GARA Euskal Herriko egunkaria
ELKARRIZKETA
Entrevue
KILIKI FREXKO
CHILL MAFIA TALDEKO ABESLARIA

«Polemikan geratu denak ez du ezagutzen auzoetako errealitatea»

Chill Mafia taldeko Beñat Rodrigo edo «Kiliki Frexko» 2021 honetan taldeak izan duen arrakastaz eta horri lotuta heldutako polemikaz aritu da NAIZ Irratian. Horrek guztiak ifrentzuan duen gaurkotasunaren kritika zorrotzaz ere aritu da iruindarra.


Urtarrilean izan genuen Chill Mafia taldekoen berri, Tatxers punk taldearekin elkarlan bat kaleratu zutenean. «Tatxers taldekoak oso gertukoak ditugu eta beraiek Oi! estiloko talde bat izanda lehen kantuarekin jendea lekuz kanpo harrapatu nahi genuen; baina, era berean, ez du zertan kontrajarria izan estilo horretako talde batekin autotunea erabilita kolaborazio bat egiteak. Autotuneari 30 urte kosta zaio Euskal Herrira iristea eta geratzeko dator, bazen garaia!», azaldu zuen Kiliki Frexkok NAIZ Irratian. «Sexua ez da sexya baldin bada windows vistan», dio kantuaren zati batek. «Tatxerseko Salinasek masturbatzeari buruz esandako hitzak» dira, «bizitzako esparru guztietan bezala sexuan ere errespetua izan behar da, eta gu saiatzen gara horretan, nahiz eta batzuetan errespetua erakustea ahaztu egiten zaigun».

“Ezorregatik x Berpizkundea” mixtapea atera aurretik sarean hainbat eztabaida piztu zituzten. Diskoarekin, ordea, polemikak polemika musikari jantziak direla argi erakutsi dute. «Bueno, bai, baina ez dugu nahi horren inguruan txapadarik eman, ez dugu Twitterren hari amaigabe bat osatu nahi gure eraginak zeintzuk diren azalduz eta abar, hori jendeak antzeman dezala». Dena dela, traparen estetika eta gaiak jorratzen dituztela aipatuta, horrela dela onartu zuen hein batean Kilikik: «Gure inguruan dauden gaiak dira eta ezin ditugu ezkutatu. Bestalde, estetika horrek gure belaunaldian eragin zuzena izan duela esan dezakegulakoan nago. Indie taldeetako kideek ere estetika bera dute eta, genero kontua baino, gure belaunaldiaren estetika dela esan dezakegula uste dut».

Orain arte ez zegoen zerbait eskaintzera datozela entzun diegu behin baino gehiagotan: «Yung Beefek Sonyri saldu zion diskoan esaten zuen: ‘Gure aurretik ziur bazegoela halakorik, baina gure ondoren ziur ez dela berdina izango’. Bada, antzerako zerbait gertatu delakoan nago. Undergroundean baziren aurretik halakoak, eta guk ez genituen entzuten edota ez genituen sinesten. Gorpuzkingz adibide ona izan da. Gu ez gaude haiekin sintonian, baina bai esan beharra dagoela haiei esker guretzat errazagoa izan dela mundu honetan sartzea».

Estilo aniztasuna

Chill Mafiaren jatorriaz galdetuta, kuadrilla moduan definitzen dira: «Kolektibo deitu gintezke, baina ‘kuadrilla’ terminoak seriotasun karga hori kentzen dio eta guk musika egin aurretik ezagutzen dugu elkar. Gustu berdintsuak genituen eta sound system baten bueltan ezagutu genuen elkar, bafleen ondoan. Zaletasun antzekoak genituen komunean eta musika sortzen ere hasi ginen. Egun, lauzpabost musikagileak gara, beste batzuk skatea egiten dute, beste batek grafitiak, diseinatzaile grafikoren bat ere badabil Chill Mafiaren bueltan... Aurreko mixtapea kaleratzean Chill Mafia eta Flako Fonki bezala agertu ginen, baina estrategia komertzial hori ona ez zela ikusita Chill Mafia bakarrik uztea pentsatu dugu. Orain, 31016 izatetik 31014ra pasa gara, proiektu hura Flako Fonkirena zelako eta hau, berriz, guztiona».

