03 JUIN 2021 EUSKAL PRESOAK ESTATU FRANTSESEAN Fiskaltza frantsesaren jarrera okertu egin dela salatu dute abokatuek «Euskal presoen kontrako jarrera sistematikoaz harago, oso zaharrak diren baina euskaldunen kontra inoiz erabili ez diren dispositiboak erabiltzen hasi dira, eta hori oso kezkagarria da», euskal presoen abokatuen iritziz. Xantiana Cachenaut letraduak «torturaren kontrako borrokan atzerapauso izugarria» izan dela ere eman du aditzera. Urruña Estatu frantseseko fiskaltza antiterroristaren jarrerak «okerrera» egin duela salatu dute euskal presoen abokatuek. Hori bai, azkenaldian albiste «onak» ere izan direla nabarmendu du Xantiana Cachenautek. Adibide moduan, Igor Uriarteren kasua ekarri du gogora, lehendabiziko aldiz lurralde debekua kendu baitiote euskal preso ohi bati. Ordea, zehaztapen bat ere egin du letraduak: «Nik ateratzen dudan ondorioa da noizbehinka jarrera positiboa hartzen dutela haien zilegitasuna bermatzeko». Abokatu baionarraren esanetan, «fiskal antiterroristek beti errepikatzen dute printzipiozko jarrerarik ez dutela, beraz, sistematikoki ez dutela jokatzen erakusteko, batzuetan salbuespenak egiten dituzte, horrela kasuz kasu erabakitzen dutela esateko. Baina salbuespen horiek zinez oso urriak dira». Bestalde, fiskaltzaren jarrerak «betikoa edo okerragoa» izaten jarraitzen duela nabarmendu arren, epaile batzuek auzi batzuetan hartu dituzten erabakiak kontuan hartzekoak dira Cachenauten aburuz. Bere iritziz, «erabaki batzuek epaileen artean aldaketa bat eman dela erakusten dute», eta adibide moduan Mikel Barriosen kasua ekarri du gogora, epaitegietan egungo egoera zein den oso argi azaltzen duen kasua: «Epaileek sei bider esan dute Barriosek ez duela espetxean egon behar. Itsasun ongi integratua dagoela onartzen dute, baina prokuradorea beti kontra agertzen da». Badira, Barriosen auzia bezala, Estatu frantsesean diren euskal presoekin lotutako auzien egoera orokorra irudikatzen duten zenbait kasu. Horien artean, bereziki hiru auzi azpimarratzen ditu Cachenautek; Mikel Barriosen, Joseba Fernandezen eta Iratxe Sorzabalen auziak. Kasuok fiskaltzaren egiazko jarrera zein den agerian uzten dute euskal presoen defentsako abokatuen esanetan. Horrez gain, abokatuek iragarri dutenez, «fiskaltzaren jarrera neurtzeko epaiketa interesgarriak izango dira datozen hilabeteetan», izan ere, azken urteetako atxiloketekin lotutako aferak epaituko dira. Esate baterako, 2015eko maiatzean polizia frantsesak Biarrizko etxebizitza batean egin zuen operazioari lotutakoa, non ETAk Nazioarteko Egiaztapen Batzordeari helarazi behar zizkion armak atzemanak izan ziren. Joseba Fernandez • «Fiskaltza harago joan da» Paristik gertu atxilotu zuten 2010eko martxoaren 16an Joseba Fernandez Aspurz eta egun Okzitaniako Muret espetxean dago preso. Defentsak eskumuturrekoarekin baldintzapean askatzeko eskaera egin zuen, baina ukatua izan zen, eta, ondorioz, datorren abuztuan amaituko du Estatu frantsesean betetzen ari den espetxe zigorra preso nafarrak. Fernandezen abokatuek salatu dutenez, euskal preso bati zaintza judiziala aplikatzen saiatu dira lehen aldiz. «Dispositibo zaharra da. Profil jakin bat duten preso arruntekin erabiltzen da, baina inoiz ez da euskal presoekin erabili», azaldu du Cachenautek. Fiskalak eskatzen du zaintza judiziala ezartzeko eta psikiatra batek erabakitzen du aske geratu ostean preso ohiari neurri horiek aplikatu behar zaizkion edo ez. Horregatik, abokatuek salatu duenez, «euskal aferak psikiatrizatu eta alde politikoa ezabatu nahi dute». Fernandezen kasuan, psikiatrak