30 AVR. 2021 GUTUNAK Yemengo gerrari ez SARA NICHOLSON ETA JOKIN ALBERDI Gernikatik Mundura eta Gernika Gogoratuz Apirilaren 26an sei urte bete ziren Yemenen bonbardaketak hasi zirenetik. Eta egun berean, 1937an izandako Gernikako bonbardaketaren 84. urteurrena gogoratu genuen, Picassok bere margolan ospetsuan betikotua utzi zuena, gerrek eragindako sufrimenduen ikonoa. Bakearen hiria den Gernika-Lumotik, “World says No to War on Yemen” (Munduak ezetz dio Yemengo gerrari) nazioarteko kanpainarekin bat egin genuen eta data hauen zorigaiztoko kointzidentzia aprobetxatzen dugu, berriro ere, Yemengo gerraren amaiera exijitzeko. Munduko buruzagiei dei egiten diegu Yemenen aurkako erasoa gelditzeko, bonbardaketa berehala geldiarazteko eta blokeoa altxatzeko. Gure buruzagiei, bereziki Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin arma negozioetan ez aritzea eskatzen diegu, eta laguntza humanitarioa eta Yemengo herriarekiko elkartasuna areagotzea. «Beste Gernika» hauekin amaitzeko (Yemen, Siria, Afganistan, Mendebaldeko Sahara, Mozambikeko Cabo Delgado...), pobreziarekin, desberdintasunekin eta gerren negozioekin gauzatzen den milioika biktimen sufrimenduarekin amaitzeko, beharrezkoa da munduko gobernuek armen ekoizpena eta merkataritza kontrolatzeko eta desagerrarazteko akordioak egitea. Industria militarra irauli eta justizia soziala, bakearen kultura eta biziaren defentsarako konpromisoa sustatzen duten jarduera zibilak sustatu. Munduak Yemengo gerrari ezetz dio. Bakea da bidea.