Diskoko kantarik laburrena erritmo eta estiloz bereziena da, txa-txa-txa eta punk doinuak nahasten dituztelako “Hire mixeria” abestian. «Gure ekoizleetako batek, Tulipumpek, egin zuen oinarria eta bere etxera joan ginen kantua lantzera. Etxea astebetez libre zegoenez, trap-house bihurtu genuen eta oinarriak jartzean lauzpabost barra sortu ziren segida samar. Onartu behar dut propio gaizki sartu nuela ergatiboa, puristak pixka bat izorratu nahian. Eta horrela sortu zen kantua, ez dauka misterio gehiagorik».

“Cicatriz” kantua Gasteizko taldeari egindako sampler batean oinarritzen da; “Hay que joderse (qué bien se está tumbao)” kantuaren riff bat da eta letra berritua botaka egitearen pareko zerbait izan da: «Itxialdian ginen eta Ben Yartekin egin genuen abestia, nire etxean pasa zuelako berrogeialdia. Iruñerriko rapeatzaile onena da bera. Hitzak idazterako garaian punkismo nihilistena atera zitzaigun barrutik, nola ginen ikustean; balkoietako txibatoak eta abar. Bada horrelako jendeak sortu zigun nazkatik sortutakoak dira abestiaren hitzak». Punk oinarria duen rap abestia, beraz.

Polemika eta marketina

“Papi” abestian ere beste kolaborazio bat izan dute. «Kuadrillako abeslari bat da, bere garaian ‘Scarface’ pelikula ikusi zuela uste dut eta Tony Montana dela sinisten du. Kuadrilla denetan izaten da halako pieza bat, marroietan sartuta dabilena beti, bada hori da bera. Dena dela, azpimarratu nahi dut bera dela Iruñerriko gangster legitimo bakarra. Izan ere, esan dezaket kantatzen duen guztia egia dela. Oinarria, berriz, Oskorriren ‘Adela’ kantuaren sampler batean sortzen da». Drogen, arazo mentalen eta jokoak gazteengan eragin ditzakeen kalteen inguruan idatzitako benetako istorioa da, krudela bezain gordina. «Askok esan digute drogak goraipatzen ditugula, baina ez da horrela. Bizi dugunaren inguruan analisi oso latz bat egiten dugu abesti honetan eta inori desio ez diogun errealitate bat erakusten dugu. Zorionez, auzoa eraldatzen ezagutu dugu. Nire portalean, esaterako, pare bat banituen heroinan sartuta eta orain askoz ere lasaiago daude. Hori guztia pozgarria da», nabarmendu zuen Kilikik.

Erramun Martikorenaren sampler bat ere gehitu dute diskora. «Garaian esan genuen Baigorrin grabatu genuela, baina ‘Orhiko Xoria’ kantua sampleatu dugu. Estrategia komertziala izan zen aurretik kontatu genuen gezur hori, baina egia da Erramun guretzako eragin oso garrantzitsua dela. Herri bakarra gara, euskara bat da eta, horrez gain, Iparraldearen eta Nafarroaren artean ahaztuen arteko lotura berezi bat badagoela uste dut», azaldu zuen iruindarrak.

Emakumearen ahotsean kantu bakarra egin dute. Sare sozialetan irakurritakoen ostean, sumisioaren ideiarekin lotzea probokazioa ote den esanda, modu honetan erantzun zuen Kilikik: «Irene etxera etorri zen, oinarria jarri nion eta segituan hasi zen bera ‘Písame la cara’ abestuz. Berez hori ez zen ideia nagusia, baina hori atera zitzaion momentuan. Gainera, dominazioaren kontua gaizki ikustea oso atzerakoia dela esan nahi dut. Niri batzuetan dominatzea gustatzen zait eta besteetan dominatua izatea; rol aldaketa hori izugarri gogoko dut eta sexua gozatzeko da. Hortik hirugarren irakurketa bat egiten hasten bada norbait eta Sigmun Freud dela uste badu, bada sinetsi dezala hori, baina ni ez naiz Freud, gazte soil bat naiz. Niri lotu nazaten gustatzen zait».

