GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Tximeleten hegoen hegala


Tximeletak etorri zaizkit burura egunotan, “tximeleta efektua” zehatzago esateko. Ez dakit nongo esaera zaharra den baina izan bada: «Tximeleta baten hegoen astindua munduaren beste aldean senti daiteke». Eta tximeletekin batera kaosa ere etorri burura, “kaos teoria”. Bada bai, zamaontzi erraldoi batek Suezko kanalean hondoa jo eta nire herriko batzokiko komunean paperik ez! Kolpea gero! Are kolpeago harea ekaitz batek eragin zuela hondoa jotzea! Zerk eta hareak! Zer eta itzelezko edukiontzi ontzi bat! David eta Goliat etorri burura, tximeletekin eta kaosarekin batera. Total, burua bete kontu!

Bada, ekialdeko kanal hartan zeharka gelditu den ontzitzarra askatzeko egunak edo asteak ere beharko direla diote zeharkako kontuetan aditu direnek. Eta Mendebaldeko zuzkidura-zirkuituak kezkak hartuta, ekoizpen kateak begiak galtzear. Harrapa ezan/k 0 Km-ko teoria! Gauzak horrela, auskalo 2023ko Tourrak Bilbotik ateratzerik izango duen, egun horretako “Helmuga” pankartako oihal txinatarra kanal horretatik ekartzekoa omen delako. Euskal etapetako janari hornidurarako sikiera ez da arazorik izango, Erriberako lur emaitzak Errigoraren eskutik izan baititzakete eskura!

Tira, edukiontzien harira! Entzuna dut nonbait halako batean zetorrela, denbora baterako hondoa jota gelditu aurretik behintzat etorri bazetorren omen, jeltzaleen proposamena estatus berrirako. Bada, itxaron beharko! Harea ekaitz halakoa! Oasi halakoa! Horra, galdeketan Eskoziak aurrera egitea erabaki du, horren beharra pandemiak berak areagotu egin duelakoan. Gure Hegoaldean galdeketa bazter utzi da, pandemian garelako. Hemengo tximeletek hegorik ez duten seinale! Kaosa nagusi.

Eta kopa ekar dezatela, erregea hantxe utzita. Eta kit berean badoaz biak, etengabeko berdinketan aritu daitezela, kopa umezurtz utzita, zer demontre!