GARA Euskal Herriko egunkaria
BIDASOAN ITOTAKO GAZTEA OROITU ETA ARDURAK ESKATU DITUZTE

«Ez zaigu berdin bizi seguruago bat bilatzen dutenen destinoa»

Larunbatean Bidasoan, Irunen, hilda topatu zuten gaztea Boli Kostakoa zen, 28 urte zituen eta astebete zeraman muga zeharkatu nahian, gerra eta pobrezia egoeratik ihesi, bizi seguruago baten bila. Baina ibaian ito ziren bere amets guztiak. Omenaldi xumea eskaintzeaz gain, «muga arrazista» behingoz irekitzeko eskatu zuten herritarrek.


Jendetza bildu zen atzo Irunen, Bidasoaren ertzean, bezperan han bertan bizia galdu zuen Boli Kostako gazte migratzailea oroitu eta halako tragediak eragiten dituzten politikak aldatzeko eskatzeko. Azaldu zutenez, mugak ixteak desesperazio egoeretara eramaten ditu hainbat pertsona eta hori gertatu zitzaion Hendaiara iristeko ibaia igerian zeharkatzen saiatu zen 28 urteko lagun honi.

Ekitaldia Azken Portu auzoan egin zen, Santiagoaurrea irlatxoaren parean, ezagunagoa den Faisaien uhartetik ez hagitz urrun. Ibaiaren bi aldeetako kolektiboek deitu zuten elkarretaratzea, Irungo Harrera Sareak, La Cimadek eta Diaketek, besteak beste. Elkarte horiek berek datorren larunbatean eginen duten manifestaziora joatera animatu zuten. Hendaiako eta Irungo udaletxeetatik aterako da zutabe bana, gero Santiago zubian elkartzeko.

Ekimen horrekin, eta atzokoarekin, zera erakutsi nahi dute: «ez zaigu berdin», historian beste hainbatek egin bezala, Irundik bizi hobeago edo, besterik gabe, seguruago baterako atea bilatu dutenen destinoa, Polizia frantsesak gau eta egun hartuak dituen zubi horiek pasatzen saiatuz.

Gerra eta pobreziatik ihesi

Azken Portun izan ziren Hendaiako eta Irungo alkateak, Kotte Ezenarro eta Jose Antonio Santano, hurrenez hurren. Azken honek baieztatu zuen hildako etorkinaren jatorria eta adina. Agertu zuenez, badirudi Kanarietatik Granadara eta handik Madrilera jo zuela maiatzean. Gerra eta pobrezia egoera latz batetik ihesi ailegatu zen gurera. “El Diario Vasco”-k jakinarazi zuenez, Yaya izena zuen eta maiatzaren 15ean Irungo Hilanderaseko aterpetxean eman zuen gaua. 16an handik atera zenetik ez zen haren berririk. Antza denez astebete zeraman muga igaro nahian.

Ekitaldira familiarekin batera joan zen PSEko alkateak «oso larritzat» jo zuen gertatutakoa eta «gauzek sakonki aldatu behar dutela» defendatu zuen. «Eskubideen eta askatasunen Europak ezin du horrela jokatzen segitu». Metro gutxira zegoen Hendaiako alkate sozialista. Hala adierazi zion GARAri: «Lehenbiziko heriotza baten ondotik drama errepikatu da eta horrek berriro elkartu gaitu leku sinboliko honetan, bakearen irla deitzen zaionaren parean, migratzaileentzat ez dagoelako ez bakerako eta ez orokorrean beste deusetarako eskubiderik». Ezenarrok aipatutako lehenbiziko heriotza hori orain dela hilabete eskas Azken Portun bertan urkatuta topatu zuten Eritreako gazte migratzailearena da.

Ibaitik ezin badute, menditik

Hendaiako alkateak ohartarazi zuenez, «gaur Bidasotik saiatzen dira muga pasatzen, baina ezin badute menditik eginen dute, gure aitonek erabiltzen zituzten kontrabandoko bideetatik». Errefuxiatuen ondorengoa da bera, bizi seguruago baten bila muga zeharkatu zutenena.

Santanok bezala, Bruselari dei egin zion Ezenarrok Bidasoaren ertz horretatik: «Egoera hau, bukaerarik ez duen eta gure historian era desberdinetan etengabe errepikatzen den giza drama hau amaitu dadila».