Ibai AZPARREN
2021EKO A

KANTUAN ETA ELKAR ZAINDUZ, BALKOIETATIK PLAZETARA

EUSKAL HERRIA BATERA EKIMENAK DEITUTA, 129 HERRITAN BILDU ZIREN EUSKAL HERRITARRAK ABERRI EGUNAREN HARIRA KEINU BAT BATERA EGITEKO. IRUñEAN, «TXORIA TXORI», «GERNIKAKO ARBOLA» ETA «IKUSI MENDIZALEAK» ABESTU AURRETIK, TRIKITI DOINUAK ZABALDUZ ETA GRAFITIA EGINEZ BEROTU ZUTEN PLAZA.

Bizi dugun egoera dela-eta, Aberri Egun berezia izan da aurtengoa ere. Haatik, garai pandemiko honen barruan, urrun geratzen da pasa den urtekoa: iaz nork bere etxean egin zuen, balkoitik balkoira eta leihotik leihora ospatzen, batzuk xingola beltzarekin, hilabeterik gogorrenetan joan zirenen omenez.

Osasun neurriak mantenduta ere, ezberdina izan zen atzokoa, milaka euskal herritarrek 129 plaza hartu zituztelako. Iruñean, Gazteluko Plaza izan zen Euskal Herria Baterak bultzatutako Aberri Egunaren agertokia.

Jardunaldiaren aurretik, Gobernu espainolaren Ordezkaritzak Arrotxape, Txantrea, Mendillorri, Donibane-Iturrama eta Alde Zaharretik abiatutako zutabeak debekatu zituen, baina Gazteluko Plazako ekitaldiari eustea erabaki zuen Euskal Herria Baterak. Horri jarraiki, herritarrei dei egin zien eguerdian plazan biltzeko, 12.15ean, eta bertan izan ziren ehunka iruindar.

Plaza Galiziako, Herrialde Katalanetako, Galesko, Andaluziako, Eskoziako, Palestinako, Korsikako eta, noski, Nafarroako banderaz eta ikurrinez dotoretua, txistulari eta trikitilariek giroa berotu zuten, “Lepoan hartu ta segi aurrera” bezalako abestiak joz. Tarteren batean, antolatzaileek hainbatetan gogorarazi zuten bi metroko distantzia mantendu behar zela.

Iruindarrak zutik eta kantari zeuden bitartean, artista batzuek grafiti bat egin zuten mihise batean «Independentzia» aldarriarekin. Eta «aspaldiko!» askoren artean, 12.30ak arteko itxaronaldia laburra egin zen. Orduan, «komunitate sentitzen garela eta sentitu nahi dugula adierazteko» keinu bat batera egin zuten euskal herritarrek 129 herrietan.

Hala, letrak gogoratzeko zailtasunak zituztenak Euskal Herria Bateraren webgunean sartu eta Gazteluko Plazako gainerakoekin batera, “Txoria txori”, “Gernikako arbola” eta “Ikusi mendizaleak” kantak abestu zituzten.

«Bateratasuna areagotuko duen herrigintza»

Ondoren, Irune Urrak eta Carlos Etxeparek hartu zuten hitza: «Dagoeneko urtea bete duen pandemiak mugatu egin ditu berriro mugitzeko eta elkartzeko genituen aukerak. Gainera, denbora honetan metatu egin dira sufrimendua eta nekea. Ondorioz, gure aldarte kolektiboa ez zen inoizko egokiena ospakizunetarako».

Hala ere, iaz bezala, Euskal Herria Batera ekimenaren proposamenak milaka herritar Euskal Herri osoan berriro ere mugiarazi dituela nabarmendu zuten, «eta keinu bat egin dugu batera, komunitate sentitzen garela eta sentitu nahi dugula adierazteko».

Horrenbestez, iazko irakurketa berretsi zuten aurten ere: «Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko, lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak izango dituena, duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko».

Aurrera begira, Euskal Herriak «bateratasuna areagotuko duen herrigintza» behar duela azpimarratu zuten Urrak eta Etxeparek, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko.

Herrigintza horretan erabili beharko dute, antolatzaileen iritziz, «eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan», herritarren, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko.

«Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa», gaineratu zuten Gazteluko Plazan Euskal Herria Bateraren ordezkariek.

Norabide horretan, Aberri Eguneko dinamika bateratzaile honi eustea baliagarria izan daitekeela uste dute, eta urtean behin keinu bateratua egitea proposatu zieten Euskal Herri osoko herritarrei, hain zuzen, askotariko herritarrak protagonista kolektibo izan daitezen.

Horrez gain, eta jarraipen hutsetik harago, Urrak eta Etxeparek azpimarratu zuten analisia zabaldu egin behar dela, eta aztertu ea «nola lotu daitezkeen egun bateko keinua eta eguneroko herrigintza, zer-nolako aliantzak eta erreferentziak eraiki behar diren hasitako bidean aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko».