GARA Euskal Herriko egunkaria

LAS GARDENIAS, MEXIKOKO BIHOTZAREN HARROTASUNA

Urtean behin jokatzen dute, Asisko Frantziskoren egunean, Mexiko Hiriko Tepito auzoak bere patroia ospatzen duenean, alegia. Emakume transexualontzat lorpenik handiena auzotarren «onespena» da, auzoa oso matxista baita. Babesleku dute Las Gardenias futbol taldea.


Babesleku eta borrokaleku. Babesleku, guztiak Las Gardenias futbol taldean elkartzen direlako, kanpoko erasoetatik “urrun”. Eta borrokaleku, beraien aldarrikapenek oihartzun handiagoa izateko balio dielako. Izan ere, Mexiko Hiriko Tepito auzoko Las Gardenias futbol taldeko kide guztiak emakume transexualek dira. Ez da talde berria, mendi erdiko historia baitu dagoeneko atzean. Bada, mende erdia igarota, auzotarren «onespena» jaso izana da taldekideentzat lorpenik handiena.

Mexiko Hiriaren erdialdean dago Tepito, herrialdearen bihotzean, alegia. Eta Maracana futbol zelaira sartzen dira Las Gardenias taldeko jokalariak urtero-urtero urriaren 4an. «Beste auzo batzuetan ere badaude emakume transexualen taldeak. Baina Tepiton matxismoa oso presente dago egunerokotasunean, eta auzo kementsua dela jakinda –Mexiko Hiriko auzorik «basatiena» dela aipatzen da–, emakume transexualek osatutako talde bat egotea eta auzotarrek gu errespetatzea harrigarria da», nabarmendu zuen Melany taldeko aurrelariak Efek jasotako adierazpenetan. Lehen aldiz, bederatzi hilabeteko haurra partida ikustera eramateko aukera izan zuen eta hunkituta zegoen.

Auzo arriskutsua da Tepito eta, segurtasun arrazoiak tarteko, bertara sartzea bera ere ez da beti erraza. Nolanahi ere, Asisko Frantziskoren egunean Las Gardenias taldea Maracana estadiora zelairatzen denean, dibertimendua, futbolarekiko grina eta jokalariekiko miresmena nagusitzen dira.

Jessica da Tepitoko taldeko jokalarietako bat. LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna eman nahi dio taldeko kide izanda, baina baita kirola egiteari berari ere. «Kirol gehiago egin nahi dugu, kirola sustatu nahi dugu LGTBI+ komunitatearen barruan. Lanean, ikasketetan, kulturan edo kirolean ere existitzen garelako», azaldu zuen. Gogotsu zen oso, pandemiaren ondorioz zelaira irteteko aukera gutxi izan baitituzte azkenaldian.

Lehen urratsak, izugarri gogorrak

Orain miresmena, errespetua eta onespena aipatzen dituzte, baina bidea ez da batere erraza izan. «Egun anekdota gisa konta dezaket taldekideekin lehen aldiz zelaira irten nintzenean aitak ostikoka atera ninduela! Matxismoa puri-purian zegoen auzoan. Baina ez zidan axola izan eta berriz ere itzuli nintzen jokatzera», gogoratu zuen taldeko aurrelariak.

Melanyk bezala, gainontzeko taldekideek ere entretenimendu gisa jokatzen zuten futbolean haurrak zirela. Las Gardenias taldearekin hasi ziren gauzak serioago hartzen. Taldea babesleku gisa hartu zuten, askatasunez bizitzeko eta gizartean merezi duten espazioa aldarrikatzeko. Egun leku askotatik deitzen diete jaietan, kantxak inauguratzeko edo kirol ekitaldietan parte hartzeko. Gauzak pixkanaka-pixkanaka aldatzea lortzen ari dira. Nolanahi ere, oraindik ikuskizun «folkloriko» gisa zelairatzen dira maiz, eta, beraz, badago zer hobetu.

Naomi Camacho duela hamabost urte batu zen taldera. Taldearen sorkuntzak auzoan «iraultza» eragin zuela adierazi zuen “Latinus” hedabidean emandako elkarrizketan. Onartzen du beraientzat futbol partida bat baino gehiago «ikuskizuna» dela urriaren 4ko urteroko hitzordua, baina uste du beraien parte hartzeak auzoak LGTBI+ kolektiboa onartzea ekarri duela: «Lehen kaletik nindoala edozer esaten zidaten, sekulako irainak jasotzen nituen. Egun ez, orain errespetuz hitz egiten didate auzotarrek. Belaunaldi berriei bidea ireki diegulakoan nago».

«Lehen gure aurkako oldarkortasuna askoz handiagoa zen; isekak, tratu txarrak ohikoak ziren, kolpatu egiten gintuzten edo oihu egiten ziguten. Etengabe iraintzen gintuzten, orain ez. Auzoak ateak ireki dizkigu. Asko babesten gaituzte, asko mimatzen gaituzte, estimu handiagoa jasotzen dugu», nabarmendu du Jessicak. Orain auzoan «oso maitatua» sentitzen da, gazteagoa zenean batere ondo pasatu ez bazuen ere.

Tepito auzokideen arteko batasunagatik nabarmendu izan da historikoki; hori dela eta, auzokideek, lehenago edo beranduago, LGTBI+ kolektiboko pertsonak ere onartzea ezinbestekoa zen. Izan ere, izatez, horrelakoak dira: beren jendearekiko leialak. Egun, maitasun hori Las Gardeniaseko jokalariak zelaira irteten diren bakoitzean nabaritzen da, baita partida bukatzean ere –ia beti irabazi ondoren, beraiek harro azaltzen duten bezala, markagailua gutxienekoa bada ere–. Las Gardeniaseko loreek tolerantzia usaina zabaltzen dute, Tepito auzo kementsuak bere argi-itzalekin nekez galduko duena.