GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Giro izan dadin!


Ez da giro! Arazo guztiak Lurrean dira, kausetan behintzat; baina hainbatetan ortzira begiratu behar, badaezpada, handik zer jausi daitekeen aurreikuste aldera. Batzuetan herrialde handi-mandi batek espazioa merkatuan sartzeko asmoz hara bidalitako suziri baten hondar-zaborra izan daiteke jaustear dagoena. Beste batzuetan ondoko herrialdeak nahita jaurtikitako suziriak jausi-gai, jendea hiltzeko asmoz garatuak, eskerrak minutu batzuk lehenago telefonoz deitzen dutela abisua emanez... Ama, ama! Gerra guztietan du arrazoi gehiago gose gehien duenak!

Ez da giro! Ez eta Khumbu glaziarraren inguruko tontor ospetsuen base kanpalekuetan ere. Ez da, bada, haraino heldu birusa ere! Espedizio komertzial batean joango zen. Himalaistak eguraldiak leiho egokia noiz zabalduko zain egon, ortzira begira, eta birusa dendako atetik sartu... Ez, ez da giro! Eta hemengo oasira etorrita, udaltzain izan gura dutenek ez dute zertan euskara jakin; antza, gaztelera bai, ostera! Kawen errege katolikoak eta euren ondorengoak!... Legea horma, berriro ere! Eta epaileak hormagin! Horiekin ez da giro! Kilometro zeroko legeak behar ditu gure aireak, bertan idatziak, arnasgarri izateko, arnasgunean bizitzeko... politikagatik? Ez, osasunagatik!

Ez da giro gobernu harroputzekin, harrokeria oinarri duten gobernantzekin. Zeren antza du gobernu mota horrek? Autogobernua, ohikoa ezohiko bihurtzen denean, itxurazkoa da; gobernu-autoa “Renove plana” eskatzen ari da, biribilgunetik behingoz ateratzeko, energia berriztagarriekin... ezohikoan neurtzen baita zelakoa den ohiko gobernua. Ez da giro Zaldibarren. Hor ere amaitu alarma egoera. Baina akatsak ez ziren amildu, hor dagoz, nonon, bulegoak aurkitzea da kontua. Eta gerora begira, izen bi horiek izanetan irauteko... bestelako kudeaketa egiteko izanetan. Giro izan dadin!