GARA Euskal Herriko egunkaria

Biolentzia sexista salatzera karrikaratu dira Biarritzen

Ipar Euskal Herriko Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean, Biarritzen, bezperan ezagutu zen hilketa salatzeko. Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere izanen dira mobilizazioak, Emakumeen Mundu Martxak deituta. 75 urte zituen indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian eragin duen hirugarren hildakoak. 77 urteko senarrak hil zuen. Emazteari eskopetaz tiro egin eta bere buruaz beste egin zuen gizonezkoak.


«Argi utzi nahi dugu ez garela isilik geldituko erasoen aitzinean», adierazi zuen Ipar Euskal Herriko Asanblada Feministak, Biarritzen antolaturiko elkarretaratzean parte hartzera deituz. Deialdiari so eginez, dozenaka lagun elkartu ziren atzo arratsaldean, hiriko Herriko Etxearen aitzinean, bezperan ezagutarazi zen 75 urteko emaztearen hilketa salatzeko.

«Bortizkeria sexistarik ez» zioen pankartarekin batera, «maitatzea ez da hiltzea», «feminismoak ez du inoiz erail, matxismoak bai» eta halako leloak baliatuz salatu zuten Biarritzeko Agilera auzoan gertaturikoa.

Lapurdiko kostaldeko hirian eginiko elkarretaratzeaz gain, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere izanen dira mobilizazioak ondoko egunotan, Emakumeen Mundu Martxak deituta.

Gaur, Bilbon, 13.30ean Arriaga plazan elkartzeko deia egin dute talde feministek; igandean, Gasteizen, 13.00etan, Andre Maria Zuriaren plazan, eta astelehenean, Iruñean, 20.00etan Udal Plazan eta Donostian, 19.00etan Bulebarrean.

«Indarkeria matxistak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak, bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik», adierazi zuen atzo Emakumeen Mundu Martxak ohar baten bidez.

«Horregatik, indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatu eta bakartuan gertatzen diren erasoak, bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara», gehitu zuten kolektibo feministek.

Baionako Fiskaltzak, bere aldetik, «borondatezko homizidiotzat» jo du, lehenengo ikerketen arabera, joan den igande eta astelehen artean Agilera auzoko apartamentu batean gertatu zen hilketa.

77 urte zituen gizonak 75 urteko emaztea eskopetaz tiro eginda hil zuen, eta horren ondotik arma bera baliatuz bere buruaz beste egin zuen.

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak ostegunean baieztatu zuenez, etxebizitzan ustezko erasotzaileak emaztea hiltzeko baliatu zuen eskopeta atzeman zuen Poliziak, baita eskutitz bat ere.

Biarritzen gertaturiko erasoak parekotasun handiak ditu aitzinetik Ipar Euskal Herrian emazteen aurka izandako hainbat erasorekin. Oso urrutira joan gabe, 2020ko maiatzaren 6an 83 urteko emaztea hil zuen 89 urte zituen gizonezko batek Angelun. Ipar Euskal Herriko Kolektibo Feministak eginiko bildumari Biarritzen gertaturiko heriotza gehituz, 2005az geroztik bortxaz hil dituzten 25 emazteetatik 11 tiroz hil zituzten.

Zerrenda osoa zehazteak luze joko luke baina, esaterako, 2019ko ekainaren 25ean, eskopetaz tiro eginda hil zuen 90 urteko gizonak bere emazte Chantal Monte (72 urte) Bardozen, bere buruaz beste egin aitzin.

2019ko ekainaren 19an, 81 urteko Mayi Nervi hil zuen Urruñan 83 urteko Angelo Nervik, eta horren ondotik suizidatu egin zen. Nervirena da Iparraldean eraso sexistatzat hartu zen lehen hilketa. Hala ere, Urruñako Herriko Etxeak ez zuen Nerviren feminizidioa salatu orduan eta Biarritzeko Udala ere isilik geratu zen atzo.