GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Irailaren 13a berriro, betiko panoramarekin


Irun erori zenetik Donostiaren zortea erabakia zegoen eta denbora kontua bakarrik zen hiria tropa frankisten eskuetan erortzea. Beranduago beste Euskal Herriko hiri eta herri batzuek beren zorteari jarraitu beharko zioten eta ezagutu beharko zuten gure herriak, Donostiak, «por Dios y por España»-koen eskuetatik ezagutu zuen sarraskia. Espetxeratuak, exiliatuak, beren eskubide eta jabego ekonomikoetan lapurtuak, beren lanpostuetatik egotziak, eta, batez ere, erailak, fusilatuak, laurehundik gora, izan ziren sarraski horren giza kalterik nabarmenenak. 1936ko irailaren 13tik aurrerako garaia izan zen gure herriak, Donostiak, eta, oro har, Euskal Herriak inoiz ezagutu zuen gogorrena, eskubide pertsonal eta kolektiboen urraketari dagokionez. Oraindik ere asko dira hondamendi horren ondorioekin lotura duten donostiarrak. Frankismoaren krimenen ondorenak ez dira, inola ere, ahaztuta dagoen, edo are gutxiago ahaztu behar den zerbait, batzuek nahiko luketen bezala.

Data hau, irailaren 13a, hurbiltzen denean, garai egokia da frankismoaren errepresioarekin eta memoria demokratikoarekin erlazioa duten gaiak aztertzeko.

Frankismoak ekarri zuen giza eskubideen bortxaketa masiboaren aurrean, gure artean planteatzen diren neurriak, kasu hauetarako mundu osoan eta modu estandarrean, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko garantiaren inguruan gauzatzen dira. Neurri horien artean eta zutabe nagusi bezala, Estatu mailan onartzear dagoen Memoria Demokratikoaren Legea dago. Aurreko Memoria Historikoaren Legea guztiz ez nahikoa bazen, berriaren egitasmoaz ezagutzen ditugun xehetasunak ez dira lasaitzeko modukoak. Justizia eraginkorra lortzeko, hau da, frankismoaren krimenen arduradunak (bizirik gelditzen direnak) tribunaletara eramatearen aurrean, 1977ko Amnistia Legeak jarraitzen du oztopo izaten. Lege hori eta Estatu espainolaren «batasun sakratua» dira bi zutabe ukiezinak Estatuaren ordenamendu juridikoan, eta batzuk berriro Estatu kolpea emateraino prest leudeke, bi zutabe horiek arriskuan ikusiko balituzte. Ondorioz, gelditzen den justizia bakarra justizia morala da. Eta hori ere zalantzan dago, epaiketa frankistak guztiz ezabatzeko edo sinbolismoarekin beteta dagoen Erorien Haranari bere kutsu frankista erabat kentzeko dauden zailtasun objektiboak ikusten baditugu, bi puntu hauek zailtasun horren eredu azaltzeko asmoz.

Puntu horiek guztiek zerbait adierazten badute, frankismo soziologikoaren presentzia sakona da eta honekin ideologia horren pisu gogoangarria gaur egungo gizartean. Eta pisu hori, jatorri frankista duten alderdi politikoek, hau da, nagusiki PPk eta Voxek, ordezkatzen dute. Alderdi horiek ez dira beren ageriko lotura ideologiko (eta biologiko) frankistengatik gizarteak batere interpelatuak sentitzen. Arazorik gabe ibiltzen dira benetako justiziari oztopoak ipintzen, frankismoaren krimenen inguruan planteatzen diren neurri aurrerakoiei etengabe zailtasunak jartzen. Eta hori gutxi balitz, ez da ahaztu behar estamentu judizialean duten eragina. Organo hauen bitartez, askotan beren pisu politikoak ematen ez dien erabakitzeko aukera bide judizialetik lortzen dute.

Lehen, kutsu frankista duten alderdiekiko gizartearen interpelazio falta planteatzen nuen. Zirkunstantzia hau ezin nabarmenago agertzen da gure herrian izan diren beste indarkeria-mota batzuek jasotzen duten tratamendua kontuan hartzen badugu. Horren adibidea, ETAren indarkeriagatik ezker abertzaleari talde politiko batzuetatik egiten zaion interpelazioari begiratu besterik ez dugu egin behar. Ezker abertzaleari etengabeko barkamena eskatzeko beharra eta atzera begirako autokritika egiteko beharraren exijentzia luzatzen zaio. Bitartean, Francoren ministro ohiek eta haren erregimen kriminalarekin lotura zuzena zuten politikariek sortutako alderdi bat, PP, lasai asko dabil gure artean benetako alderdi demokratikoa balitz bezala, inongo presiorik sentitu gabe. Eta bi indarkeriek, ETArenak eta frankismoarenak, ez dute konparaziorik onartzen, hedadurari eta irismenari dagokienez, bigarrena askoz handiagoa izanik.

Aurreko panoramari beste zertzelada bat emateko, egun hauetan Gasteizko «Centro Memorial de Víctimas del Terrorismo»-k ETAk hildako Meliton Manzanas polizia frankista eta torturatzaile ezaguna «polizia inspektore» definitzen du, bestelako konnotaziorik gabe. Gero batzuk harrituko dira frankismoaren ideologia gure artean osasuntsu izateaz. Bide honetan, Carrero Blanco azkar agertuko zaigu «arrantza atsegin zaion almirante» gisa. Testuinguru honetan, ea gaurko Alemanian Reinhard Heydrich, III. Reich-eko SDko eta RSHAko burua, juduen Holokaustoa antolatu zuena (Die Endlösung der Judenfrage-ren antolatzailea), 1942an Pragan txekiar abertzaleek eraila, «III. Reich-eko funtzionario zintzo» gisa agertzen duten galdetu beharko dugu.

Irailaren 13an, Donostiako Ijentea kalean, errepresaliatuen omenez gure ahotsak argi eta ozen elkartuko ditugu.