GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAZAKERIAREN AURKAKO MOBILIZAZIOAK

ETXEBIZITZA ESKUBIDEA ARDATZ, ANTIARRAZAKERIA KALEAN DA

ARRAZAKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNAREKIN BAT EGINEZ, EHUNKA LAGUNEK ALDARRIKAPEN ANTIARRAZISTAK ATERA ZITUZTEN ATZO KALERA, HEGO EUSKAL HERRIKO LAU HIRIBURUETAN IZANDAKO MANIFESTAZIOETAN. ETXEBIZITZA ESKUBIDEAN JARRI ZUTEN ARRETA BEREZIKI.


Bilboko manifestazioa Mariaren Bihotza plazan hasi zen. Aldarrikapenez jositako giro alaian, ehunka lagun abiatu ziren San Frantzisko kalean barrena. Arrazakeria geldiarazteko ikurra, alegia, altxatutako esku-ahurraren zeinua, zuen pankartak ireki zuen manifestazioa eta, ondoren, mobilizazioa babestu zuten taldeak zihoazen beren pankartekin: SOS Arrazakeria, Agharas, Mbolo Moye Doole, Midji Elkarte Soziokulturala, Amiarte, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Azalak Elkartea, Maizterren Sindikatua, AZET Etxebizitza Sindikatua, Ikasle Sindikatua...

Zabalburu plazara iristean, manifestazioak udaletxerantz jarraitu zuen, Hurtado Amezaga kaletik. Manifestariek aurrera egin zuten, etengabe leloak oihukatuz: «Etxe bat izatea eskubidea da», «Arrazakeriarik gabeko auzoak nahi ditugu», «Aburto abusón, danos el padrón», «Atzerritarren legeak egunero jendea hiltzen du», «Europa canalla, abre la muralla» edo «Zergatik molestatzen dizu nire azalaren koloreak?» izan dira entzun diren leloetako batzuk.

Manifestazioa oso koloretsua izan zen eta parte-hartzaileek euren aldarrikapenak eraman zituzten karteletan: «Etorkinak ez daude sobera, arrazistak bai», «Deportaziorik ez»...

Duintasuna eta errespetua

Bilboko udaletxera iritsitakoan Afrikako hainbat kanta abestu zituzten, eta gero agiria irakurri zuten. «Pertsona arrazializatu, migrante eta ijitoak gure kale eta auzoetan azaldutako arrazakeriaren eta xenofobiaren biktima izaten gara. Edonork merezi dituen duintasun eta errespetua ez zaizkigu aitortzen eta, gainera, osasuna, hezkuntza edo etxebizitza bezalako oinarrizko eskubideak gauzatzeko aukera ere ukatzen digute», hasi zen bozeramaile bat.

Izan ere, azken alderdi horretan, bizilekuan, jarri zuten arreta aurten, «bizileku duina edukitzeko eskubidearen urraketan eta etxerik ez duen hainbeste jenderi kendutako eskubidean».

Arrazakeria eta xenofobia erakusten duten hainbat adibide jarri zituzten: «Etxe agentziek eta etxebizitzak alokatzen dituzten jabeek tratu baztertzailea eskaintzen diote arrazializatuei; udalek erroldan sartzeko zailtasun asko jartzen dituzte; erroldan sartzea eragozten duen errolda-agirien iruzurrezko salmenta; etxe espekulatzaileen jarrera eta gentrifikazio prozesuek eragiten duten egoera; auzokoen jokabide arrazistak; eta kalean bizi direnak indarrez lekualdatzea».

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan ere mobilizazioak izan ziren. Iruñean, «polizia kontrol arrazisten gorakada, justifikaziorik gabeko atxilotzeak eta atzerritarren brigadaren aurrean egindako zitazio tranpak» salatu dituzte. «Gertakari horiek ez dira salbuespenezkoak, biztanleria migratzailea eta arrazializatua kontrolatzeko eta kriminalizatzeko estrategia baten parte dira», adierazi zuten.