GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Publikoan kargua karga bihurtu


Ez dakit nondik eutsi gaurko zutabe horizontalari. Aukeratan bi ditut, txertoak eta txertoak. Tira ba, aurrera bola! Txertotik abiatuko naiz, astea nahiko isila igaro baita gai horretan. Txertoetan, ustez, izan badira erregularrak eta irregularrak, hots, arauzkoak eta araugabeak, azken hauek ere segituan arautu daitezkeela, eta arauzkoak araugabetu ere… Legebiltzarreko mahaiaren bueltako hitz jarioetan sikiera. Eta ahozko zalantza bada mugikorrean idatziak argituko, whatsappen bidezko mezuak izan baitaitezke estropezuak! Bai, txertoetan ere usteak ustel!

Total, hainbat kargu publiko karga publiko bihurtu dira egunotan Etxeren batean; laster batean, seguruenik, monopoliko beste lauki batera mugitu eta arazoa bideratuta utziko beste batera arte, hor-konponduta edo! Bada bai, ohitura hartua ei zuten kargudun batzuek nahi bezala ibiltzeko bulegokeriaz, gorbatakeriaz, eta txertatzeko auskaloko protokoloaren arrastoan… Hara! Txertategira arin batean sartu, mahuka hutsik eta besoa tente, trajearen laburbidea baliatuz. Auzolanaren bertsio berria. Eta Ajuria Eneko maizterrak triste dagoela esan, hori berria balitz bezala. «Hain da zaila esatea…» tristezia ezin dela izan arduren saihesbidea? Kar kar!

Kar-kar naizela, noizko Karguzaleen eta Kargukideen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plana? KKPKP? Zaborretarakoa behintzat iragarri berri dute Lakuatik, Zaldibarreko hondamenetik ia urtebetera. Zeren eta bai, ekonomiak ondasunak sortzen ditu, hori esana dago, bai eta hondamenak ere, ahaztu arren. Euroarren! Eta kontuak kontu, aurreko kontuei oniritzia eman berri diete Legebiltzarrean. Sailburuak “bertigoa” egotzi die oposizioko gobernuz kanpokoei. Bertigoa? «Espazio-pertzepzioaren trastornoak eragindako oreka-galera»? Zeinek du espazioan, eta denboran ere, pertzepzio galera? Ama, ama!