28 OCT. 2020 CRISIS DEL CORONAVIRUS Txerto bat erregistratzeko eskatu eta beste bat ekoizteari ekin dio Errusiak GARA MOSKU Errusiak Sputnik V txertoa azkar erregistratzeko eta aurrekalifikatzeko eskaera bidali zion atzo Osasunaren Mundu Erakundeari (OME), Errusiako Inbertsio Zuzenen Funtsak (FIDR) jakinarazi zuenez. FIDR funtsaren arabera, txertoaren erregistroa azkartzeak, berau larrialdi egoeretan erabiltzea baimendu dezakeen prozedura berezia abian jartzea ekarriko luke. Ohiko prozedurekin alderatuta, horrek Sputnik V txertoa «azkarrago eta mundu guztiarentzat eskuragarri egotea» ahalbidetuko luke. Horrela, infekzioa prebenitzeko ahalegin globala bultzatuko litzateke. Hain zuzen, Errusia izan da OMEri bere txertoa aurrekalifikatzeko eskatu dion lehen herrialdeetako bat. Aurrekalifikazio Programa, NBEk antolatua eta OMEk koordinatua, sendagaien kalitatea bermatzeko mundu mailako programa bakarra da. Aurrekalifikazioa jasoz gero, Sputnik V-a erakundeek eta herrialdeek erosketak eskala handian kudeatzeko erabiltzen dituzten sendagaien zerrendan sar daiteke. Kirill Dmitriev FIDRko zuzendariak gogorarazi zuenez, Errusia izan zen covid-19aren aurkako txerto bat erregistratu zuen munduko lehen herria. Gainera, Dmitrieven arabera, «giza bektore adenobiralen plataforma seguru, eraginkor eta ondo aztertu batean oinarrituta» sortu zuen txertoa. Zehazki, Errusiak abuztuaren 11n erregistratu zuen txertoa eta egun saio klinikoen hirugarren fasean dago. EpiVacCorona, bigarrena Bestalde, Errusiak covid-19aren aurkako bigarren txerto bat ekoizteari ekin dio: EpiVacCorona. Vektor ikerketa zentroak sortu du, Anna Popova osasun buruak atzo jakinarazi zuenez. Vektor txertoa ekoizten hastearekin bat, saiakuntza klinikoen hirugarren fasea abiatzeko aukera irekitzen da. Bigarren fasea irailaren hasieran amaitu zen eta horrek txertoa urriaren 14an erregistratzeko aukera eman zuen. Errusiako Gobernuak aurreratu duenez, 40.000 boluntariok parte hartuko dute saio klinikoetan, horien artean 60 urtetik gorako 150 boluntariok. Txumakov Institutua hirugarren txerto bat garatzen ari da, urriaren 19an sartu zena bigarren fasean. San Petersburgoko Txertaketa Institutuko Ikerketa eta Garapen Zentroa ere ari da laugarren txerto bat garatzen. 320 HILDAKO Errusiak pandemia hasi zenetik izandako heriotza kopuru handiena erregistratu zuen atzo, 320 hain zuzen ere. Estatistika ofizialen arabera, 16.550 positibo berri ere atzeman zituzten. Horietatik 4.312, Mosku hiriburuan.