GARA Euskal Herriko egunkaria

7,1eko lurrikara batek Mexiko astindu eta hildako bat eragin du


Richter eskalako 7,1 graduko lurrikarak Mexikoko hegoaldea eta erdialdea astindu zituen astearte gauean. Guerrero estatuan, Coyuca de Benitez herrian, linea elektrikoaren zutoin bat erori zen lurrikararen ondorioz eta pertsona bat hil zuen.

Dardara astearteko 20.47an (tokiko ordua) gertatu zen, eta 23.00 arte, Guerreroko 7,1eko sismoaren 92 erreplika erregistratu ziren; handiena 5,2 gradukoa, Zerbitzu Sismologikoak gehitu zuenez.

Itsas Idazkaritzako Tsunamien Alerta Zentroak jakinarazi zuen ez dela espero itsasertzean tsunamirik sortzea.

Agintariek adierazi zuten hildakoaz gain ez dela hondamen larririk gertatu. Hirietan kalteak sortu ziren, errepide batzuk kolapsatu ziren eta sistema elektrikoan mozketak gertatu ziren, eta eten labur batzuk egin ziren garraio publikoan, hala nola Mexiko Hirian, ehunka pertsona atera baitziren etxetik alerta sismikoa piztu ondoren.

"Epizentroa Acapulcon, Guerreron, erregistratu zen; zorionez, ez da kalte larririk izan estatu horretan. Gauza bera Morelosen, ez dago kalterik Oaxacan, Pueblan, ez dago kalte larririk Mexiko Hirian», esan zuen Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak hildakoaren berri izan aurretik.

Aurrekariak, gogorrago

Duela urtebete pasatxo, 7,5 graduko lurrikara gogor batek herrialdearen hegoaldea astindu zuen. Oaxaca izan zen epizentroa orduan, baina Mexiko Hirian eta beste eskualde batzuetan ere sentitu zen. Orduan, dardarak sei hildako eta hogei zauritu utzi zituen.

Bestalde, orain lau urteko irailaren 7an ere, 8,2 graduko lurrikara baten ondorioz 98 pertsona hil ziren.