19 OCT. 2021 GUTUNAK Ikasleen arazoak eta EHUren lehentasunak JON FERNANDEZ GONZALEZ Aspalditik agerikoa da nola EHUk bere interesen kontrako arazoak lehenesten dituen. Bertan ikasten duen edonork segur aski nabaritu du nola dituen arazoak alde batera uzten diren eta nola jartzen den fokua bestelako «arazoen» gainean. Arroka baten azpian bizi ez diren pertsona gehienek, nonbait entzungo zuten azken asteetan EHUko Leioako campusean egondako bi gertakariak. Batetik, makrobotiloi baten ospakuntza, eta, bestetik, tiroka aritu den ikaslearen berria. Gutxi esan daiteke festaren inguruan, gaur egungo anti-gazte mugimenduaren urrats bat gehiago baino ez da, estatu Espainiar osoan erraz ikus daitekeena. Gazteak gaur egun deabruak dira; eskerrak duela hogei urte eguna partxisera jolasten pasatzen zutela! Burua ondo koka dezagun. Festa alde batera utzita, ezinbestekoa da aipatzea lasaitzeko modukoa dela zauriturik egon ez izana EHUko azken gertakarian, nahiz eta gazteak horrelako intentziorik ez izan, horrelakorik gertatzea posible baitzen. Informazio hori egiaztatu egin beharko litzateke, baina hainbat komunikabidek aipatu dute gazteak bere buruaz beste egiteko asmoa zuela hasiera batean. Hori gertatu izan balitz, inori ere ez litzaioke axolako. Egoera ikusita, beharrezkoa da bai gazteentzat bai biztanleriarentzat orokorrean arreta psikologiko publikoa eta kalitatezkoa eskatzea. Gaur egungo egoera ezagututa, ez dago soberan esatea EHUk fokua ikasleen benetako arazoetan jarri behar duela, esaterako: matrikulen prezio altuak, beka nahiko ez egotea, beka eskatzeko prozesu luzea (urrats ugariz osatutakoa jendea bidean geratzeko), aplikazio zaharkituak edukitzea eta aldi berean Martera zaborra bidaltzea, eta konpondu gabeko ikasleen hainbat eta hainbat kezka. Ondorio bezala, esan beharra dago EHUk bere arazoen lehentasuna birpentsatu behar duela, ikasleak eta gazteak aliatu moduan ikusiz; ikasteko asmoa daukaten pertsona bezala. Ikasleek, beren partetik, unibertsitatea ikusten dute ente abstraktu bat bezala. Ikuspuntu onak hautatzeko garaia da, ez galdu aukera, EHU.