GARA Euskal Herriko egunkaria

Europa ez da ezer egiten ari haragiaren gehiegizko kontsumoa murrizteko

Haragiaren kontsumoak gaur egungo erritmoan segitzen badu, bere ekoizpena 40 milioi tona handituko da hemendik 2029ra, eta urtean 366 milioi tonara iritsiko da. Egoera aldatzeko, animalia-produktuen ekoizpena eta kontsumoa laurden bat murriztea komeni da.


Biodibertsitatea eta klima babesteko haragi-kontsumoa murriztu beharra dagoela gero eta zabalduago dagoen iritzia bada ere, Europako herrialdeak oraindik ez dira aldaketa hori bultzatzeko neurriak hartzen ari; gazteak, berriz, aldaketaren aldeko dira, atzo argitaratutako “Haragiaren atlasa 2021” txostenaren arabera.

Friends of the Earth Europe-k, Heinrich Boll Stiftung fundazio alemanak eta Bund für Umwelt und Naturschutz GKEak ondu dute dokumentua, eta bertan ohartarazten da egungo joerarekin jarraituz gero, haragiaren ekoizpena 40 milioi tona handituko dela hemendik 2029ra, eta urtean 366 milioi tonara iritsiko dela.

Ingurumenean duen eragina kezkagarria da, kontuan hartuta pentsuak egiteko abereen ekoizpen industriala eta soja-laborantza direla deforestazioaren eragile nagusiak.

«Munduko ezein herrialdek ez du haragi-ekoizpena edo -kontsumoa murrizteko estrategiarik», esan zuen Heinrich Boll Stiftung fundazioko Christine Chemitzek.

Txostenaren arabera, animalia-produktuen (haragia, esnea eta arrautzak) ekoizpena eta kontsumoa gutxienez laurden bat murriztea beharrezkoa da. «Kontua ez da haragia jateari uztea, gutxiago eta hobeto jatea baizik», esan zuen adituak.

Europan haragia kontsumitzeko egungo ereduak jasanezinak dira osasunari eta ingurumenari dagokienez. Hala ere, Europar Batasunak (EB) ez du beharrezko ekintza politikorik martxan jarri haragiaren ekoizpen eta kontsumo eredu jasangarriranzko trantsiziorako.

Estatu espainiarra

Gaur egun, espainiarra da, txostenaren arabera, haragi gehien kontsumitzen duen EBko estatua. Atzetik Portugal eta Alemania egongo lirateke; Eslovakia eta Bulgaria, berriz, beste muturrean kokatzen dira.

Hori kontuan izanda, are kezkagarriagoak dira joan den uztailean Pedro Sanchez presidente espainolak egindako adierazpenak, haragiaren kontsumoaren inguruan arinkeriaz hitz eginez. Alberto Garzon (Unidas Podemos) Kontsumo ministroa Estatu espainiarrean haragiaren kontsumoa murriztearen alde mintzatu zen, besteak beste, eritasun larriak eragin ditzakeelako, eta Sanchezek erantzun zion «txuletoi bat bere puntuan» jatea «gaindiezina» dela, komunikabideetara benetako arazoa baztertzen duen polemika antzu bat eramanez.