GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Suizidioa: estigmak hautsi, gizarte erronkari heldu


Irailaren 10a da Suizidioaren Prebentziorako Nazioarteko Eguna, gure artean egunero ematen den errealitate gordina ikusarazteko helburuarekin antolatzen dena. Datuak eguneroko krudeltasun horren adierazgarri dira: Hego Euskal Herrian urtean 200 baino gehiago dira bere buruaz beste egiten duten pertsonak. Era berean, profesionalek ohartarazten dutenez, erietxeetan artatutako suizidio saiakerak ere asko dira.

Parametro horietan kokatuta, argi dago suizidioaren prebentzioan eta gaiaren inguruko kontzientziazioan lan egitea ezinbestekoa dela. Askotan tabu gisa tratatua izan den osasun mentalaren garrantzia biluztu dute azken hilabeteotako hainbat gertakarik. Tokioko Olinpiar Jokoetan Simone Biles gimnastak emandako urratsak eta haren adierazpen zintzo zein gogorrek mundu zabalera eraman zuten auzia; ostean, beste hainbat kirolarik eman zioten segida eztabaida mahai gainean jartzeko saiakerari. Bitartean, pandemiak utzitako ondorio psikologikoen aztarna gero eta nabarmenagoa da. Gazteen Euskal Behatokiak abuztuan argitaratutako datuen arabera, pandemia hasi zenetik %50 handitu dira osasun mentalarekin lotutako gazteen ospitaleratzeak. Horien artean, anorexia, antsietatea eta suizidiorako joerak nagusitu dira. Ez da baina gazteen arazoa soilik, helduen artean ere hor dago konfinamenduak eta pandemiaren beste ondorio batzuek eragindako ondoez psikologikoa. Osasun sistema arazo horri aurre egiteko prest egon behar da.

Datuok uzten duten argazkia aski ez, eta ezinbestean hitz egin behar da ere osasun mentalari eta suizidioari buruz aritzean nagusitzen den estigmaz. Luzaroan ezkutuan mantendu dira egoerok, bizi dituzten norbanakoen bizkarrean pisu handiagoa ezarriz eta gizarte bezala egin beharreko lanketa zailduz. Ildo horretan, arlo honetako profesionalek egiten duten lana azpimarratu behar da. Eztabaida mahai gainean jartzeko orduan iparrorratz dira eurak ere, erronka hau gainditzeko ezinbestekoa baita tabua apurtzea, gaia modu integralean lantzea eta, estigmetatik aldenduz, auziari aurre egiteko borondate irmoa izatea.