10 NOV. 2020 PERFIL Emakume sendoa, kontraesanekin eta AEBetako kultur aniztasunaren eredu D.L. Postu honetan lehen emakumea izango naiz, baina ez azkena», aldarrikatu zuen demokratek presidentetzarako hauteskundeak irabazi berri AEBetako lehen emakume presidenteordea izango den Kamala Harrisek. Oraingoz senataria den Harris zuriz jantzi zen Joe Biden presidente hautatuaren ondoan lehen agerraldia egiteko, Wilmingtonen (Delaware). Duela mende bat bozkatzeko eskubidearen alde AEBetan borroka egin zuten emakume sufragisten omenezko keinua izan zen. Biharamunean, Susan B. Anthony (1820-1906) sufragisten liderra izan zenaren hilobia loreekin eta esker oneko mezuekin josita agertu zen. Harrisek berak emakume demokrata guztien onarpena ez badu ere, bere garaipena are pozgarriagoa da askorentzat duela lau urte AEBetako lehen emakume presidente bilakatu nahi izan zuen Hillary Clintonek jasotako porrotaren ostean. Clintonek bezala ustez gertuko behar zituen batzuengan mesfidantza sortzen badu ere, emakumea da Kamala Harris, eta emakume sendoa, onerako zein txarrerako? Wilmingtoneko agerraldian, bere ama izan zuen gogoan Harrisek, 2009an minbiziak jota hil zena –bularreko minbizia ikertzen aritu zen bizi guztian–. Bide batez, «bidea zabaldu diguten beltz, asiar, zuri, latino zein amerindiar emakume belaunaldi guztiak» omendu zituen. Shyamala Gopalan Kamala Harrisen ama jatorriz indiarra zen. Indiako hegoaldeko Thulasendrapuram herrixkan jaio zen, Tamil Nadu estatuko hiriburua den Chennai hiritik 350 kilometro hegoaldera, eta, 19 urte zituela, 1958an, Kaliforniara joan zen diplomazialaria zen aitaren laguntzarekin. Kamala izenak berak “loto” esan nahi du, Lakshami jainkosa hinduaren izenetariko bat. Bere amak 2004an “Los Angeles Times” egunkarian azaldu zuen bezala, «jainkosak gurtzen dituen kultura batek emakume indartsuak sortzen ditu». Ordurako sendotasuna erakutsia zuen karguak hartzen aitzindari bilakatu den Kamala Harris emakumeak. 1964. urteko urriaren 20an jaio zen Kaliforniako Oakland hirian Kamala. Bere aita, Donald Harris, Jamaikatik AEBetara joandako ekonomialaria zen, beltza beraz. Guraso horiekin, eta amak erakutsitako anbizioarekin –zazpi urte zituela gurasoak dibortziatu egin ziren–, ibilbide oparoa egitea lortu du Kamala Harrisek: barrutiko lehen fiskal beltza, Kaliforniako lehen fiskal nagusi beltza, jatorri indiarra duen lehen senataria, bigarren emakume senatari beltza, orain lehen emakume presidenteordea… eta bihar lehen emakume presidentea? Gogorra gutxiengoen aurka San Frantzisko hirian fiskal izan zenean gutxiengoak zigortu zituen errepresio politika inposatu izana leporatzen diote Kamala Harrisi Alderdi Demokrata bertako ezkerreko sektoreek. Bidenek Harris presidenteordetzarako bere hautagai izendatu zuenean, Bernie Sanders hautagaiaren Joy Gray bozeramaileak «iruzur hutsa» zela salatu zuen. Hala ere, behin hauteskundeen emaitzak ikusi eta gero, ondorioztatu daiteke Bidenek egin zuen hautaketak bere hautagaitzan faltan botatzen zen grina ekarri zuela. Are gehiago, emakumeen boza bultzatzeaz gain, hauteskundeak «bi gizon edadetu zuriren kontua» ziren irudia gainditzea eragitea lortu zuen Harrisek. Demokraten artean ez dira gutxi izan Bidenen alde baino Harrisen alde bozkatu dutela esan dutenak. Ezin da ahaztu ere AEBetako gizartearen kultur aniztasunaren adibide argia dela Kamala Harris. Bere gurasoak eskubide zibilen aldeko ekintzaileak izan ziren. Arraza segregazioa pil-pilean zegoenean Washingtonen sortutako Howard Unibertsitatean egin zituen Zientzia Politika eta Ekonomiako ikasketak Harrisek eta Alpha Kappa Alpha ikasle beltzen erakundeko kide izan zela aldarrikatu izan du behin eta berriz. Agian, ikasketetan eta ondorengo bere lanean krimenaren aurkako borroka izan duelako ardatz, eta horrek, nola ez, gutxiengo beltza jopuntuan jartzen duelako. Kontuak kontu, ibilbide izugarria egin du, amets amerikarraren eredu, bidean zalantzazko geltoki eta porrotak pilatu arren. Porrotetatik aukerak lortu Aurtengo presidentetzarako bozen demokraten primarioetan bere burua aurkeztu zuen Harrisek eta gogor egin zuen Donald Trump auzitara eramango zuela iragarriz. 1970eko hamarkadan Joe Bidenek arraza segregazioaren aurka izan zuen jarrera ere zalantzan jarri zuen. Hala ere, ez zion etekin handirik atera eta azkenean amore eman behar izan zuen. Baina porrota garaipen bihurtu du azkenean Harrisek. Izan ere, Joe Bidenek bere bigarren hautatu zuen, Harris 2015ean minbiziak jota hil zen Beau bere semearen laguna izan zela gogoan –Delawareko fiskal nagusia izan zen Beau Biden–. Hortaz, Kamala Harris AEBetako presidenteordea da jada, Trumpen estrategiak ekiditen ez badu behintzat. Historian lehena da eta batzuek emakumeek kristalezko sabaia hautsi dutela uste dute. Dena den, argi esan behar da Harrisek ez duela bere burua lehen lerroan jarri AEBetako hauteskundeetan. Kristalezko sabaia benetan hautsiko da presidenteordeak berak, edo beste edozein emakumek, bozak irabazten dituenean. Kamala Harrisek ez du inolaz ere Alderdi Demokrata osoaren onespena, batez ere ezkerreko sektoreena, Joe Biden bezala «establishment»-aren ordezkaria delako. Baina, historiarekin apurtuz, AEBek izandako lehendabiziko emakume presidenteordea bilakatuko da aurki, eta, 2024an, presidentetzarako hautagai demokrata izan daiteke. Aita beltza eta ama Indiakoa izanik, AEBetako kultur aniztasuna ordezkatzen du.