Amaia EREÑAGA
BILBO
SGAE-K OHOREZKO DOMINA EMAN DIO ALFONSO SASTRERI

«Aita euskal askapenaren alde zuen konpromisoagatik baztertu zuten»

Alfonso Sastre beti izan zen sortzaile deserosoa Estatu espainiarreko kultur munduarentzat, batez ere euskal askapen mugimenduaren alde erakutsi zuen jarreragatik. Horixe bera irakur zitekeen lerro artean atzo Bilbon SGAEk egin zion aitortza ekitaldian. Aitari emandako hil ondorengo ohorezko domina Juan Sastre Forest semeak jaso zuen.

Joan den irailaren 17an hil zen Hondarribiko etxean Alfonso Sastre, Euskal Herriak izan duen intelektualik handienetarikoa. Eva Forest (1928-2007) emaztearekin batera ezker abertzalearen eta, oro har, euskal mugimendu askatzaileren alde erakutsi zuen konpromisoa deseroso egin zitzaien askori. Zentsura, kartzela eta bazterketa jasan behar izan zuten. Sarietan urri, Alfonso Sastrek utzitako antzezlanek, saiakerek, gidoiek eta olerkiek –«oso poeta ona zen, eta hori ez da oso ezaguna», Juan Sastre semearen esanetan– corpus ikaragarria osatzen dute. Eta hori aitortu beharra dago. Ezinbestean aitortu behar dute.

«Historiak merezi duen onespena eta balioa emango dio Alfonso Sastreri, ukaezina baita Europako eta Estatuko ahotsik handienetarikoa izan zela», aipatu zuen atzo Fermin Cabal SGAE Estatuko Autoreen eta Editoreen Elkarteko presidenteorde eta Alfonso Sastreren lagunak. Omenduagatik, «gaizki ulertutako gizon handia» zela aipatu zuen, baita deserosoa zela eta «politikak egoera desatsegin askoren aurrean» jarri zuela ere.

Sastreri 80ko hamarkadan Estatu espainiarreko sari nazionala eman ziotenean, gauzak aldatuko zirela espero zuen Cabalek, baina «Alfonsoren aurkako ahotsak piztu ziren berriro, baita PSOEren barnean ere, eta Alfonsoren ‘konfinamenduak’ bere horretan jarraitu zuen».

«Zazpigarren egunean...»

SGAEk martxoan adostu zuen ohorezko domina emango ziola Alfonso Sastreri, «XX. mendeko espainiar antzerkiaren egile adierazgarrienetakoa, bere literatur ibilbide luze eta oparoagatik, olerkia, saiakera, antzerki kritika eta zinema ere barnean hartzen dituena». Baina, azkenean, ezinezko egin zitzaien omenaldia garaiz egitea idazlearen osasun egoeragatik.

«Azken urtean itzaltzen joan zen», azaldu zigun Juan Sastre semeak. «Ez zuen maite elkarrizketak ematerik, ezta jada lagunekin egoterik ere. ‘Esaiezu pixka bat gainezka nabilela’ esaten zidan. Nekeagatik zen dena. ‘Jainkoa bezalakoa naiz, zazpigarren egunean, atseden hartu’ zioen. Oso goxo joan zaigu, eta hori oso garrantzitsua da, sufritu gabe joan delako. Nik oraintxe bertan sinatuko nuke horrela bizitzea eta horrela hiltzea».

Aita gizon osoa zuen. «Beti borrokatu zuen justiziaren alde, eta justiziaren eragina pairatu behar izan zuen bere gain –aitortu zuen–. Bere jarrerengatik baztertu zuten; hau da, bere giza konpromisoagatik eta euskal nazioaren ikuspegiagatik, euskal askapen borrokaren alde zuen konpromisoagatik»

Alfonso Sastrek, halere, «politikari gorrotoa zion», semearen esanetan. Hau da, «politikari, politika bezala, gorrotoa zion, baina bere konpromisoa oso nabaria zen». Eta zer irudituko zitzaion atzoko omenaldia? «Ondo, oroitzen naiz ohartxo bat idatzi zuela ohorezko domina emango ziotela jakin zuenean. Bukaeran hau jarri zuen: ‘Antzokietan ikusiko dugu elkar!».

«Autorearen etxeko giltzak»

Campos antzokiko atzoko ekitaldian, SGAEko zenbait bazkideri “autoreen etxeko giltzak” ere eman zizkieten, elkartean bazkide gisa 50 urte baino gehiago egiteagatik. Aitortza jaso zutenen artean izan ziren Enrike Zelaia akordeoilari eta folklorista altsasuarra, Sabin Lopez de Guereño konpositore bilbotarra (“Ikusi mendizaleak” kantaren egilea) eta Carlos Zubiaga kantari bilbotarra, Mocedades eta Consorcio taldeen fundatzailea.