aztertu du eta berretsi du euskal presoak ez duela «berrerortzeko arriskurik», beraz, bertan behera geratu da afera, baina «prokuradoreak urrats hori pausatu izana oso keinu kezkagarria da» defentsako abokatuen iritziz. Izan ere, «fiskaltza harago joan da. Orain arte fiskaltzak Euskal Herriko errealitatea ukatu du, hautetsien hitzak, gizarte zibilaren eskaerak eta aitzinamendu politikoak ez ditu kontuan hartu. Baina orain, aldiz, harago doa, ETArekin lotura izateko delitua berrerotzeko arriskuarekin eta arazo psikiatrikoekin lotzen da». Baldintzapean aske geratuz gero bete beharreko baldintza berberak bete behar ditu zaintza judiziala ezartzen dioten presoak, eta, gainera, zigorra epaileak ezarri zion zigor osoa bete arte luzatzen da. Adibidez, 26 urteko espetxe zigorra ezarri dioten presoa hogei urte igaro ostean kalera ateratzen bada, beste sei urtez bete beharko ditu epaileak ezarritako baldintzak. H.L. Mikel Barrios • «Optimistak izateko arrazoiak ditugu auzi honetan» Berlinen atxilotu zuten Mikel Barrios 2017ko urrian, ETArekin lotura zuelakoan. Estatu frantsesak bere kontrako euroagindu eskaera egin zuen eta eskaera onartua izan zen. Gauzak horrela, bi hilabete egon zen Alemanian preso eta, jarraian, Frantziara eraman zuten, Paris ondoko Osnyko kartzelan espetxeratu zutelarik. Hamar hilabete geroago, 2018ko urriaren 26an, baldintzapean aske geratu zen preso iruindarra. Epaileak hainbat neurri ezarri zizkion, eta, ondorioz, sei hilabete eskumuturreko elektronikoarekin iragan behar izan zituen. Denbora horretan ordutegi zorrotzak bete behar izan zituen. 2020ko ekainean epaitu zuten Barrios eta bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Segidan Mont-de-Marsanen espetxeratu zuten, baina defentsak helegitea ezarri zuen eta lau hilabeteren buruan berriz ere kaleratu zuten. Pasa den urtarrilean epaileak bost urteko espetxe zigorra berretsi zuen. Horrekin batera, gainera, FIJAIT fitxategian sartu zuten. Aitzitik Barriosi lurralde debekua kentzea ebatzi zuen epaileak. Guztira hamalau hilabete egin zituen preso Estatu frantsesean Barriosek eta beste sei hilabete egin zituen eskumuturreko elektronikoarekin baldintzapeko askatasunean. Legearen arabera 24 hilabeteko zigorra betea izan behar zuen erredentzioei esker kalean jarraitzeko, baina, iruindarraren kasuan, bi urteko zigorra betetzera iritsi ez zenez, berriz ere espetxera itzuli beharko luke, bi urteko zigorra bete arte. Ordea, defentsa Dei Auzitegiko prokuradorearekin harremanetan jarri zen kondena berehala exekutatu ez zezan galdegiteko eta horrela lortu zuten Barrios berriro espetxeratua ez izatea. Bien bitartean, epaileak erredentzioak kalkulatu eta Barriosek kalean jarrai zezakeela ebatzi zuen. Erabaki horren aurrean, Fiskaltzak berriz ere helegitea jarri zuen epaileak hartutako erabakiaren kontra eta orain, erredentzioak kontuan hartuak izan arren, kondena zein baldintzetan bete beharko duen erabaki behar dute epaileek. Erabaki hori irailetik aurrera hartuko dute epaileek. Epaileak bi urteko zigorra betetzeko eskumuturra jarri behar duela ebatz dezake. Kasu horretan, iruindarra eskumuturrekoa jartzearen kontra agertuko balitz, berriz itzuliko litzateke espetxera. Barriosen auzian «optimistak izateko arrazoiak» badaudela iritzi dio bere defentsak, izan ere, «zigorren aplikaziorako auzitegiko hiru epaileetatik bi iruindarra kalean mantentzearen aldekoak dira». H.L. Iratxe Sorzabal • «Torturaren kontrako borrokan atzerapauso ikaragarria» Baigorrin atxilotu zuen polizia frantsesak Iratxe Sorzabal, 2015eko irailean. Hamar urteko