GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Madrilek egia ukatzen die GALen biktimei


Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak uko egin zion atzo GALen atzean Espainiako Gobernua egon ote zen ikertzeari, Pili Zabala legebiltzarkide ohi eta Joxi Zabalaren arrebak egindako eskaeraren ostean. Duela urtebete CIAren hainbat dokumentu desklasifikatu zituzten, eta, horietan, Felipe Gonzalez orduko Espainiako Gobernuko presidenteak «terroristak» legez kanpo borrokatzeko mertzenario talde bat sortzea erabaki zuela jasotzen zen. Argitalpenaren ondoren, Zabalak Gonzalezen aurkako kereila aurkeztu zuen, orain Fiskaltzak ikertzea baztertu duena.

Salaketa ez ikertzeko emandako arrazoia gertaerak preskribatuta daudela izan da. Aldiz, kereilaren jartzaileak atzo azpimarratu zuen bezala, gizateriaren aurkako delituak dira ikertu beharrekoak eta Nazio Batuen Erakundeak beti behartzen du krimen horiek ikertzera. Fiskaltzak, aldiz, argudiatu du aurkeztutako elementuek ez dutela justifikatzen salaketan identifikatutako ustezko edozein arduraduni buruzko ikerketarik irekitzerik. Kereilan, CIAko paperez gain, Espainiako inteligentzia zerbitzuen ohar bat ere aurkeztu zuen Zabalak, baita Eduardo Serra orduko Defentsa ministroaren eta Robert Pandreau orduko Frantziako Segurtasun ministroaren adierazpenak ere. Guztiek baieztatzen dute Euskal Herrian jakina dena eta Madrilen inork ikertu nahi ez duena: Espainiako Gobernua egon zen GAL sortzeko erabakiaren atzean.

Fiskaltzaren erabakia Gasteizen Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa inauguratu den astean bertan iritsi da. Biek helburu berbera dute: zenbait biktimaren oroimena sustatzea eta beste batzuen ahanztura bultzatzea. Fiskaltzak, beste behin, argi utzi du Estatuaren indarkeriaren biktimentzat ez dagoela egiarik. Eta egiarik gabe ez dago justiziarik. Espainiako Estatuak gatazkaren ondorioak gainditzeko ekarpenik egin gabe jarraitzen du, gerrarako prestatzen arazo politikoak saihesteko. Nolanahi ere, nahi edo nahi ez, azkenean auziari heldu beharko dio.