Maider IANTZI GOIENETXE
LEKUA
AEK KALERA

Euskaltegiak sendotzearen alde, Euskal Herriko 80 plazatan

Atzo, aurtengo Korrika amaituko zen unean, AEK-k 80 ekintzatik gora egin zituen Euskal Herriko plazetan. 2022ko Korrikaren data ere eman zuen: martxoaren 31tik apirilaren 10era.

Euskaltegietan jo eta ke ari diren ikasle eta irakasleak eskertzeaz gain, «bultzada estrategiko bat» eskatu zien administrazioei AEK-k, Euskal Herri osoko 80 plaza baino gehiagotan egindako ekitaldietan. Albiste pozgarri bat ere eman zuen, 2022ko Korrikaren data. Apuntatu ongi: martxoaren 31tik apirilaren 10era.

Aurtengo Korrika bukatuko zen unean bertan, 12.00etan, ekitaldi xume bat egin zen Euskal Herri osoko plazetan. Helburua euskaltegien aldeko bultzada kalean sentitzea zen, eta herritarrei mezu bat ematea: mende erdi baino gehiagoko ibilbidean, euskaltegiek fruitu oparoak eman dituzte. Azken hamarkadetan euskaldundutako lagunen herenak euskaltegietatik atera dira. Hala ere, oraindik lana dago egiteko, 16 urtetik goitiko biztanleen %55 euskaldundu gabe daudelako.

Ekitaldiak “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamikaren baitan egin ziren, Zuiatik Uztaritzera eta Garesetik Irunera euskalduntze mugimenduaren garrantzia islatzeko. AEKren mezua irakurri zen guzietan eta horretaz gain bi abesti kantatu ziren: Oskorriren “Euskal Herrian euskaraz” ezaguna eta “Lekukoa mingainean” euskaldun berriaren rapa, Arima Berunez Ordain eta lagunek propio hitzordu honetarako egina.

Ekitaldia amaitu orduko, Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak GARAren deiari erantzun zion Iruñeko Gazteluko Plazatik. Ekintzak hagitz ongi joan zirela baieztatu zuen. «Jendeak babestu gaitu eta eguraldiak ere lagundu digu».

Jendarte euskaldun bat amesten badugu, euskaltegi guziak beharrezkoak direla nabarmendu zuten mezuan. Ez hori bakarrik: euskaltegiek sendo egon behar dutela eta baldintza onetan lan egin behar dutela defendatu zuten. Horretarako «bultzada estrategiko bat» eskatu zieten administrazioei.

Iribarrenek argi du euskaltegietako profila aldatu dela. Baina profil ugaritako jendea biltzen da. Aurten, covida dela, 40.000 pertsona inguru ari dira ikasten. Eta urtero 50.000 ikasle pasatzen dira. Zenbaki onak dira. Bigarren loraldi baten premia egon badago, ordea.

Metodologia ere ikasleen behar eta nahietara moldatzen joan da. Baina oinarria bera da: erabilera lantzea. Eta euskal kultura ezagutu eta kontsumitzea. Egiten duten ekarpena itzela da, hiztun aktiboen sortzaile baitira. “Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamikan, apirilaren bukaeran Euskal Herriko hiru administrazio nagusiei gutun bat entregatuko die AEK-k. Bertan, euskalduntze mugimenduak behar dituen baldintzak azalduko dizkiete.

Jendearen diru ekarpenak jasotzen ere ari da aek.eus-en, Korrika atzeratzeak eragin dion zorpetzeari aurre egiteko. «Ez genion gure buruari helburu berezirik jarri, ekarpen guztiak nahi eta behar ditugulako. Gaurko eguna hurbildu ahala, erritmoa hartzen joan da kanpaina, jendeak honen berri izan duelako. Guztiei eskertu nahi diegu». Honekin guztiarekin batera, AEK mota guztietako eragileekin lanean ari da, gobernuen eta herritarren rolarekin batera eragileena ere garrantzitsua baita helduen euskalduntzerako.