GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Hondarribiko haurrak eta euskara


Gure alaba txikiena, eskolan, hiru urteko gelan dago. Alaba nagusia, berriz, zortzi urtekoan, eta azken mohikanoa da bertan, espainolez ez dakien bakarra, alegia. Haien ikasleekin izandako bileretan gaia izan genuen hizpide, eta eztabaida sortu zen zaharrenaren andereñoarekin:

–Ez dago eskubiderik, seme-alabak Hondarribian dagoen eskola bakarrera ekarri, eta erdaldundu behar!

–Harkaitz, zein da Hondarribiaren gaur egungo egoera? Erdalduna da, ezta? Ba Hondarribiko egoeraren isla da eskola. Eskolak ez du errurik, guraso askoren hizkuntza erdara baita etxean. Zer uste duzu, ez diedala esaten euskaraz hitz egiteko?

–Ez da nahikoa, nik erdaraz entzuten ditut klaseko orduetan ere.

–Ba ikusiko duzu hurrengo urtean, eskolaz aldatzean, orduan bai ez dutela euskaraz egingo.

Ez dit balio eskola Hondarribiko egoeraren isla dela esateak. Hondarribian ezin dira haur euskaldunak bizi ala? Nolabait aldatu beharko da, ezta? Bestela beti joango gara atzerantz. Eta klase garaian eskolako langileen ardura da haurrek euskaraz hitz egin dezatela.

Alaba nagusiak nik ikasi nuen eskola berean ikasiko du. Ezberdintasuna da lehen ikastola izandakoa, eztabaida luzeak izan ondoren, espainiar sistemako «euskal» eskola publikoa dela orain. Hori gertatu zenetik, ez dago haur bakar bat ere euskaraz hitz egiten duenik. Eskolak gehiago derrigortzen du espainola ondo jakitera euskara ondo jakitera baino. Ondorioz, ikasle askok urteak pasatuta ere ez dute euskara ondo ikasten, baina, hala ere, gainditu egiten dute. Izan ere, EGA ere kendu dutenez, «gutxi gorabehera» batekin euskara gaindituta. Beraz, eskolako hizkuntza espainola da, ez duzu haur bakar bat ere euskaraz hitz egiten entzungo, eta, entzuten baduzu, zoriondu mesedez! Nik noizbait egin dut.

Lehengo astean, kiroldegiko kafetegian nintzela, bi ama entzun nituen gaiari buruz hizketan. Sutan zeuden. Ni ere berotuta, elkarrizketan sartu nintzen. Ziotenez, DBHko lehen eta bigarren mailetan euskara oraindik zerbait entzuten bada ere, hirugarren mailan erabat desagertzen da. Haur espainolek euskaldunak erdalduntzen dituzte. Ikastola zegoenean, irakasleak denbora gehiago egoten ziren haurren gainean –«Egin euskaraz!»–, eta klase guztiak euskaldunak ziren. Orain, eskola publikoa besterik ez dagoela, ezin omen zaio haur bati euskaraz hitz egiteko esan, ezin da behartu; funtzionarioak ez daude gauza horietarako. Emakume haietako baten amak kalte-ordainak eskatuko omen zizkion Hondarribiko eskola publikoari, euskaldun sartutako biloba espainolizatzeagatik.

Ez diezazkigutela saldu, bada, hizkuntza normalizaziorik, euskalduntze prozesurik, Euskaraldirik eta horrelako hitz politik, ez baitira egia. «Euskal» eskola publikoak dena espainolizatu du, lan bikaina egin du erdalduntze prozesuan.

Honekin guztiarekin ez dut esan nahi irakasle guztien jokabidea berdina denik, Euskal Herriaren egoeraz arduratzen denik ere badago «euskal» eskola publiko horretan, eta saiakerak egiten dituzte, baina atzera goaz, gauzak oso gaizki egiten ari gara eta sistema espainoleko eskola horrek ez du euskalduntasuna bermatzen. Egoera oso larrian gaude, nahiz eta dirudienez oso gutxi konturatzen garen.

Orain dela hilabete batzuk, Hondarribian bizi den irundar batek esan zidan lehen bazela ezberdintasuna Irun eta Hondarribiaren artean; orain, aldiz, ez. Orain denak espainolez mintzo dira gero eta goizago. Euskara ordeztuta dago, eta behin euskara ordeztuta haur hori ez da euskarara bueltatzen.

Izan ere, Hondarribiko euskararen kale erabilera %32tik %24ra jaitsi da azken hamar urteetan. Haurren artean ere oso erabilera txikia du euskarak: 2016ko neurketaren arabera, haurrak beren artean daudenean %26k soilik erabiltzen dute euskara. Horrek esan nahi du helduarora iristean gutxiago erabiliko dutela, eta, beraz, hurrengo belaunaldiak jaitsi egingo du %24 hori. Ikusi besterik ez dago Hondarribiko haur parkeetan ia ez dela euskararik entzuten.

Lehengo astean, Hondarribiko haur parke batean, hain zuzen, getariar bat hurbildu zitzaidan, alabekin euskaraz ari nintzela ikusita, eta esan zidan:

–Ez da euskararik entzuten, hau normala al da Hondarribian? Ez dut haur bakar bat ere entzun euskaraz, zuek bakarrik. Hondarribia lehen euskalduna zen, zer pasatu da?

–Hemen utzikeria galanta dago, eta ikastolara joan ziren guraso batzuek beren seme-alabei erdaraz egiten diete, nahiz eta jendearen aurrean euskaraz egin disimulatzeko, baina, seme-alabak tontoak ez direnez, etxeko hizkuntzan erantzuten dute, hau da, espainolez.

Alaba handiaren klasean hemezortzi dira. Bi abizen euskaldun dituzten hiru umeez gainera, badira abizenen bat erdalduna dutenak; beste batzuek nazionalitate bikoitza dute, eta badago senegaldar bat, mongoliar bat, japoniar bat, hegoamerikar bat... Hortaz, esan genezake klaseko erdien baino gehiagoren ohiko hizkuntza ez dela euskara. Beste klaseetan ez daude kanpoko jatorria duten hainbeste ume, baina horrek ez nau arduratzen, badakidalako senegaldarrak euskaraz egingo duela, mongoliarrak ere bai, japoniarrak ere bai. Horrek konfiantza ematen dit. Ez zait gustatzen, ordea, bertoko hainbat gurasok, beraiek euskaldunak izan arren, haurrei espainolez hitz egitea, horien umeak baitira klasearen hizkuntzaren norabidea aldatzen dutenak.

Aniztasuna nahi dugu? Ba orduan errespeta dezagun euskalduna ere, bestela ez dago aniztasunik, asimilazioa baizik.

Gure umeek erdal hizkuntzak ere ikasiko dituzte –ez dira espainola ikasi gabe geratuko, ez kezkatu hori bada zuen kezka nagusia–, espainola, frantsesa eta ingelesa jakingo dituzte, baina argi izanda beren hizkuntza zein den, eta besteen azpitik jarri gabe.

Ireki begiak behingoz eta altxa berriro Euskal Herria!