31 MAI 2021 Euskal kirolari gazteak, txundigarri Asier AIESTARAN Futboletik harago, euskal kirolarien lana benetan aipagarria da beste hainbat kiroletan ere. Atzoko eguna izan zen horren adibide onena. Batetik, Clara Azurmendi donostiarrak badmintoneko Austriako Irekia irabazi zuen Grazen, finalean Yaelle Hoyaux frantziarra 21-6 eta 21-14 mendean hartuta. Finalerdietan Irina Amalie Andersen danimarkarraren aurka gehiago sufritu zuen arren (18-21, 21-19 eta 21-15), finala 23 minutuan utzi zuen erabakita Azurmendik. Bestetik, Asier Martinez atleta nafarrak 110 metroko hesi-lasterketa irabazi zuen taldekako Europako Txapelketan. Martinez 13,43 segundoko denborarekin izan zen garaile, orain dela bi aste lortu zuen marka pertsonaletik (13,34) oso gertu geratuz. Garaipen horiek are txundigarriagoak egiten dituena, ordea, protagonisten adina da: Azurmendik 23 urte ditu eta Martinezek, 21 –bera zen atzoko finalean atletarik gazteena–. Etorkizun oparoa dute biek, beraz, eta, Tokioko Olinpiar Jokoak seguru asko goizegi iritsi zaizkien arren, Parisekoetara begira baikor izateko arrazoiak badituzte. Clara Azurmendi badminton jokalariak Austriako Irekia irabazi du eta Asier Martinezek 110 metroko hesi-proba taldekako Europako Txapelketan.