneotan euren zigorrak Estatuko espetxeetan betetzen».