GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Komunitateen botoaren indarra AEBetako hauteskundeetan


Joe Biden izango da potentzia amerikarreko 46. presidentea. Garaipena, ordea, ez da desiratutako olatu urdina izan, Trumpek 2016an baino zazpi miloi boto gehiago atera ditu eta. Hauteskunde presidentzialez harago, Kongresuko, Senatuko edo hainbat parlamentutako demokraten emaitzak espero baino eskasagoak izan dira. Horrek, Alderdi Demokrataren establishment-a ardura alderdiaren ezkerraren gainean jartzera eraman du. Era berean, emaitzek Alderdi Demokrataren garaipenaren ahulezia azpimarratzera eraman dituzte hainbat ezkerreko analista. Izan ere, datozen urteetan errepublikanoen pisua handia izango da instituzioetan, blokeorako indar handia izango dutelarik.

Abiapuntu gordin hori aintzat hartuta, emaitzei buruzko irakurketa bi galderatatik abiatuko nuke: zergatik eman diote komunitate afro-amerikarrak eta latinoak botoa Jon Bideni? Zergatik izan dira hautatuak hautagai aurrerakoienak?

Obamaren bigarren legealdiak, zein Trumpen gobernu urteek, herri mugimendu askotarikoa eta komunitate beltzaren, latinoaren eta indiarraren antolaketa indartzea ekarri dute. AEBetako mugimendu aurrerakoien arragoa ezaguna zen. Baina azken urteotan, batez ere 2011ko Occupy Wall Street mugimenduaren lanaren ondoren, James Baldwin, Kimberle Crenshaw, Douglas Biklen, Ta Nehisi Coates edota Saul Alinskyren ideia nagusiek predikamentu handia lortu dute eta community organizing metodoak bide egin du herri mugimenduen ekosistema aberastuz.

Aipatutako komunitateen zutabea antolaketa da, eta, horren muina, gai zehatz bati erantzutetik harago, komunitateko kideen ahalduntzea da. Jendearen oinarrizko beharrei erantzuten laguntzeko, pertsonen arteko kezkak eta arazoak konektatzeko moduei begiratzen diete, erreferentzialtasuna komunitatean jarriz, eta, bide batez, komunitatea eta boterea eraikiz. Era horretan, arazoak eraikuntza prozesurako tresnak bilakatzen dira eta komunitatea antolatzen eta eratzen doa.

Black Lives Matter edo Lucha mugimenduak aurrekoaren adibide izan daitezke. Lehena afro-amerikar komunitateari zuzentzen zaio eta bigarrena komunitate latinoari, eta, desberdinak izanagatik, biek euren jendea antolatzeari ekin diote eta eskala ezberdinetan botere politikoa eraiki dute mugimenduak deshierarkizatuz, kolektibizatuz eta lidergo ez-patriarkalak sortuz. Horretarako, euren aurkako basakeria poliziala salatzeaz gain eta eskubide zibilen aldeko borrokari jarraikortasuna ematearekin batera, duintasuna eta jendearen bizitzaren balioa erdigunean jarri dute. «Kolorea –zioen James Baldwin idazle eta aktibistak– ez da giza errealitate bat, ez eta errealitate pertsonal bat ere, kolorea errealitate politiko bat da».

Horregatik, mugimendu horiek ikusarazi eta izendatu dute beltzen, indiarren edo latinoen zapalkuntza zurien boterearen oinarria dela, edo, bestela esanda, zurien nagusitasuna iraunkortzen duen aberastasunaren oinarria. Hain zuzen, horien aurka batera borrokatzen ari dira, Ezra Kleineren hitzetan, «elkartasun multietnikoa» artikulatuz. Udako mobilizazio erraldoiak horren adibide dira.

Antolakuntza komunitario horrek ez du epe motzera emaitzarik emango, edo ez du gure ohiko parametroetan neurgarriak diren emaitzarik izango, edo ez dakizkigu horiek gure ohiko betaurrekoekin ikusten... baina prozesu horretan jendea politizatzen ari da espazio askotan. Hori dela eta, oso adierazgarria izan da komunitate horien lana bozkatu ahal izateko, bozkatuak izateko –Cori Bush Black Lives Matterreko bozeramailearen kasua– eta hauteskunde sistema bidegabearen aurka «pertsona bat boz bat» ideia zabaltzeko. Ildo horretan, arrazializatuek hauteskundeetan boza ematea bultzatu dute, aurrekaririk gabeko boto igoera lortuz, latinoen artean bereziki. Aitzitik, 2016tik hona estatubatuar zurien boto kopurua apenas handitu da.

Trump geratzea zen helburua. Halaber, komunitateok, Bidenen edo Alderdi Demokrataren aldaketarako borondateaz baino, beren bozaren indarraz jabetu dira. Nola ulertu bestela Black Lives Matterrek beltzekiko hartu beharreko konpromisoak eztabaidatzeko Joe Bideni eta Kamala Harrisi eskatutako bilera? Edo boz latinoaren garrantzia hegoaldeko zenbait estatutan gehiengo errepublikanoa aldatzeko?

Matt Karpek “Jacobin” aldizkarian zioen Bernie Sandersen proiektua XXI. mendeko ezkerreko gertakizunik inportanteenetariko bat izan zela. Haatik, bost urtez Alderdi Demokratako establishment-aren kontrako gerla burutu ondoren, demokrata sozialistak bere hautagaitza erretiratu behar izan zuen. Alderdiaren egitura elitistak politikari demokraten kontrola segurtatzeak eta hauteskunde primarioen prozesuaren gainean eskua izatea garrantzitsua bada ere, Alderdi Demokrataren barruan gehiengo sozialdemokratarik ez egotea da arazoa. Eta gehiengo hori gabe, aldaketak denbora luzea beharko du. Era berean, gizarte amerikarrean hainbat zailtasun gainditu beharko dira, langile klasearen aldaketa, besteak beste. Agian, bide horretan, Sandersen lorpenik handiena da AEBetako sozialismo demokrataren aldeko mugimendu indartsu bat eratu izana eta ezker indartsuago bat uztea.

Norabide horretan eta elite demokrataren iritziaren kontra, demokrata sozialisten aztarna kanpainan eta kanpainatik at interesgarria izan da: krisi klimatikoa, oinarrizko soldata, osasungintza... Baina, era berean, azken urteetan zehar politika ulertzeko eta jendearekin egon eta entzuteko modu bat landu dute, herri mugimenduarekin lan osagarria egin dute... Ez dira harritzekoak, beraz, hautagai demokrata sozialistek lorturiko emaitza onak. The Squad deitutako emakume laukotea horren adibidea da. Kalea eta instituzioak eztabaidaren bidegurutzean daude berriro eta nork daki Alderdi Demokrataren barruan ez ote den ideien lehia zabalduko, Trumpismoa ez baita ur epeletan disolbatuko.