GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

«Oso zaila da pilota hauekin errestatzea»


Aitor Elordiren aurkako partida amaitu berritan esan zuen eta atzo, larunbatean Bergaran Peio Etxeberriaren aurka jokatu bezperetan, berretsi zuen Jokin Altunak bere ustez azken urteetan materiala asko azkartu dela eta horrek bereziki zaildu egiten duela Lau eta Erdikoan sakeei erantzutea. Hori litzateke, amezketarraren aburuz, azken partidetan ikusi ditugun takada handien arrazoi nagusietako bat eta indarrak are gehiago parekatzen direla ere uste du.

«Nik uste errestatzea denoi asko kostatzen ari zaigula; materiala oso azkarra da eta pareta ukituz gero, oso zaila da errestatzea», azaldu zuen amezketarrak. «Lehenago ez dakit, baina nik debutatu nuenetik materiala asko aldatu da. Nire lehen urteetan oroitzen dut eta partidak ikusita oraindik ere argiago ikusten dut, botera askoz gehiago jokatzen zen. Gaur egun denek jokatzen dute oso oldarkor eta ez da erraza. Ikusten ari gara nahiz eta ondo errestatu ia ezinezkoa dela bitik pilota kentzea eta edonork egin diezazuke takada handi bat».

Atzoko aukeraketan ez zen materialarekin zalaparta handirik izan, baina ez zen adostasunik egon ere; Altunari Zenotzekoaren pilota bat bizia iruditu zitzaion eta Peio Etxeberriari, berriz, atzoko saskian normalean baino pilota baxuagoak zeudelairuditu zitzaion. 

Partida oso garrantzitsua dute biek aurrean, irabazteak –Bilbon Bengoetxea eta Elordik egiten dutenaren arabera– finalerdietarako txartela eman baitiezaieke. Ultzamarrak erosoago gainditu zuen Oinatz Bengoetxea Balmasedan eta ez du gehiegi pentsatu nahi lehen aldiz finalerdietan egoteko aukeraren inguruan.

Piloteoan deseroso

Egungo txapelduna, ordea, dezente estutu zuen Elordik Eibarren, baina partida atera izanarekin pozik agertu zen amezketarra. Aurrelari gipuzkoarrak ez zuen gehiegi aztertu nahi izan Astelenan egindakotik zer hobetu beharko duen, hein handi batean Elordik egindako partida handiari meriturik kendu nahi izan ez ziolako, baina onartu zuen piloteoan deseroso aritu zela eskuinarekin.

«Piloteoan abiadura eman beharko diot pilotari, hori izan zen egin ez nuenetako bat. Normalean nahiko erritmo jartzen dut eta aurrekoan ez nuen asmatu, Aitorri eskura ematen nion eta berak mina egiten zidan. Nik uste gehiago dominatu behar dudala, hori da giltza».

Jokin Altunaren iritziz, indarrak jendeak uste baino askoz orekatuagoak daude, batez ere pilotari guztien maila nabarmen hobetzen ari delako. «Baina ni ere hobetzen ari naiz urterik urtera».