Ion SALGADO

Zortzi hilabeteko borroka eredugarria, Aiaraldetik haragoko astindua

Joan zen otsailean, Tubacexeko langileek greba mugagabea abiatu zuten. Orduan nekez pentsa zitekeen hainbeste luzatuko zenik. 24 orduko bi lanuzte egin ondoren, otsailaren 15ean, Laudioko eta Amurrioko langileak kalera atera ziren euren lanpostuak defendatzeko eta esateko ez zutela onartuko enpresak iragarri eta 150 langileri eragiten zien enplegua erregulatzeko espedientea.

Egun horretan bertan hasi zen Tubacexeko langileen borroka, kaleetan eta bulegoetan. Izan ere, langile batzordeak hasieratik kritikatu ditu enpresak erregulazio espedientea aurkezteko erabilitako «aitzakiak». Krisiaren atzetik ez dela «egiturazko arazorik» salatu eta askotan esan du egoera koiunturala zela. Hala, aldi baterako neurriak eskatu ditu etengabe, langile guztien lanpostuak babestuz.

Negoziazioak aurrera egiten zuen bitartean langileek autokarabanak eta manifestazioak deitu zituzten, eta Ertzaintzaren errepresioa pairatu zuten hasiera-hasieratik. Otsailaren 23an Lakuaren agindupeko poliziek bi lagun atxilotu zituzten Laudioko lantegiaren sarreran izandako liskarretan. Langileek ez zuten etsi, eta, martxoaren hasieran, auzokideen elkartasuna jaso zuten. Lanuzteak izan ziren Aiaraldean eta ehunka herritarrek parte hartu zuten gehiengo sindikalak deitutako manifestazioetan, langile batzordeko kide baten esanetan, «badakitelako ez dela bakarrik gure arazoa, eskualde guztiaren arazoa da».

Enpresaren jarrera ikusita, auzitara jotzea erabaki zuten langileek martxoaren 9an. Hurrengo egunean bertan, enpresak kaleratzeei ekingo ziela ohartarazi zuen. Hamabost egun eman zituzten langileek kaleratuen zerrendaren zain. Guztira 129 lagunek galduko omen zituzten beraien lanpostuak. Mobilizazioak biderkatu eta elkartasun sarea zabaldu egin zen. PCBko langileen babesa jaso zuten beharginek Barakaldon izandako manifestazioan, eta, martxoaren 22an, Aiaraldeko hamazazpi enpresatako langile batzordeak batu ziren kaleratzeen aurka.

Beharginen eta Ertzaintzaren arteko istiluak behin eta berriro errepikatu ziren Tubacexeko lantegien sarreretan, eta, martxoaren 27an, dozenaka lagunek itxialdia abiatu zuten Amurrioko elizan. Grebalariak «guztion duintasuna eta etorkizuna» aldarrikatzen ari zirela nabarmendu zuen EH Bilduko diputatu Oskar Matutek. Apirilean, protesta Bilbora heldu zen, eta milaka lagun bildu ziren hiriaren erdigunean «adostutako irtenbidea» aldarrikatzeko. Tamalez, apirilaren 15ean kaleratzeak gauzatu egin ziren, eta horren aurkako martxa hasi zuten langileek. Gasteizen amaitu zen, Legebiltzarraren aurrean, eta Ertzaintza bertan bildutako jendetzaren aurka oldartu zen. Poliziaren jokabide «neurrigabe eta gehiegizkoa» salatu zuten.

Hurrengo asteetan manifestazioak izan ziren Sestaon, Bilbon, Laudion eta Barakaldon. Eta ekainaren 2an Aiaraldeko bizilagunak kalera atera ziren berriro enpleguaren alde. Ekainaren 17an elkarretaratzen bat egin zuten Amurrion, martxoaren 25ean egindako protestetan piketeetan parte hartzeagatik epaitu zituzten hiru laguni elkartasuna adierazteko. Beste hainbat mobilizaziotan bezala, Ertzaintzaren kargak izan ziren.

Hurrengo astean erregulazio espedientearen aurkako epaiketa hasi zen EAEko Auzitegi Nagusian. Erabakia uztailaren 6an ezagutu zen: kaleratzeak baliogabetu zituzten epaileek. «Gertaeren kontakizuna ikusita, konbentzimendu osoa dugu esateko kaleratze kolektiboa covid-19aren pandemiari lotuta dagoela, sindikatu demandatzaileek dioten bezala», adierazi zuten epaian. Enpresak helegitea aurkeztuko zuela adierazi zuen eta langile batzordeak grebari eutsiko ziola. Manifestazioa egin zuten, kaleratuak berriro lanean hartzeko eskatzeko eta herritarrei eskerrak emateko. Langileen irmotasuna ikusita, kaleratuak berriz ere lanean hastea onartu zuen Tubacexek, baina helegitea aurkezteko erabakiari eutsi zion. Ordutik negoziazioak aurrera egin du eta, irailean, zuzendaritzak helegiteari uko egiteko aukera mahaigaineratu zuen, langile batzordeak akordio bat sinatzekotan. Horrela heldu zen irailaren 30eko aurreakordioa; biharamunean, grebaren 233. egunean, enpresa batzordearen gehiengoak, ELA eta CCOO sindikatuen botoekin, ontzat eman zuen, oso alde estuarekin (7-6).

Atzo berriro bildu zen enpresa batzordea eta akordioa berretsi zuen, langile guztiek batera asanblada bat egiteko proposamena baztertuta. 236 eguneko grebari bukaera emango diote, horrenbestez, astearte honetan.