espetxe zigorra bete behar du Estatu frantsesean, eta urte eta erdiko espetxe zigorra geratzen zaio betetzeko oraindik. Estatu espainiarrak lau euroagindu eskaera egin ditu Irungo presoaren kontra eta horietatik hiru onartuak izan dira, ez ordea, laugarrena. Izan ere, 2001ean Guardia Zibilaren esku jasan zituen torturak aintzat hartuak izan ziren. Parisko Dei Auzitegiak ukatu egin zuen Sorzabalen estradizio agindua 2020ko abenduan. Hots, sinesgarritasuna eman zion epaileak tortura testigantzari eta fiskalak ez zuen helegiterik aurkeztu. Tortura kasuengatik Frantziako Justiziak euroagindu bat ukatzen zuen lehen aldia izan zen. Sorzabalen torturen txostena Nazio Batuen oniritzia duen Istanbuleko Protokoloa oinarri hartuta egin zen. Instrukzioko epaileak adituei eskatutako txostenaren arabera, Sorzabalek 2001ean Guardia Zibilak atxilotu zuenetik jasaten dituen ondorio fisiko eta psikologikoek «irmoki berresten dituzte bere alegazioak». Orain, ordea, Sorzabalen aurkako estradizio eskaera egin zuen epaile espainiarrak beste bide bat ireki du auzi beragatik eta Ikerketa Eskaera Europarra egin dio justizia frantsesari. Hori jakin bezain laster Sorzabalen abokatuak kasua bere gain hartu duen epailearekin harremanetan jarri ziren, auziaren inguruko erabakia jada hartua zela jakinarazteko, epaileak ez baitzuen aurreko ebazpen horren berri. Informazioa biltzeko fiskaltzaren iritzia eskatuko zuela erantzun zuen epaileak eta horrela egin zuen. Fiskaltza antiterroristako buru Jean-François Ricard prokuradoreak egin zuen txostena eta, berau oinarri hartuta, auzi beragatik Sorzabalen aurkako prozesatze autoa abian jartzea erabaki du epaileak. Defentsak «oso larritzat» jo du bai epaileak hartutako erabakia bai fiskalburuaren txostena, aurreko auzian emandako urrats guztiak hankaz gora jartzen direlako. «Fiskalburuak izan duen jarrera lotsagarria da, baina baita berarekin bat egin duen epailearena ere», adierazi du Cachenautek. Tortura salatzea, «estrategia» Fiskaltzaren txostenaren arabera euskal presoek sistematikoki torturak salatzen dituzte «defentsa estrategia bat» delako. Horrela azaltzen ditu Cachenautek Sorzabalen kasuan fiskalak erabilitako argudioak: «Fiskalaren arabera, tortura kasuek ez dute oinarri objektiborik eta gorteetan argi geratu da estrategia bat besterik ez dela. Horren adierazle da beste hiru euroagindu onartuak izan direla. Beraz, fiskaltzak ukatzen du torturaren erabilera eta Iratxeren tortura salaketak gutxiesten ditu». «Ikerketa Eskaera Europarra Espainiako epaile batek luzatzen dio Frantziako fiskaltza antiterroristari, eta honek, aztertu ostean, ikusten badu aurrera segitu behar dela, instrukzioko epaile frantses bat ezartzen du legedia frantsesaren arabera ikerketa egiteko. Euroaginduen kasuan bezala, horrelako eskaerak onartuak izaten dira, baldin eta giza eskubideak errespetatuak izan badira», argitu du Cachenautek. «Ez dago oinarri juridikorik, ez da epaile baten iritzia. Izan ere, beste afera batzuetan onartuak izan diren euroaginduak aipatzen baditu ere, nahita ahazten du aztertutako afera zehatz horretan euroagindua ukatua izan zela», azpimarratu du abokatuak. «Instrukzio faseari amaiera ematen dion autoa da Auzipetze Autoa eta euroagindu baten oinarria izaten da», ohartarazi du Iratxe Sorzabalen abokatuak. Bere esanetan, orain, «Iratxeri notifikatuko diote eta guk ezarriko ditugu ezarri beharreko errekurtso guztiak, baina momentuz ez da datarik». Cachenauten ustez, «larriena da frantses justiziak onartzen duela auzi bat irekitzea tortura zantzuak diren kasu batean». H.L.