GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Dotoreziaz ezin da ihes egin


Edadetuenok behintzat gogoan dugu oraindik argazki hura. 1975eko apirilak 29. Saigongo Gia Long kaleko 22.eko eraikinaren sabaian pausatutako helikopterora sartzeko jende-ilara, soinean daramatena ia beste ezer gabe. Estatubatuarrak eta kolaboratzaileak, antza. Amaitu da gerra, eta galdu egin dute. Etsaia hirian sartzen ari da alde guztietatik.

“Frequent Wind” ihes-operazioaren ekintzetako bat zen. Mitologiarako geratu da irudia estatubatuar enbaxadakoa dela; ez da, baina berdin-berdin zaio. Norbaitek esan zuen gerra galtzea baino kaltegarriagoa izan zela argazki hura. Tira, gerra galdu ez bazen, ez zen egingo argazkia. Eta ezinezkoa da dotore ihes egitea.

Itxuratu, mozorrotu liteke ihesia. Agian, horrexegatik, gutxiagok oroituko dute beste argazki-sorta hura, 1989ko otsailaren 15ekoa. Sobietar akorazatu-ilara luzearen atzetik, azkena, oinez, Boris Gromov jenerala «Adiskidantzaren Zubia» zeharkatzen, Afganistandik Uzbekistango Termez-erantz. Zubi-erdian, mugan, semea zain. Oraindik gorriak ziren banderak alde guztietan, eta erromantizismoz jantzitako itxurakeria. Bizpahiru urte geroago, argi geratuko zen.

Paraje bertsuan, hirugarren ihes-modalitate baten saiaketa egiten ari dira orain Bidenen gizonak. «Azkenak, itzal ditzala argiak» esamoldeak laburbiltzen bazuen orain arte ihesaren filosofia unibertsala, alderantziz egin nahi izan da oraingoan: itzali argia lehendabizi, eta egin hanka isilik ilunpetan.

Azken hegazkin estatubatuarra handik aireratzean jakin da Bagram-eko basea, AEBek atzerrian zuten handiena kasik, Afganistango Armadaren esku geratu dela. Zerbaitetarako balioko balio bezala. Eta Kabulen seirehun bat soldadu amerikar geratzen direla enbaxada zaintzen. Ikusiko dugu noiz arte.

Aliatuek, kontratistek, kolaborazionistek, Afganistango gobernu ofizialak eta «haren» indar armatuek... nork bere kontuak atera beharko dituzte, noski. Argazkirik gabe.

Argazkiak argazki, ihesi joatea eta dotorezia gordetzea ez baitira inoiz bateragarriak izan.