GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egin dugu? Ez da gutxi


Dena dago zail uneotan. Hizkuntza gutxitu baten biziraupena eta garapena bultzatzeko esperimentu sozial bat aurrera ateratzea inoiz ez da erraza izan. Pandemia baten erdian, birus ezezagun eta erasokor batek zure bizitza hankaz gora jarri duenean, jendartea nekatua dagoenean eta giza harremanak erabat baldintzatuak daudenean –legez mugatuak egoteraino–, Euskaraldia bezalako ekimen bat aurrera ateratzeko zailtasuna sekulakoa da. Egitea erabaki zen. Ez egitearen ondorio txarrak nabarmenak ziren.

Aldi berean, Euskaraldia aurrera ateratzeko uneotan zeuden mugak ere nabarmenak ziren. Aurreikuspena bete da. Adibidez, euskararen auzia agendan sartzeko ezintasuna nabarmena izan da. Indarrez oso justu heldu da euskal jendartea zita honetara, eta horrek esperimentua baldintzatu du, zalantzarik gabe. Ariguneen esperientzia ebaluatu beharko da, besteak beste. Aurrekoan ez bezala, euskaldun eta euskaltzale askoren bizipena oraingoan ez dela biribila izan esan daiteke.

Bizipen horrek kezka eragiten du. Egia da euskara ez dagoela etsipen gehiegi jasateko, hainbat arlotan indarge dagoela. Adibidez, euskalgintza aspaldi dabil esaten krisian dagoela. Krisi bati beste bat gainjartzen zaio, gainera. Testuinguru horretan, boluntarismoaz, idealismoaz eta nostalgiaz harago, Euskaraldiak aurrera egiteko bide praktiko bat erakutsi du. Erakundeen eta herri mugimenduaren arteko elkarlanaren bidez, konpromiso pertsonalak eta komunitarioak uztartuz, era neurgarri batean, euskara garatzeko bide bat ikusten da hemen. Bada zerbait. Emaitzak ebaluatzeko, hamaikagarren egunetik aurrerakoa da erabakigarria.

Gure hizkuntzaren biziraupena erronka itzela dela jakinda, egunotan gehiago, gehiagotan eta jende gehiagorekin egin al dugu euskaraz? Oro har, bai. Aurrekoan baina gutxiago izan gara eta zailtasun gehiago izan ditugu, baina egungo egoeran ez da gutxi. Koronabirusa dela medio, mundua azkar aldatzen ari da. Euskara jendartearen lehentasunen artean egon dadin lan handia dago. Asmatzea ez da erraza izango.