Bizardunak taldearen kantu bat ere aipatu zuen Kilikik elkarrizketan eta «haiek erreferente garbi» dituztela aipatu zuen. «Bizardunakek utzi zuenetik kantugile guztiek esperantzari eta positibismoari abestu izan diote eta ongi dago, baina gure belaunaldiak ezin du beti horrela egon. Gure etorkizuna oso beltza da eta ezin diogu esperantzari eta argiari kantatu».

Bizardunakek Esne Beltzarekin egin bezala, Chill Mafiakoek polemika sortu dute Kai Nakairekin eta Durangoko Azokak emandako sormen bekarekin: «Ni pozten naiz benetan Kai Nakaik sari hori lortu duelako, baina Durango Azokak 15.000 euro ematea genero honetako disko bat ekoizteko, guk 50 euroko mikrofono batekin egin dugunean, gogorra da. Guk diru horrekin diskoetxe oso bat aterako genuke aurrera! Egia da bekaren berri ez genuela eta berandu jakin genuela. Orain akaso emango ziguten beka hori, baina ezagunak garelako. Aurretik egin dugunarekin ez genuke jasoko, euskararen kupoagatik. Guk euskara ez dugu merkatuko nitxo bezala tratatu nahi, guretzat euskarak naturala den zerbait izan behar du, Sarrionandiak dioen moduan, hori da gure eremu libre bakarra. Euskara erabiltzen dugu euskaraz bizitzen saiatzen garelako edota bi txakur agertzen direnean haiek gu ez ulertzeko».

Euskara erabili duten modua ikusita, garbizaleen tokian ere jarri zen Kiliki: «‘Gazte arruntaren koplak’ egitean errazagoa zen purista izatea, eta metrika errespetatu eta errima asko errespetatu ditugu. Baina oso erraza da Gipuzkoako Goierrin edota Bizkaiko hainbat tokitan purista izatea. Niri Xabi Solano etortzen bazait euskaraz bizi nahi duela esaten, zera pentsatzen dut: ‘Aizu, zu dagoeneko bizi zara euskaraz eta nik bai bizi nahi dudala euskaraz’. Guretzat askoz ere zailagoa da, bizi naizen tokitik hogei kilometrora ordaindu egin behar da euskara ikasteko eta guk barrakoietan ikasi genuen».

Bideoklipekin ikustaldi asko pilatu ditu Chill Mafiak gaurdaino. «Egia da, hala ere, mixtapea atera osteko bideoklipek ez dutela horrelako punch-ik lortu». Eta, noski, gaurko zoriona eta arrakasta denboran noiz arte luza daitekeen ezin da jakin: «Izan daiteke eferbeszentzia puntu hori edukitzea, baina daukagun koltxoiarekin eta Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean jada pilatu ditugun zaleekin, lasaiago kaleratuko ditugu gauzak. Gu saiatuko gara gauzak ongi eta txukun egiten, gure produktuarekin oso kritikoak garelako. Hasieran polemika sortu nahi genuen, atentzioa erakarri, ‘Gazte arruntaren koplak’ kaleratuta. Atzetik negar egitekoa den ‘31014’ kantua erakustea zen helburua». Eta ulertu ote zuen gizarteak? «Parodia etiketa jarri ziguten hasiera batean eta polemikak ez dakit on edo kalte egin digun. Dena dela, horretan geratu denak ez du ezer ulertu eta ez du ezagutzen gurea bezalako auzo batean dagoen errealitatea», nabarmendu zuen Kilikik NAIZ Irratiko uhinetan.