A. AGIRREZABAL

Inkestak: zenbaki deigarrien atzean estrategiak markatzen dituztenak

Zenbatetan entzun eta esan dugu «inkestak baino ez dira» esaldia? Edozein hauteskunderen atarian egunero ateratzen dira eta zenbakiei so egiten diegu: zenbat eserleku irabaziko dituen honek, zenbat galduko dituen besteak edo zer elkarte egin daitezkeen. Eta egia da. Hipotesiak eta kozinatutako datuak izan ohi dira, egun handiko emaitzaren zain.

Baina emaitzak aipatutako zenbaki horiek baino gehiago baldintzatzen dituzten datuak gorde ohi dituzte ifrentzuan. Martxoaren azken astean abiatu zen Eskoziako hauteskundeetako kanpaina eta egun batzuk lehenago YouGovek kaleratu zuen galdeketa hauetako bat. SNPri gehiengoa emateaz gain, gai ugari jorratzen zituen: eskoziarren ia %80 zeuden bigarren erreferendum baten alde eta Brexita eta koronabirusa ziren kezka nagusiak. Orokorrean, ekonomiari nola eragingo dioten da buruhauste gehien sortzen duena.

Eta laster ezagutu genuen Eskoziako Alderdi Nazionalaren programa: bi gaitz eta sendagai bat lerroburutzat. Brexitak eta koronabirusak gogor kolpatu dute Eskozia eta hortik ahal bezain indartsu irteteko, independentzia. Eskoziarren %62k bozkatu zuten Brexitaren aurka eta Erresuma Batuan orokorra da Nicola Sturgeonek pandemia Boris Johnsonek baino hobeto kudeatu duen ideia.

Alde batetik, Brexita iraultzeko estatu independentea izan eta berriz Europar Batasunean sartzea proposatu du SNPk. Eta koronabirusak sortutako krisi sozioekonomikotik irteteko eskuak lotuak dituela azpimarratu du behin eta berriro. Eskuak askatzeko, independentzia.

Baina bazegoen inkesta horretan, lehen begiratuan, ikusten ez zen datu bat. Erresuma Batuko populazioaren %75 lau eguneko lan astearen alde agertu zen. Eta Sturgeonek erronka mahai gainean jarri du. Lau milioi libera gastatuta esperimentu pilotu bat jarri nahi du martxan sektore publikoan, hau ere koronabirusarekin lotuz, pandemiak «gauetik goizera lan egiteko modua» aldatu duela nabarmenduz eta «pertsonek lanaren eta bizitzaren arteko oreka osasungarria lortzea» ezinbestekoa dela erakutsi duela defendatuta. 10 milioi libera ere jarriko ditu enpresek proba egin dezaten. Hori bai, erabateko aldaketa gauzatzeko independentzia beharrezkoa da. Izan ere, Eskoziak ez ditu lan arloko eskumenak.

Maiatzaren 7an ikusiko da benetako inkestaren emaitza, baina gaur arte kaleratutakoek ere baldintzatuko dute eskoziarren etorkizuna, Erresuma Batuaren barruan edo bananduta.