GARA Euskal Herriko egunkaria

Myanmarko kolpea «gaitzesteko» adostasunik ez NBEn


Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak «kezka handia» adierazi du Myanmarren militarrek ezarri duten larrialdi egoeragatik eta atxilotu guztiak askatzea eskatu du. Hala ere, adierazpen horrek ez du Armadak emandako kolpea «gaitzesten», asteartean aurkeztutako lehenengo testuan egin bezala. Izan ere, Txina eta Errusia kontra agertu ziren orduan. «Trantsizio demokratikoaren» eta «elkarrizketa eta adiskidetzearen» alde ere agertu da Segurtasun Kontseilua.

Bitartean, Myanmarko Armadak Facebook eta beste sare sozial batzuk eten zituen atzo. Azken egunetan, estatu kolpeak kargugabetutako politikoei ahotsa emateko eta desobedientzia zibilaren aldeko mugimendua bultzatzeko tresna bihurtzen ari ziren sare sozialak.

Debekuak debeku, kolpearen aurkako ekimenak zabaltzen ari dira. Hala, Aung San Suu Kyiren alderdiak eta aktibistek desobedientzia zibileko kanpainak abian jartzeko deia egin dute. 80 ospitale eta osasun zentroetako langileek egindako protestekin bat egin dute jada beste funtzionario batzuek ere. Ikasleen Federazioak ere diktadura militarraren aurka borrokatzeko eskatu du eta Rangunen lapiko jotzeak egiten ari dira gauero.