GARA Euskal Herriko egunkaria
EUROLIGA

Onenaren esperoan, txarrenerako ere prest


Aspaldiko partez jendetza bilduko da gaur gauean, Buesa Arena pabiloian, 20.30etik aurrera, Saski Baskoniak Armani Milanoren aurka jokatu beharreko Euroligako bigarren jardunaldian.

Kirol kazetaritzak sarri aipatzen duen «gau magiko» bat izatea espero da, gasteiztarrek segidan galdu dituzten hiru partidek laga duten aho-zapore garratza behin betiko alde batera lagatzeko besterik ez bada ere.

Asteon semea –Wade Baldwin V.a– jaio berritan, bere aita, Wade Baldwin IV.a, jokatzeko moduan egongo da, Olympiacosen eta Manresaren aurka taldetik at geratu ostean. Hala, Baskoniak aurtengo urteari begira fitxatu duen buruzagietako bat berreskuratuko du, eta, bide batez, jokalariak Gasteiztik joan nahiko lukeela zioten zurrumurruak isildu ere bai.

Hala, gasteiztarrengandik onena espero behar da; are gehiago, Armani Milanoren aurka. Bederatzi bider jokatu dute talde biek Gasteizen eta balantzea 7-2koa da, euskal taldearen mesedetan. Lombardiako taldeak Zurbaon irabazi zuen azken aldia 2017/18 denboraldian izan zen: 82-83 nagusitu ziren.

Lastima da, bide batez esanda, jokatu gabe geratu zen partida bakarra 2019/2020 denboraldiko hura izan zela, Luis Scola beste behin, kanpoko taldearen kamisetarekin izanda ere, jokatzen ikusteko aukerarik gabe geratu zirelarik zaleak.

«Nicolo Melli» faktorea

Baskoniak onena emango duen itxaropena dauka zaleak, bolada txar hau behar baino gehiago luzatu ez dadin. Baina badaezpada, txarrenerako ere prest egotea komeni zaio.

Euroligako jardunaldi bakarra jokatu da orain arte, baina Baskoniak 75-50 galdu bazuen Olympiacosen kantxan, Armani Milanok 84-74 irabazi zion Moskuko CSKA ahalguztidunari.

Sergio Rodriguez eta Shavon Shields izan ziren Milanekoen saskiratzailerik onenak, 17na punturekin, baina NBAtik itzuli berri den Nicolo Melli izan zen egiaz partida desorekatu zuena.

Baloraziorik altuena eskuratu zuen hegal-pibotak, 15 puntu eta aurkariei atera zizkien 9 pertsonalei esker. Azken aldian, Baskonia defentsan eta errebotea zaintzeko orduan gorriak ikusten ari da, eta Melli aztia da zeinahi akatsi etekina ateratzen.